Gazan su-eten mugagabea ezartzea onartu dute Hamasek eta Israelek

Lehentasuna Gaza berreraikitzea izango da, eta hilabeteren buruan berriz elkartuko dira bi aldeak Kairon, argitu gabe geratu diren auziak negoziatzeko
Gazan ehunka lagun irten ziren atzo iluntzean kalera, su-etena ospatzera. Irudian, haur bat.
Gazan ehunka lagun irten ziren atzo iluntzean kalera, su-etena ospatzera. Irudian, haur bat. MOHAMMED SABER / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 27
Israelgo Gobernuak eta Palestinako alderdi nagusiek onartu dute Egiptoko Gobernuak egindako bake proposamena. Kairok eraso guztiak berehala eta mugarik gabe gelditzeko eskatu die bi aldeei; trukean, Gazako sarrera-irteerak zabalduko dituzte, giza laguntzari sartzen uzteko eta lurraldea «zaintzapean» berreraikitzen hasteko. Palestinarren arrantzarako eremua sei miliaraino zabaltzea ere proposatzen du agiriak, baina ez dakartza Hamasek jarritako hainbat baldintza, besteak beste, Gazan aireportua eta kaia zabaltzea eta Gilad Shalit soldaduaren auziko presoak askatzea: horiek aurrerago eztabaidatuko dituzte. Egiptoren asmoa da bi aldeak hemendik hilabetera berriro Kairora deitzea, oinarrizko auziei buruz eztabaidatzen jarrai dezaten.

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak atzo arratsaldean eman zuen akordioaren berri, telebista bidezko hitzaldi labur batean. Iragarri zuenez, su-etena berehala zen indarrean sartzekoa. Itunaren berri ematen ari zen unean bertan, ordea, Israelgo armada Gaza bonbardatzen ari zela jakinarazi zuten Ekialde Hurbileko hedabideek; eta, minutu batzuk lehenago, israeldar bat ere hil zuten Gazatik heldutako suziriek. Dena den, Israelgo Gobernuak akordioa ontzat jo duela argitaratu du Haaretz egunkariak, eta gero jakinarazi diela erabakia ministroei, aurretik kabinetean bozkatu gabe. Benjamin Netanyahuren gobernuko ministro eskuindarrenak —Naftali Bennett, Avigdor Lieberman eta Yitzhak Aharonovich— itunaren aurka agertu dira.

50 egunen ordaina

Gazan eta Ekialde Hurbileko beste hainbat tokitan ospakizun jendetsuak egin zituzten atzo iluntzean. Hamasek erresistentziaren garaipentzat jo du akordioa, alderdiaren eskari nagusietako bat betetzen duelako neurri batean: muga zabaltzea, blokeoa amaitzeko lehen urrats gisa. «Setiopean bizi den herri ahul honek Ekialde Hurbileko armada ahaltsuena garaitu du», adierazi du Sami Abu Zuhri bozeramaileak. Hegi Babesgarria operazioa hasi zenetik, Israelgo armadako 70 soldadu inguru hil dituzte milizia palestinarrek.

AEBetako Gobernuak ere ontzat jo du akordioa, eta baldintzak zorrotz betetzeko eskatu die alde guztiei. «Aukera gisa ikusten dugu hau, ez berme gisa», esan du Jen Psakik, Estatu Departamentuko bozeramaileak: «Badakigu bidea luzea dela oraindik, eta adi egongo gara».

Egiptoko Gobernuko ordezkari bat zuhurrago mintzatu da, eta datorren hilabetea «proba» bat izango dela esan du, batez ere palestinarrentzat. Lan handia izango dute Gaza berreraikitzen, eta, horretaz gain, argitzeko dago nor arduratuko den mugako igarobideen kontrolaz: Gazako administrazioa, Egiptoko armada edo PANen segurtasun indarrak. «Munduak gogoan izan behar du okupazioa ez dela amaitu», adierazi du PAE Palestina Askatzeko Erakundeak: «Palestinarren eskubideak betetzea da bake justu eta iraunkorra lortzeko modu bakarra».

50 eguneko gerrak birrinduta utzi du Gaza. Israelgo armadak 2.100 palestinar baino gehiago hil ditu, gehienak zibilak, eta 500 haur inguru tartean. Giza Eskubideetarako Palestinako Zentroaren arabera, 500.000 lagunek egin behar izan dute ihes etxetik. PANek itzultzeko aholkatu die su-etena indarrean sartu bezain pronto; askok ezingo dute, ordea, etxerik gabe geratu direlako.

Azken egunotan Gazako dorre altuenak lurrarekin berdindu ditu Israelgo armadak. Haietariko ezagunenak hamasei solairu zituen, eta 70 familia inguru bizi ziren bertan; merkataritza gune bat ere bazeukan azpian. Atzo, su-etena iragarri aurretik, berrogei eraso baino gehiago egin zituen armadak Gazaren aurka, eta gutxienez sei lagun hil zituen; tartean, argindar enpresa bateko bi langile, lanera bidean zirela.

Beste fronteak

Zisjordanian PFLP Palestina Askatzeko Herri Frontearen aurkako sarekada egin dute Israelgo indar armatuek, eta alderdiko hamabi goi kargudun atxilotu dituzte. Joan den astean Khalila Jarrar alderdiko buruaren aurkako deportazio agindua eman zuen Tel Avivek.

Inguruko herrialdeek ere sumatu dute gatazka. Atzo goizean, Libano hegoaldea bonbardatu zuten Israelgo hegazkin militarrek, ustez goizean bi misil jaurti zituztelako handik Israel iparraldera. Lehendik ere adierazi izan dute palestinarrekiko elkartasuna Libanoko iheslari guneetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna