EBren arabera, Trumpen politika da giro ekonomiko onak duen arrisku nagusia

Negu gordinari egotzi dio urte hasierako moteltzea, eta iragarri du hazkundeari eutsiko zaiola. AEBetako zerga jaitsierak eta protekzionismoak kezkatzen dute

Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Mezu positiboak zabaldu ditu Europako Batzordeak udaberriko aurreikuspenetan. «Ekonomia sasoi onean dago», Pierre Moscovici Ekonomia komisarioaren arabera: hazkunde tasa azken hamar urteotako handiena da; langabezia jaisten ari da herrialde guztietan, kontu publikoak onbideratzen... Giro ekonomiko on hori zapuzteko arriskuak izen bat du: Donald Trump. Atzo, Bruselan, Moscovicik ohartarazi zuen Trumpek bultzatutako zerga jaitsierek eta politika protekzionistak kalte egin diezaioketela mundu osoko ekonomiari.

2017. urtea «azken hamar urteetako onena» izan zen: %2,4 hazi zen ekonomia, bai Europako Batasuna osatzen duten 28 estatuetan baita eurogunean dauden hemeretzietan ere. Gainera, ezohiko zerbait gertatu zen: herrialde guzti-guztiek izan zituzten tasa positiboak, Grezia ardi beltza ere zenbaki positiboetara itzuli baitzen (+%1,4).

2018. urtea ere bide horretatik joango dela espero du (%2,3), nahiz eta urteko lehen hiruhilekoan hazkundea moteldu egin den:%2,8tik %2,5era urte arteko tasan, eta %0,7tik %0,4ra hiruhileko artekoan. Europako Batzordeak uste du moteltze hori «aldi baterakoa» dela, eta «negu gogorrari» egotzi dio, kontsumoa jaitsi duelako herrialde batzuetan.Bruselak iragarri du hazkunde erritmoa berriro handituko dela hurrengo hilabeteotan, eta datorren urtean iritsiko dela moteltze «arina» —%2ko hazkundea espero du 2019an—.

Malta (%5,8) eta Irlanda (%5,7) dira aurten gehien haziko diren lurraldeak, eta Erresuma Batuaeta Italia (%1,5), berriz, gutxien haziko direnak. Estaturik populatuenei dagokienez, Polonia %4,3 haztekoa da, %3 Herbehereak, %2,9 Espainia, %2,3 Alemania eta %2 Frantzia.

Langabezia 2008ko abenduko mailara jaitsi da eurogunean, eta Moscovicik iragarri zuen gehiago jaitsiko dela datozen hilabeteetan. Agian mantsoago jaitsiko da, herrialde batzuetan langabezia maila teknikora iritsi baita, eta lanpostu batzuk betetzea baita orain erronka. Txekiar Errepublikan, esaterako, %2,4ra da jaistekoa, %3,6ra Alemanian eta %3,8ra Herbehereetan. «Inoiz ez da hainbeste jende lanean egon», gogorarazi du komisarioak, baina onartu ere egin du hegoaldeko herrialde batzuetan langabezia tasa oso handia dela: %20,1 espero du aurten Grezian, %15,3 Espainian eta %10,8, berriz, Italian.

Hazkundearen eskutik, herrialde guztiak kontu publikoak txukuntzen ari dira. «Historikoa da. 1999an diru batasuna indarrean jarri zenetik, euroguneko kide guztiek %3tik beherako defizita izango dute 2018an». Eurogune osoan %0,8ko defizita izango da aurten, eta zortzi estatuk superabita izango dute beren kontuetan.

Zorra ere behera doa. Aurten BPGaren %84ra iritsi beharko luke, 2014an goia jo zuenean baino hamar puntu beherago.

Arriskuak Trump du izena

Aldagai horiekin guztiekin, Moscovici ausartu zen esatera EBk eta euroguneak « krisiaren orria pasatu» dutela. Baina ohar garbi bat ere egin zuen: «Ez da garaia sofan eseri eta erlaxatzeko».

Izan ere, komisarioak uste du handitu egin direla ekonomiak okerrera jotzeko arriskuak. Kanpotik datoz arrisku horiek; Washingtonetik, hain zuzen ere. Donald Trump AEBetako presidentearen bi politikarekin dago kezkatuta Brusela.

Batetik, onartu du Trumpek bultzatutako zerga jaitsierak «epe motzeko» hazkundea bultzatuko duela, baina baliteke ekonomia gehiegi berotzea, AEBetako interes tasak bizkor igoaraztea eta kapital mugimendu bortitzek «nazioarteko finantza merkatua desorekatzea».

Trumpen bigarren arriskua bere merkataritza politika da.«Protekzionismoa ez da irtenbidea; arazoak besterik ez ditu sortzen. Ezin du egoera normal berria izan», ohartarazi zuen Moscovicik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.