Antibiotikoen abusua, guztiontzat kaltegarria

Antibiotikoekiko erresistentziaren ondorioz, desagertzear zeuden hainbat eritasun berrindartu egin dira, adituak eta osasun agintariak ohartarazten ari direnez. Automedikazioa, erabilera desegokia eta abeltzaintzako abusuak dira arazoaren motibo nagusiak, eta haien gaineko kontzientziazioa handitu egin behar da.

Onddoei aurre egiteko gai den selbamizina antibiotiko berri baten aurkikuntzan eginiko ikerketa lanak. EFE.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Gurean zeharo desagertzeko bidean ziren gaixotasunak berrindartzen ari dira. Gero eta nabarmenagoa da tuberkulosia, malaria eta halako eritasunen intzidentzia, bakterioen antibiotikoekiko erresistentziagatik, besteak beste». Hala ondorioztatu du Lierni Txintxurreta EHUko farmazia graduatuak (Donostia, 1994) bere gradu amaierako lanean. Alegia, botika horien abusuak eta erabilera desegokiak bakterioen erresistentzian eragin dute, eta defentsen indarra kaskartu. Are gehiago: OME Osasunaren Mundu Erakundeak baieztatu du «bakterioen antibiotikoekiko erresistentzia munduko osasunarentzat egun dagoen mehatxurik handienetako bat» dela. OMEk, gainera, pneumonia eta gonorrea ere sartu ditu suspertzen ari diren gaixotasunen zerrendan.

«Bakterio guztiak ez dira eritasunak sortzeko gai; soilik bakterio patogenoek sor ditzakete», gogorarazi du Txintxurretak. Halaber, gaineratu du bakterio horiek gorputzaren defentsak gainditzen dituztenean gaixotasunak sortzen direla; antibiotikoak desoreka hori berdintzeko mekanismoak dira. Alegia, «bakterio patogeno horiek hiltzen edo haien hazkuntza eteten» duten substantzia kimikoak dira.

Erresistentzia bizkortu da

Bakterioen antibiotikoekiko erresistentzia fenomeno naturala da. Antibiotikoen erabilera okerrak, ordea, prozesu saihetsezin hori bizkortzea ekarri du. Prozesu horri heldu dio Txintxurretak ikerketan: Espektro zabaleko antibiotikoen arrazoizko erabilera: pazientearen segurtasuna eta erresistentziaren problema. Gaur egun egiten den antibiotikoen erabilera desegokiaren eta abusuaren berri eman du Txintxurretak, hori baita bakterioen erresistentzia errazten duten kausetako bat. Pazienteen automedikazioa eta tratamenduen jarraitze ez-zurruna dira erabilera okerraren bi adibide nagusiak. Baina adierazi du soberan duten antibiotikoen kontsumoa eta medikuak emandako argibideak ez betetzea ere jokabide errealak direla.

Osasun arloko profesionalen jardunak ere eragina du bakterioen erresistentzian. Askotan, ikertzailearen ustez, erabiltzaileei ez zaie «behar bezala» ematen hartzeko erari buruzko informazioa, eta behar ez diren kasuetan ere ematen zaizkie. Horiek ez dira atzeman dituen kausa bakarrak: «Batzuetan, prebentzioan ere jarrera okerrak izaten dira, eskuen, osasun materialen edo ingurunearen garbiketa desegokiarengatik».

Azkenik, abeltzaintzak baliatzen dituen antibiotiko kantitateaz ere ohartarazi du, animaliek hartzen dituzten antibiotikoak kontsumitzaileen organismora iristen baitira. «Produktibitatea handitzeko asmotan, gehiegi erabiltzen dira askotan, eta ezjakintasuna da nagusi antibiotikoekiko erresistentziaren inguruan», ondorioztatu du.

Ondorioen gaineko kezka

Horiek dira gizakietan bakterioek erresistentzia garatzeko kausak; alabaina, horrek sortutako ondorioek eduki dezakete eragin handiagoa; antibiotikoen erabilera normalizatu edo gehiegizkoak berekin ekar dezake infekzio batean medikamentu horien efektua baliogabetzea. Ondorioz, lehenago tratamendu bidez hiltzen ziren mikroorganismoek immunitatea dute zenbait antibiotikoren aurrean. Horregatik, orain berriz zabaldu daitezke jada gutxitan agertzen ziren gaixotasun batzuk, eta, haiekin batera, arriskua.

Malaria, pneumonia, gonorrea eta tuberkulosia dira adibiderik garbienak, dagoeneko ahaztuta zeuden gaixotasunen itzulera ekar baitezake fenomeno horrek. Horren inguruan, Enrique Peiro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikorako programen koordinatzaileak esan du bakterioen erresistentziak ez duela zertan «gehitu gaixotasun kasuak». «Euskal Herrian, esaterako, inoiz desagertu ez bada ere, oso tuberkulosi kasu gutxi izaten dira, baina baliabiderik gabe egon gaitezke horrelako gaixotasun kasu batzuetan, hori gertatzea oso arraroa den arren». Orduan, kasuak gehitzea arazo bihurtuko ez bada ere, kasuen arriskua handitu daiteke.

Herritarren osasunean eragin zuzena izateaz gainera, beste arlo batzuetan ere ondorioak izan ditzake fenomeno horrek; esaterako, osasun sisteman eta ekonomian. «Erresistentzien ondorioz, gaixoek egun gehiago egiten dituzte ospitaleratuta», adierazi du Txintxurretak. Guztion kalterako da. «Gainera, kostua ere handitzen da, antibiotiko espezifikoago eta garestiagoen beharra baitago». Horregatik, prebentzioa ezinbestekoa da, albo ondorioak ahalik eta txikienak izateko.

Irtenbidea«guztion ardura»

Gertaera horrek ez du irtenbide soil bat. Hainbat arlo hartzen dituenez, antibiotikoekiko erresistentzia prebenitzea «guztion ardura» dela azpimarratu dute Txintxurretak eta Peirok. Osasun arloan lan egiten duten profesionalekin hasi eta norbanakoarenganaino iristen den prozesu bat da hori. Herritarrak horrek dakartzan problemez jabetzea da eginkizun garrantzitsuena, automedikazioa baita horren etsai nagusietako bat. Gaiaren gaineko kontzientziazioa «derrigorrezkoa» da, Peiroren ustez. «Medikuek jarraipena egin arren, herritarrek bat egiten ez badute, alferrik da».

Ildo horretan bat datoz OME, Txintxurreta eta Peiro, eta «optimizazioaren» garrantziaz ohartarazi dute. «Behar denean behar den antibiotikoa» erabiltzea da egin beharrekoa: eraginkorra den hori. «Nahitaezkoa ez denean eta medikamentu okerrak erabiltzen badira, infekzioei kontra egiteko baliabide gabe» gelditzea dakar, Peirok adierazi duenez. «Esaterako, gripe batean ez da egokia antibiotikoak erabiltzea, antibiotikoak ez baitira eraginkorrak birusen aurka».

Infekzioen prebentzioan osasun arloko langileek duten erantzukizuna ere nabarmendu du Txintxurretak. Langile eta zentroek higiene baldintzak ziurtatu behar dituzte; medikuek, berriz, antibiotikoak desegoki erabiltzeak izan ditzakeen ondorioen berri eman behar dute, eta erresistentziaren inguruan kontzientzia sortu. Tratamenduaren gainetik «prebentzioa eta ikerketa» nabarmendu behar direla nabarmendu du Peirok. Bestela, infekzioetan «armarik gabe» geratzeko arriskua dago. Horraino ez iristea izan behar dute helburu osasun sistemetatik abiatzen diren plangintzek. Hala ere, zenbaitetan «soluzioa azken belaunaldiko antimikrobianoak erabiltzea litzateke»; horregatik, «ikerketa nahitaezkoa da» erresistentzia garatu duten bakterioen aurkako medikamentuak garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.