Adreilutik ihesi

Kutxabankek bere balantzeko higiezin aktiboen erdiak saldu dizkio AEBetako inbertsio funts bati.

Bankuak 930 milioi eskuratuko ditu salmentari esker
Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidentea eta fundazioetako presidenteak, Billalabeitiren beraren aurkezpen ekitaldian.
Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidentea eta fundazioetako presidenteak, Billalabeitiren beraren aurkezpen ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Ivan Santamaria - Iker Aranburu -

2014ko abenduak 19
Etxebizitzaren burbuilatik geratzen zitzaion digestioa arintzeko, urrats garrantzitsua egin du Kutxabankek. Bankuaren higiezin agentzia, Neinor taldea, eta balantzean dituen higiezin aktiboen erdiak AEBeko Lone Star inbertsio funtsari salduko dizkio, 930 milioi euroren truke. Baimen administratiboak traba ez badira, heldu den apirilaren 30erako itxiko da salmenta.

Krisia piztu zenetik etxebizitza sustapen ustelak eta ordaindu gabeko kredituen ondorioak kudeatzen aritu dira finantza erakundeak. Ekainera arteko kontabilitatearen arabera, higiezinei lotutako 4.537 milioi euro ditu kredituetan Kutxabankek. Horrekin batera, beste 1.265 milioiren aktiboak bereganatu ditu, kreditu kobraezinen ondorioz.

Eraikin eta etxebizitza sustapen horiei irtenbidea ematen saiatu da bankua. Horretarako, orain dela bi urte Neinor Barria higiezin agentzia sortu zuen. Horra 1.500 milioi euroren aktiboak lekualdatu zituen. Agentzia horretan arriskurik handiena duten aktiboak pilatu ditu: 50 sustapen inguru. Horietatik gehienak, Kordobako CajaSurretik iritsitakoak, 2010. urtean BBK-k erosi zuen aurrezki kutxa. Halaber, Neinor agentziak berak beste 371 milioiren aktiboak kudeatzen ditu. Bi agentzien artean 200 milioi baino gehiagoren galerak izan zituzten joan den urtean.

Akordioaren arabera, Lone Star funtsak Neinor taldearen egitura osoa hartuko du, langileak barne. Neinor, Inverlur, CajaSur Inmobiliaria eta Valle Romanoko talde komertziala. Azken hori Gipuzkoako Kutxak Malagako kostaldean sustatu zuen luxuzko turismo gunea da. Erabaki horren bidez, Kutxabankek higiezinak zuzenean sustatzeari utziko dio. Izan ere, oraindik bankuaren balantzean geratuko diren etxebizitza aktiboak ere kudeatuko ditu Neinorrek etorkizunean.

Agentziarekin batera, aktibo multzo handi bat ere erosiko du Lone Star funtsak. Zenbait iturritatik hartuko dira. Beste holding bat sortuko du Kutxabankek, eta bere higiezinen negozioko zenbait ataletatik aktiboak eskualdatuko ditu horretara. Neinor, Neinor Barria edo bankuaren balantzean dauden higiezinak izango dira. Salmenta bururaino eramaten denean, horien jabetza osoa eskuratuko du funtsak. Zeintzuk izango diren aktibo horiek eta zenbat balio duten ez dute zehaztu.

Lau eskaintza

2014. urtea hasi bezain pronto ekin zion Kutxabankek operazio hau diseinatzeari, Proyecto Lion izenpean. Lau eskaintza aztertu zituen bankuak —horien artean, Goldman Sachs—, eta azkenean Lone Star aukeratu du. Inbertsio funtsaren egoitza Dallasen dago (Texas, AEB). Orain dela hemeretzi urte sortu zen, eta gaur egun 36.600 milioi kudeatzen ditu. Fundatzaileak, John Graykenek, kreditu ustelak erosi eta irabaziak lortzen dituen ospea du. «Antzeko operazioetan» zuen esperientzia aintzat hartu du Kutxabankek akordioa ixteko, eta Alemaniako, Irlandako, Frantziako edo AEBetako higiezin krisietan izan duen indarra azpimarratu du. Lone Starrek sektoreko beste finantza erakundeekin loturarik ez izatea ontzat jo du bankuak.

Desinbertsioari esker, higiezin aktiboetan dituen arriskuak gutxitu eta «benetan dakien hori» egiten lagunduko diola uste dute Kutxabankekoek. «Finantza kudeaketa, higiezinen sustapenerako kredituen zorroa eraginkortasunez kudeatzea». Zuzenean kudeatuz gero, halako aktibo salmenta lortzeko gutxienez hiru urte erabili beharko zituela uste du finantza erakundeak. Gainera, hasiera batean, etxebizitzari lotutako balizko kreditu ustelak estaltzeko horniduren kopurua murriztea ahalbidetuko dio bankuari.

Ez da Kutxabankek aurten krisiaren ondorioei lotuta egin duen operazio bakarra. Joan den ekainean kobratu ezin zituen mailegu pertsonalak saldu zizkion beste funts bati, 340 milioi euroren truke. 60.000 mailegu ziren, horietatik %60 CajaSurrek emandakoak. Eragiketa horrek ELA eta LAB sindikatuen kritika eragin zuen, «funts putre batekin» isilpean negoziatzeagatik. Sektorean ohiko jarduera zela argudiatu zuen Kutxabankek.

Aparteko diru sarrera

Balantzea hobetzeari erabateko lehentasuna eman dio azken urteotan Kutxabankeko zuzendaritzak. Batetik, ez dira gutxi izan egindako desinbertsioak, batez ere zenbait enpresatan bankuak zituen akzioak. Hori bai, atzo iragarritako higiezinen salmenta guztien artetik handiena izan da. Bestetik, erreserbak gehitu ditu, emaitzetatik. Berez, bankuak ez du kapital faltarik. EBZren azterketen arabera, 2.100 milioi zituen sobera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna