Etxeko langileek salatu dute Jaurlaritzak ez dituela bete legebiltzarraren eskaerak

Sektoreko langileen egoerari buruzko ikerketa egiteko epea amaitu dela ohartarazi dute. Kexu dira kontziliazio laguntzarik gabe jarraitzen dutelako
Saray Artze eta Lorea Ureta, Etxeko Langileen Elkarteko bozeramaileak, atzo, Bilbon.
Saray Artze eta Lorea Ureta, Etxeko Langileen Elkarteko bozeramaileak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urtarrilak 26
Haserre daude etxeko langileak Eusko Jaurlaritzarekin. Gutxietsi eta baztertu egiten dituela salatu du Etxeko Langileen Elkarteak (ELE). Izan ere, urte bat beteko da laster Eusko Legebiltzarrak etxeko langileen egoeraren inguruko ikerketa bat abiatzeko eskaera egin ziola Jaurlaritzari. Txosten hori abiatzeko bederatzi hilabeteko epea ematen zion gobernuari, «baina oraindik ez dute abiatu ere egin», Lorea Ureta ELEko bozeramaileak jakinarazi duenez.

Ez da hori ELEren kexu bakarra erakunde publikoekin. Etxeko langileei kontziliaziorako laguntzak eskaintzeko proposamena eraman zuen iazko maiatzean legebiltzarrera, eta «EAJk, PSEk eta PPk osatutako aliantzak atzera bota zuen aukera hori». Horren ordainetan, laguntzen bideragarritasunaren inguruan ikerketa bat abiatuko zela hitzartu zuten legebiltzarkideek. Azaroan igaro zen hori indarrean jartzeko epea, baina kasu horretan ere, ezer ez. «Gaur-gaurkoz, etxeko langileek laguntza horiek gabe jarraitzen dute».

Hirugarren kexu bat ere plazaratu zuen atzo ELEk, kasu horretan, lan osasunarekin lotuta. 2016ko ekainean, legebiltzarrak galdegin zion Gasteizko gobernuari Osalanen bitartez ongi zenbatzeko etxeko langileek izaten dituzten lan istripuak. Sektorean gutxieneko segurtasun baldintzak zeintzuk diren azaltzeko gida bat ere eskatu zuten parlamentariek. Bi eskaera horiei administrazioak eman dien erantzunarekin ez dago gustura ELE. Batetik, ez du sinesgarritzat jotzen Osalanek etxeko langileen istripu tasa, 2,4 ezbehar mila langileko. «Antzeko lanetan agertzen den tasatik oso urrun dago hori», dio elkarteak. Bestetik, Osalanek kaleratutako gida «langileei eta parlamentuaren eskakizunari egindako burla bat da». PDF soil bat da, ez da paperean argitaratu eta ez da Osalanen beste gidekin batera azaltzen. «Ez da harritzekoa ezkutatuta izatea, ez duelako balio, eta ez duelako inolako formakuntzarik ematen».

Parlamentuaren laugarren eskaera bati muzin egin izana egotzi dio ELEk Eusko Jaurlaritzari. Hiru aldiz eskatu diote Lan Ikuskaritzak kontrola ditzala enplegu agentzia pribatuek sektorean duten esku hartzea. Ez dute, ordea, kontrolik sumatzen. «Oraindik ere langile batzuek esaten digute bitartekariek eta enplegu agentziek legez kanpoko enpleguak ematen dizkietela, ez dizkietela eskubideak errespetatzen eta kasu batzuetan hileroko soldataren zati bat kentzen dietela».

Horregatik guztiagatik, ELEko eledunek adierazi dute etxeko langileak «diskriminatuta» daudela. «Jaurlaritzak une honetan nahiago du beste alde batera begiratu, eta zaintza zerbitzuetan egin beharreko inbertsiorik ez egin». Iragarri dute Emakundera eta Arartekora joko dutela egoera horren berri emateko.

ELEk aholkularitza zerbitzua eskaintzen die etxeko langileei, eta, horren bidez, sektorearen erradiografia bat egiten du. Iaz, 506 pertsonaren 546 zalantza jaso zituzten. Horietatik %97,3 emakumeak ziren, eta %60 etxean lo egiten duten langileak. Lan mota hori egiten duten pertsonen artean, %71,56k astean 60 ordutik gora egiten dute lan, eta behargin horien herenek ez daukate egunero dagokien atseden ordurik etxetik irteteko. Areago, etxe barruan lo eginda lan egiten duten zaintzaileek astean 36 ordu jarraian atseden hartu behar dute legez, bada behargin horien %30ek bakarrik daukate horretarako aukera.

Soldatari begiratuz gero, egoera ez da asko hobetzen. Etxeko langile gehienek astean 60 ordutik gorako lan asteak dituztela kontuan hartuta, gutxieneko soldata 1.267 euro izan beharko luke. Bada, %79,82k gutxieneko soldata horretatik beherako ordaina jasotzen dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna