Herriak berak konponduko du

Ezarri dute Venezuelako Batzar Konstituziogilea, eta horren kideek eskatu diete atzerriko estatuei eskurik ez hartzeko, eta oposizioko kideei ohartarazi justiziari aurre egin beharko diotela

Batzar Konstituziogileko diputatuetako batzuk, atzo, parlamentura sartu baino lehen. Gorriz jantzitako emakumea da Delcy Rodriguez. FELICIANO SEQUERA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Mezu argia eta ozena helarazi zien atzerriko estatuei Venezuelako Batzar Konstituziogileak, atzo, ezarri zuten egunean. Jada herrialdeko botere publiko nagusia denak —Delcy Rodriguez horren presidentearen hitzetan, «botere ahalguztiduna» duenak—, eskatu dio nazioarteari haien arazoetan eskurik ez hartzeko. «Guk geuk konponduko ditugu geure gatazkak; agindu inperialik gabe!», nabarmendu zuen Rodriguezek, parlamentuaren egoitzako areto Eliptikoan 545 diputatuen aurrean karguaren zina egin eta gero emandako diskurtsoan. Eta joan den igandean Konstituziogilea eratzeko bozak egin zituztenean herriak jokatutako papera gogoan, ondokoa adierazi zuen: «Venezuelarrek erakutsi dute ezerk ez dituela gelditzen, bakea eta subiranotasun nazionala defendatzeko erabakia hartzen dutenean». Azpimarratu zuen oposizioa «minoritarioa» dela, eta horren kideei ohartarazpen bat ere egin zien: «Biolentoei, faxistei, herriari gerra ekonomikoa zein psikologikoa egiten dietenei: justiziari aurre egin beharko diote». Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak aurreratu zuen, joan den igandean, parlamentuko kideei immunitatea kendu behar baldin badiete, kenduko dietela.

Eta parlamentu horretako kideentzat —oposizioak gehiengoa du 2015eko abendutik, baina ganberak ez du botererik, irregulartasunak direla medio Auzitegi Gorenak ukatu egin baitzion joan den martxoan— «iruzur bat» dena, Konstituziogilea, gaur bertan hasiko da lanean parlamentuaren beraren egoitzan, Rodriguez presidenteak jakinarazi zuenez.

Konstituzio berri bat idaztea du eginkizun Konstituziogileak. Izan ere, Maduroren esanetan, botereen arteko kontraesanak konponduko ditu Carta Magna berriak. Presidenteak adierazi izan du, baina, erreferendumera eramango duela testu proposamen berria. Horrek berak gidatu behar du estatua, Fernando Soto Rojas buruzagi chavistak atzoko ekitaldian adierazi zuenez. «Nazioa dominaziotik, zapalkuntzatik, atzerriko esplotaziotik eta burgesia nazionaletik libratzeko».

Hugo Chavez 1999 eta 2013 artean Venezuelako presidentea izan zena eta Simon Bolivar lider independentista oroitu zituzten, eta biak biltzen dituen margolan bat eskuetan zutela sartu ziren diputatuak parlamentuaren egoitzan.

Bien bitartean, Konstituziogilearen aldekoak eraikinaren kanpoan zeuden, telebistaz emandako ekitaldiari adi; eta oposizioaren jarraitzaileak, mobilizazioak prestatzen. Apiril hasieratik aurreneko aldiz, apenas egon den oposizioak antolatutako mobilizaziorik kalean, apenas istilurik. Joan den igandean egindako hauteskundeen ondotik, Venezuelan beroa izan da astea, halere. SEBIN Venezuelako Inteligentzia Zerbitzuek Antonio Ledezma eta Leopoldo Lopez oposizioko buruak kartzelatu zituzten, berriro, astearte goizaldean. Etxeko atxiloaldian zeuden biak, eta atzo egoera horretara itzuli zuten aurrenekoa.

Egun bat geroago, asteazkenean, 2004az geroztik Venezuelan egindako boz ofizial oro kudeatzen duen enpresak, Smartmaticek, salatu zuen gobernuak Konstituziogilerako hauteskundeen emaitzak manipulatu zituela, gutxienez milioi bat gehiago boto kontatuz. Gobernuak jakinarazi zuen, igandean, 8,1 milioi lagunek bozkatu zutela; erroldatutakoen %41,5ek, alegia. «Ezin ditugu emaitzak bermatu», adierazi zuen, Londresen, Antonio Mujica venezuelarrak, enpresaren buruak. Prozesua «zikindu» nahi izatea leporatu zion, ordea, Madurok. «Prozesua ikuskatu daiteke», gehitu zuen presidenteak. Tibisay Lucena CNE Hauteskunde Batzorde Nazionaleko presidenteak edozein irregulartasun ukatu zuen, eta Smartmaticek esandakoa «aurrekaririk gabeko iritzi bat» dela gaineratu. Dena dela, Luisa Ortega Venezuelako fiskal nagusiak CNEko lau kide ikertzeko eskatu du, «deliturik ba ote dagoen jakiteko». Ortega chavista ohiak gobernuaren kontrako jarrera dauka egun.

Nazioarteko estatu boteretsuenetako gehienek ere bai, Txinak eta Errusiak salbu, eta adierazi dute ez dutela ez igandeko emaitza, ez Konstituziogilea bera ere onartzen. Latinoamerikan, Bolivia alboan dauka Venezuelak, eta Ekuadorrek ere prozesua babestu du, Brasilek, Kolonbiak eta Argentinak ez bezala. Europan, Espainiak eskatu du Caracas zigortzea, baina Frantzia eta Grezia ez daude ados, eta elkarrizketa hauspotu nahi dute. Federica Mogherini EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak esan du Venezuelarekiko presioa «pixkanaka» areagotuko dutela.

Washingtonek erabaki du, jada, Maduro ekonomikoki zigortzea, eta AEBetan dauzkan «aktiboak» izoztuko dizkio. «Erabaki horiekin haien ezintasuna, gorrotoa eta desesperazioa adierazten dute. Nik ez dut atzerriko gobernuen agindu inperialik onartzen», adierazi zuen Madurok astelehenean. Orain arte, Venezuelako presidenteari «diktadore» deitzea saihestu dute AEBek, baina aste honetan bertan hala deitu dute bi funtzionariok: H. R. McMaster Segurtasun Nazionalerako aholkulariak, eta Steven Mnuchin Altxorreko idazkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.