Israel nazioarteko justiziaren aurrean salatzea ahalbidetzen dion ituna sinatu du PANek

Udaz geroztiko gerra krimenak ikertzeko eskatu asmo dio Abbasek nazioarteko zigor auzitegiari.

Hagak PANen eskaria aintzat ez hartzea espero du Israelek
Besteak beste, Gazan egindako gerra krimenengatik ardura eskatzea ahalbidetzen dio Erromako Estatutuak PANi.
Besteak beste, Gazan egindako gerra krimenengatik ardura eskatzea ahalbidetzen dio Erromako Estatutuak PANi. MOHAMMED SABER / EFE

Samara Velte -

2015eko urtarrilak 2
Nazio Batuen Erakunderako bidea itxita topatu, eta nazioarteko zuzenbidean bilatu du babesa PAN Palestinako Aginte Nazionalak. Mahmud Abbas presidenteak hogei hitzarmen inguru sinatu ditu; tartean, Nazioarteko Zigor Auzitegira jotzea ahalbidetzen dion Erromako Estatutua. Aspalditik iragarri arren, ustekabean harrapatu du Israelgo Gobernua: PANek estaturik ordezkatzen ez duenez, Hagak eskaria aintzat ez hartzea espero duela adierazi du Tel Avivek.

Haaretz egunkariak argitaratu duenez —Palestinako agintetik ofizialki baieztatu gabe—, Israelgo Gobernuak 2014ko ekainaren 14az geroztik egindako gerra krimenak ikertzeko eskatu dio Abbasek Hagari; Gazaren aurkako erasoaldia ere sartuko litzateke, beraz. «Gure herriari egindako kaltea salatu nahi dugu», esan du PANeko buruak: «Baina noren aurrean? Segurtasun Batzordeak atzera bota du gure eskaera. Ez dugu gehiago nahi, baina ez gara gutxiagorekin konformatuko».

NBEren Segurtasun Batzordeak asteazken gauean eman zion bizkarra PANi. Hark okupazioa amaitzeko bide orri bat aurkeztu zuen astebete lehenago, New Yorken eserlekua daukan Jordaniaren bitartez. Proposamenak bi urteko epea ematen zion Israeli tropak Zisjordaniatik ateratzeko, eta, Segurtasun Batzordearen onarpenarekin, nazioarteko bermea lortzea zuen helburu, Tel Aviv auzitegietan salatu behar izan gabe. Batzordeko kideek hiru hilabetez eduki zuten esku artean zirriborroa, eta urteko azkeneko bilkuran bozkatu zuten agiriaren azken bertsioa —hasierakoa baino nabarmen leunagoa—. Emaitza: zortzi herrialde alde, bi aurka eta bost abstentzio.

Norabide aldaketa, derrigor

Kolpe diplomatiko gogorra izan da Abbasentzat: nekez negoziatzen aritua zen Segurtasun Batzordeko kideekin, eta behintzat bederatziren babesa espero zuen. Garaipen sinbolikoa baino ez zatekeen; izan ere, AEBek iragarrita zeukaten aurka bozkatuko zutela, eta, behar izanez gero, beto eskubidea ere erabiliko zutela proposamena blokeatzeko. Azkenean, Washingtonek ez du horretarako beharrik ere izan: Txinak, Errusiak, Frantziak eta beste bost herrialdek babestu dute proposamena; AEBek eta Australiak aurka bozkatu dute; eta gainerakoak abstenitu egin dira, tartean Erresuma Batua eta Nigeria.

Bozketaren emaitza «lotsagarria» dela adierazi du PANek. Nazio Batuen bidea haren estrategiaren oinarrian egon da orain arte, eta hari eutsi dio bestelako hainbat urrats ez egiteko. Palestinako gainerako indarrek ohartarazi izan diote kale itsu batera zihoala okupazioa Segurtasun Batzordetik amaitzea espero bazuen; horren ordez, Israel estutzeko eskatzen zioten, zigor auzitegietan salatuz. PANek, baina, segurtasunerako lankidetza hitzarmen sendoak ditu Israelgo Gobernuarekin, eta urte luzez atzeratzen aritu da nazioarteko justiziara jotzeko unea. Tel Aviv eta Washington ere aukera hori saihesten ahalegindu dira era batera edo bestera; Erromako Estatutua sinatzekotan, Hagako auzitegiak Hamas ere iker dezakeela ohartarazi diete biek palestinarrei.

Hamasek hasieratik gaitzetsi du NBEren bidea, alferrikakotzat jotzen zuelako eta haren aitzakian okupazioari aurre egiteko «konpromiso falta» erakusten zuelako Al-Fatahek. Orain, proposamena aurrera atera ez izana ere «akats bat gehiago» dela adierazi du Sami Abu Zuhri eledunak: «PANek dagokiona egin behar du, eta Israelekiko lankidetza eten».

Gazan agintzen duen alderdiak aspalditik leporatu izan dio Al-Fatahi Israelekin negoziatzea eta erresistentzian behar bezainbeste ez inplikatzea, Zisjordaniaren okupazioa geroz eta bortitzagoa den arren. Joan den udaz geroztik estuago hartu dute PAN, nazioarteko justizia erakundeetan babesa bila zezan. Gazaren aurkako erasoan bi mila lagun baino gehiago hil zituen Israelek; gune asko birrinduta daude oraindik; eta, Zisjordaniako sarekaden ondorioz, 700 lagun baino gehiago espetxeratu dituzte hilabete gutxitan. Uda amaieran nazioarteko erakundeetan sartzeko prest agertu ziren Palestinako alderdi nagusiak, baina orain arte ez zuten asmoa sekula gauzatu.

Azkenean sinatu ditu PANek agindutako agiriak. Saeb Erekat negoziatzaile buruaren hitzetan, «bakea eta segurtasuna» mantentzeko egin dute; izan ere, PANen eta Israelgo Gobernuaren arteko bake negoziazioek huts egin zutenetik, istiluak nabarmen larritu eta ugaritu dira Zisjordanian. Israelgo Gobernuari nahieran jarduten uztea leporatu dio Erekatek nazioarteari, eta, bereziki, Washingtoni: «Segurtasun Batzordeko kide gehienek gure ebazpenaren alde bozkatu dute, baina estatu jakin batek oraindik immunitatea ematen die Israelen okupazioari eta hark eragindako lege urraketei. Ezin dute gehiago legearen gainetik ipini».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna