Ekinaldiaren hasiera

Kim Jong-un Ipar Koreako liderra Txinan izan da, atzerrira buruzagi gisa egin duen lehen bidaian. Datozen hilabeteetan Moonekin eta Trumpekin elkartzekoa da

Ri Sol-ju —Kimen emaztea—, Kim Jong-un, Xi Jinping eta Peng Liyuan —Xiren emaztea—, Pekinen. KCNA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Aste hasieran Japoniako hedabide batzuek argitaratu zuten Ipar Koreatik tren blindatu bat sartu zela Txinara, eta agudo hedatu zen zurrumurrua, Kim Jong-un lider gorena ote zen bidaiarietako bat. Atzo baieztatu zen hori. Koreako penintsulan azken urteotako hitzordu diplomatiko garrantzitsuenak espero dituzte udaberri honetan, eta, horiei ekin aitzinetik, Kimek aliatu handienari egin dio bisita. «Zalantzarik gabe, nire lehenbiziko atzerriko bisitak Txinako hiriburura izan behar zuen», adierazi zuen Kimek, Ipar Koreako KCNA agentziaren arabera. Txinako Xinhua agentziaren arabera, berriz, Kimek Xi Jinping presidenteari erran zion «Koreako desnuklearizazioaren auzia» konpon litekeela, Hego Koreak eta AEBek Piongiangen «borondate oneko keinuei» erantzuten badiete.

Txinaren arabera, «bisita ez ofiziala» izan da. Kim Jong-il Ipar Koreako aitzineko lider eta oraingoaren aitak egin zituen hiru bisitei ere izendapen hori eman zien Pekinek. Kim Jong-unek boterea hartu eta zazpi urtera erabaki du atzerrira joatea. Abagunea ez da nolanahikoa. Hego Korean otsailean egin ziren Neguko Olinpiar Jokoen harira, Piongiangek eta Seulek hurbiltze diplomatiko bat egin dute, azken urteotako handiena. Horren ondorio izan dira udaberri honetako hitzorduak. Apirilaren 29an, Moon Jae-in Hego Koreako presidentearekin elkartzekoa da Kim. II. Mundu Gerraren ondoren Korea bi estatutan banatu zutenetik, bakoitzaren agintari gorenak bi aldiz elkartu dira bakarrik —2000n eta 2007an—. Seulek Piongiangi egiten dion eskaera nagusia da arma nuklearrei uko egitea; Piongiangek, berriz, Seuli eskatzen dio Ipar Koreako erregimen politikoa errespetatzea.

AEBak, «bileraren zain»

Hitzordurik handienaren eguna, berriz, zehaztu gabe dago. Donald Trump AEBetako presidenteak onartua du Kimekin maiatzean elkartzea. Bi herrialde horietako buruzagiak ez dira inoiz elkartu. Trumpek atzo adierazi zuen Xik eman ziola Kimen bisitaren berri, eta erran zuen Ipar Korearen aurkako zigorrak mantenduko baditu ere, Kimekin egin beharreko «bileraren zain» dagoela.

Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak ere eskaini dio bilera bat egitea Ipar Koreako liderrari—2004tik ez dira elkartu bi herrialdeetako buruak—. Hurbiltze diplomatikoarekin kritikoen agertu den liderra da Abe. Ipar Koreak iazko udan bi misil jaurti zituen Japonia gainetik. Urrian, Abe hauteskundeetara aurkeztu zen aspaldiko nahi bat gauzatzeko promesarekin: Japonia bermilitarizatzeko konstituzioa aldatzea. Neurri batean, Ipar Korearen mehatxuan oinarritu zuen proposamenaren aldeko mezua. Azken asteotan, berriz, Abek agintea kolokan ikusi du, ustelkeria akusazioen ondorioz.

Pekin, eragina berresten

Japoniaren bertzelako arrazoiengatik bada ere, Txinak ikusi du Seul-Washington aliatuen eta Piongiangen arteko hurbiltze diplomatikoak itzal egin diola. Ipar Korearekin duen harreman estua ere azkenaldian ez zegoen unerik onenean, eta Pekinek babestu ditu saio nuklearren ondorioz nazioartean Piongiangi paratu dizkioten azken zigorrak. Kimen bisitarekin, ordea, Txinaren tokia aldarrikatu du Xik. «Ez da aldatuko une zehatz batean izan den gertakariren batengatik», erran du bi herrialdeen arteko aliantza historikoari buruz. KCNAren arabera, Xik onartu du Kimek Piongiangera joateko egin dion gonbidapena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.