Madrilek 215 milioi itzuliko dizkio Nafarroari, bi urteotan gehiegi ordaindu duelako

Akordioaren arabera, 510 milioi euro da 2015eko ekarpena, eta 498 milioi, berriz, iazkoa. Aranburuk eta Montorok azpimarratu dute «akordio oso ona» dela
Mahaiaren alde batean, Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria, eta bestean, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa, atzo, Madrilen.
Mahaiaren alde batean, Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria, eta bestean, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa, atzo, Madrilen. FERNANDO ALVARADO / EFE

Joxerra Senar -

2017ko abenduak 28
Ia hiru urteko atzerapenarekin dator akordioa. Atzo Madrilen Espainiako eta Nafarroako gobernuek 2015etik 2019ra bitarteko ekarpenaren kalkuluaren hitzarmena sinatu zuten. Bi administrazioek azken bi urteotako ekarpenak finkatu dituzte: 2015ekoa 510 milioi izango da, eta iazkoa 497 milioi euro. Hala, Nafarroak azken bi urteetan gehiegi ordaindu zioenez estatuari, Madrilek orain 215 milioi euro itzuli beharko dizkio. Aurtengo kopuruari dagokionez, laugarren hiruhilekoko azken ordainketa egitea falta zaio foru ogasunari, baina bi aldeek behin-behinean 509 milioi euroko kopurua adostu dute; Ogasun Ministerioak urte hasieran erreklamatutako 627 milioi euroetatik oso urrun.

Atzo, 18:00etan, Ogasun Ministerioaren egoitzan zuten hitzordua bi gobernuetako ordezkariek. Nafarroaren izenean, Foru Ogasun Departamentuko zuzendariekin batera, Mikel Aranburu Ogasun kontseilaria eta Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordea zeuden. Espainiako Gobernuaren izenean, Ogasun Ministerioko zuzendari nagusiak zeuden, eta denen buru Cristobal Montoro ministroa.

Behin akordioa izenpetuta, pozik agertu zen Mikel Aranburu. Haren ustez, «akordio ona da finantza egonkortasuna emango baitio Nafarroako Foru Erkidegoari». Madrilen zegoela jakinik, Aranburuk zehaztu zuen Nafarroaren finantzaketarako erreminta dela Hitzarmen Ekonomikoa, eta «jada tradizio historikoa» duela, 1841ean duelako jatorria. Montororen borondate ona eskertu zuen, eta onartu zuen 2019ra arteko joko arauak zehaztu izanak «arindua» eman diola.

Montororen irudiko, «oso akordio ona da» bai nafarrentzat eta bai espainiarrentzat. «Akordio honek erakundeen arteko finantza harremanak normalizatzen ditu, eta administrazioen artean zentzurik ez duten gatazkak saihesten ditu». Harren ahotan,«normaltasuna» izan zen gehien errepikaturiko hitza.

Hainbat berritasun dakartza atzoko akordioak. Espainiako Gobernuak 2012an sektore elektrikoaren gaineko zerga ezarri zuen, eta, geroztik, Nafarroan haren bilketaz foru ogasuna arduratzen da. Dena den, urtero bildutako 30 milioi euroak estatuari itzuli behar dizkio. Orain bi administrazioek hitzartu dute ekarpenaren kalkuluan sartzea eta haren bidez itzultzea. Kontabilitatean berritasun hori aintzat hartu gabe, 2015eko ekarpena 479,9 milioi euro litzateke. Kopuru hori bat dator foru ogasunak iaz egindako azterketa batekin —haren arabera, gehienez 494 milioi euro pagatu behar zituen 2015ean—.

Era berean, erregaien gaineko zergaren inguruko doikuntzak dira beste berritasuna. Zerga horren joan-etorria kalkulatzerakoan, orain arte, Nafarroan bildutakoaren kalkulu bat egiten zuten bi administrazioek, eta horren arabera zehazten zen nork nori zenbat ordaindu konpentsazio gisa. Haatik, 2013tik teknologiari esker administrazio bakoitzari dagokion bilketa zehazteko modua dago, eta lau urteotako diruaren joan-etorriak Iruñearen aldeko doikuntza utzi du: Madrilek lau urteogatik 69,5 milioi euro itzuli beharko dizkio.

Horrez gain, Ogasun Ministerioak Nafarroak azken bi urteetan gehiegi ordaindutakoa itzuli beharko du. Behin 2015eko 510 milioi euroko ekarpena finkatu denez, 2016koa ere zehaztu dute bi aldeek eta, hartara, azken bi urteetako aldea pagatzea dagokio estatuari: 145,5 milioi euro, alegia.

Azken batean, akordioak hiru urteko atzerapena izan duenez, ekarpenaren zenbatekoaren inguruan desadostasun handiak izan dituzte hala Espainiako nola Nafarroako gobernuek. Aurreko bost urteetako kopuruaren eguneratze indizea aplikatuta, Espainiak 591 milioi euro erreklamatu eta ordainarazi zizkion Nafarroari; 2016an koska 613 milioira igo zuen, eta aurten 627 milioira igotzeko asmoa zuen. Gatazka hartan UPN Madrilen tesiarekin lerrokatu zen.

Akordioarekin, kopuru horiek apaldu egin dira. 2016ko ekarpena 497,7 milioi eurotan geratu da behin betiko. 2017ko ekarpenari dagokionez, behin-behinean 509 milioi euroko kopurua hitzartu dute. Iganderako foru ogasunak laugarren hiruhilekoaren ordainketa egin behar du, eta bertan zehaztuko dira diruaren joan-etorriak. Kopuru horien inguruko nondik norako guztiak gaur goizean argituko ditu Mikel Aranburu ogasun kontseilariak Iruñean.

Lehen erreakzioak

Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidentearen eta Geroa Baiko presidentearen arabera, akordioa «mugarri» bat da, eta erakutsi du 2015ean egindako behin-behineko ordainketetan Nafarroak «gehiegi» pagatu zuela. Horregatik, haren ustez, «berebiziko garrantzia du» akordio hori lotu izanak.

UPNko Jose Javier Esparzaren arabera, akordioak «Nafarroaren elkartasuna islatzen du». Espainiako Gobernuaren «leialtasun instituzionala» goraipatu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna