Tiroak tiroen truke

Kairoko negoziazioek huts egin orduko, Hamasen buruzagi militarrak jarri ditu jomugan Israelek.

Beste 10.000 erreserbista frontera deitu nahi ditu Tel Avivek
Jende ugari bildu zen atzo Hamaseko hiru buruzagien hiletan, eta protesta egin zuten Israelen aurka.
Jende ugari bildu zen atzo Hamaseko hiru buruzagien hiletan, eta protesta egin zuten Israelen aurka. MOHAMMED SABER / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 22
Jada ez du balio diplomaziak, ez eta moralitatearen inguruko galderek ere. Gazako blokeoa amaitzeko elkarrizketek huts egin ondotik, Israelgo Gobernuak ez du estrategiarik erakusten; bai, ordea, asmo argi bat: Hamasi ahal beste kalte egitea, min handiena egiten dion guneetan. Kairoko elkarrizketak hautsi eta ordu gutxira, negoziaziokide izandako horiexek jarri ditu jomugan. Atzo goizaldean Hamaseko hiru buruzagi militar hil zituen armadak Rafah inguruan; haietako bi Gaza hegoaldeko erresistentziaren arduradunak ziren.

Manifestazio jendetsuak egin dituzte palestinarrek, eta Israelek «garesti» ordainduko duela ohartarazi dute Al-Qassam Brigadek, Hamasen adar militarrak. Hilketa selektiboek are gehiago behartzen dute Gazako tentsioa: Israelek negoziazioekin daukan konpromiso faltaren adierazletzat jotzen dituzte. Herenegun, elkarrizketak amaitutzat jo eta gutxira, Mohammed Deif Al-Qassam Brigadetako buruaren etxea bonbardatu zuen armadak. Hamasek jakinarazi duenez, Deif ez zegoen etxean, baina bai haren emaztea eta bi seme-alaba txiki. Hirurak hil dituzte.

Deifek urteak zeramatzan Israelen etsaien zerrendan, atzo hildako hirurek bezalaxe. Besteak beste, Gilad Shalit soldaduaren bahiketan nahastu dituzte, eta aukera suertatu orduko bonbardatu dituzte haien etxeak. B'tselem giza eskubideen aldeko elkartearen arabera, armadak gutxienez hamasei familia bonbardatu ditu bi hilabeteotan, ustez Hamaseko kide bat etxean zegoelako. Eraso horietan, denera 458 lagun hil dira, 214 adingabe tartean.

Netanyahuren saria

Denera, Hegi Babesgarria operazioa hasi zenetik, Israelgo indar armatuek 2.049 palestinar hil dituzte Gazan, eta 10.000 baino gehiago zauritu; atzo, egun bakarrean, gutxienez 22 lagun hil ziren bonbardaketetan. Israelgo Gobernuak, ordea, ez du asmorik adierazi erasoa aurki gelditzeko: beste 10.000 erreserbista frontera deitzeko baimena eskatu dio Defentsa Ministerioak Benjamin Netanyahuren kabineteari. Lehen ministroa pozik agertu da Hamaseko goi kargudunen hilketekin, eta eskerrak eman dizkie Shin Bet zerbitzu sekretuei «israeldar guztien izenean».

«Israeldar guztiak» esatea gehitxo izan daiteke, baina, oro har, gizartearen zati handi baten babesa du Netanyahuk. Haren gobernuan moderatu ospea duten hainbat ministrok ere onespena eman diote Gazako operazioari; esate baterako, Tzipi Livni Justizia ministroak: «Beti babestuko ditut buruzagi terroristen hilketa selektiboak». Joan den udaberrira arte PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin negoziatzen aritu da Livni, baina ez du iritzi bera palestinarren beste zatiaz: «Ez dut Hamasekin negoziatuko».

Ami Kaufman +972mag aldizkari digitalaren sortzaileak salatu du ezkerreko sektore txiki batek izan ezik israeldar gehienek «enpatia falta absolutua» adierazten dutela beste aldearen sufrimenduarekin: «Lehen, jendea hiltzen genuen, eta axola zitzaigun. Orain, ezin zaigu gutxiago axola». Gogora ekarri du Israelgo armadak 2002an Salah Xehadeh buruzagi militarra hil zuenean sortutako polemika: «Bazegoen eztabaida bat hilketa haren moralitatearen inguruan, hamalau errugaberekin batera hil zutelako; tartean, hainbat haur».

Palestinarren erantzuna

Hamasek bere modura erantzun dio Israeli, eta erasoa albait garestien irten dakion ahaleginduko dela iragarri du. Orduotan suziri gehiago jaurti ditu Israel aldera —gutxienez bi pertsona zauritu dituzte—, eta Tel Aviveko Ben Gurion aireportuko hegaldiak bertan behera uzteko gomendatu die hegazkin konpainiei. Aldi berean, PANekin eta Egiptorekin negoziatzen jarraitzen du zuzendaritzak: atzo Dohan elkartu ziren Mahmud Abbas PANeko burua eta Khaled Mexal Hamasekoa, eta, Haaretz egunkariaren arabera, gaur Kairon biltzekoak dira Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko presidentearekin.

Ekialde Hurbileko hainbat hedabide eta analista bat datoz: Hamasek, erresistentzia mugimendu gisa, babes handia irabazi du Israelen erasoa hasi zenetik. Michel Warschawski ekintzaile ezkertiarraren arabera, «munduko laugarren armada handienari» aurre egiten jakin duelako estimatzen dute gazatarrek. «Bi hilabete odoltsuren ostean, Hamasek oraindik Israelgo eguneroko bizimodua desegonkortzea lortzen du; baina, horrez gain, izugarrizko ospea ere irabazi du palestinar guztien artean. Mahmud Abbas presidentea, berriz, NBEren bitartekari baten rola jokatzen ari da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna