Zalantzak aldarrikatuz

Ada Colau Bartzelonako alkatearentzat, Kataluniako galdeketak «presaka» egin delako itxura du. Generalitateak «lasaitasuna» eskatu die funtzionarioei

Iazko Diadan, irailaren 11n, Bartzelonan dozenaka milaka lagun batu zituen ANCk eta Omnium Cultural erakundeek antolatutako mobilizazioak. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bai Kataluniako galdeketa hauspotzen dutenek, eta bai horren aurka daudenek Ada Colau Bartzelonako alkatea kritikatu dute azken egunetan. Beraz, batzuek zein besteek leporatzen diotenari erantzuteko, eta erreferendumaz, are prozesuaz, duen iritzia plazaratzeko, mezu bat argitaratu zuen atzo, Facebookeko bere kontuan. Erreferendumari buruzko zalantzak dauzka Colauk, eta, gainera, horiek aldarrikatzen ditu, «bidezkoa baita dudak edukitzea». Iruditzen zaio, gainera, Kataluniako Gobernuak datorren urriaren 1erako deitutako galdeketa «presaka» egin delako «itxura» daukala. «Ez dut bat egiten 'edo orain edo inoiz ez'-arekin, horrela jendea engainatzen dela uste baitut».

Colauk, dena den, erreferendumari, «edo dena delakoari», lagunduko diola eta horretan parte hartuko duela jakinarazi zuen herenegun. Horren harira mintzatu zen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea atzo Espainiako Kongresuan, eta, hura aipatu ez zuen arren, ohartarazpen bat egin zion Bartzelonako alkateari: «Erraztasunak ezin daitezke funtzionarioentzako zailtasun bilakatu». Izan ere, Espainiako Gobernuarentzat «ilegala» da erreferenduma, eta, haren arabera, hori antolatzen duen orok, funtzionarioek kasu, legezko ondorioei aurre egin beharko diete.

Neus Munte Kataluniako Gobernuko bozeramaileak, baina, «lasaitasuna» eskatu die funtzionarioei, eta berriro adierazi du Generalitateak horiek babestuko dituela. Gogoan izan zuen, era berean, Kataluniako tokian tokiko 993 erakundeetako 1.500 funtzionariei Madrilek bidalitako gutuna. Horretan eskatzen zaie ez dezatela galdeketaren antolakuntzan parte hartu. Munteren iritziz, «mehatxatzen» duena Espainiako Gobernua da. «Ez dira modu koherente eta heldu batean erantzuteko gai».

Erantzun duena Colau izan da. Uztailaren 2an, Kataluniako El Periodico egunkarian argitaratutako elkarrizketan, ondokoa adierazi zuen: «Zaila dirudi hain denbora gutxian erreferendum on baterako baldintzak egotea». Besteak beste, horregatik kritikatu dute batzuek zein besteek. «Junts Pel Sik eta CUPek demokraziaren kontrako aldean jartzeaz akusatu gaituzte azken egunetan, eta baita PSCk, Ciutatansek eta PPk; baina kontrako arrazoiengatik!», idatzi zuen, atzo, Facebooken.«Eztabaida zintzoa» aldarrikatzen duenez, pentsatzen du zilegi dela «planteamendu bitarikoak» ez onartzea. Gauza bat argi dauka Bartzelonako alkateak: «Urriaren 2an, 1ean edozer gertatuta ere, Katalunia elkarrekin aurrerarazi beharko dugu, bestela denok porrot egingo baitugu».

Eta planteamendu horretan, alboan dauka Pablo Iglesias. Atzo, Podemoseko buruak defendatu zuen Kataluniako instituzioek erreferenduma «baliabide guztiak erabilita» ahalbidetzea. Halere, ez zion galdeketa deitu, «mobilizazio politiko legitimoa» baizik; ez zaiola loteslea iruditzen, alegia. Joan den ostiralean adierazi zuen, dena den, katalana izango balitz ez lukeela galdeketan parte hartuko.

Hautetsontziak

Erreferendumerako hautetsontziak lizitatzeagatik Meritxell Borras Gobernazio kontseilariaren aurka kereila zabaldu zuen Kataluniako Fiskaltzak joan den ekainaren 13an, eta, atzo, Kataluniako Auzitegi Gorenak adierazi zuen kontseilaria ikertzen jarraituko duela. Munteren ustez, ikerketak ez du oinarri juridikorik. Generalitateak, duela bi aste, bertan behera utzi zuen hautetsontziak erosteko lehiaketa. Bozeramaileak nabarmendu du horiek «zuzenean» erosten hasi direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.