Protekzionismoaren aurka, globalizazioaren galtzaileak babesteko eskatu du NDFk

Merkataritza libreak herrialde pobreei mesede egin diela dio, eta kalte egin diela herrialde aberatsetako sektore batzuei. Hazkunde iragarpenak hobetu ditu

Maurice Obstfeld, Nazioarteko Diru Funtseko ekonomisten burua, atzo, erakunde horren Washingtongo egoitzan. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
Iker Aranburu.
2017ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Nazioarteko ekonomia bide onetik atera dezakeen harri koskor bat ikusten du NDF Nazioarteko Diru Funtsak: protekzionismoa. Globalizazioa oro har munduko ekonomiarentzat ona izan dela adierazi du funtsak, baina aitortu du irabazleak ez ezik hainbat galtzaile ere eragin dituela, herrialde aberetsenetan batez ere. Finean, industriari lotutako lanpostu egonkorrak galdu eta orain enplegurik gabe edo lan prekarioekin aurre egin behar dutenak dira. Talde horiek babesteko neurriak eskatu ditu Maurice Obstfeldk NDFko ekonomisten buruak, neurri protekzionistak hartu nahi dituzten politikarien alde egin ez dezaten.

Ohi duten bezala, aurten ere apirilean egingo dituzte batzarrak NDFk eta Munduko Bankuak (MB), Washingtonen. Bileren aurretik, aurreikuspen ekonomikoak berritu ditu NDFk. Duela urtebete galdutako baikortasuna berreskuratu du aurten, eta azken iragarpenak hobetu ditu: aurten %3,5 haziko da munduko ekonomia —iazko urrian edo aurtengo urtarrileanzioena baino hamarren bat gehiago—, eta %3,6, berriz, 2018an. Maila horretatik behera geratuko dira herrialde aberats gehienak, baina baita lehengaiak esportatzean oinarritzen diren ekonomiak ere, Latinoamerikakoak, adibidez.

Baina, datuak datu, apirileko txostena protekzionismoaren aurkako aldarri bilakatu du NDFk. Izenik aipatu gabe, Obstfeldek aitortu zuen neurri protekzionisten aldeko olatu bat sortzen ari dela herrialde garatuenetan. Donald Trumpen garaipena AEBetan, brexit-a bera, Frantzian Marine Le Penek eta Jean Luc Melenchonek izan ditzateketen emaitza historikoak, Italian Bost Izar mugimenduak duen indarra... azken hamarkadetan nagusi izan den globalizazioarekin era batera edo bestera hausteko eta herrialdeak bere baitan biltzeko gogoa erakusten duten mugimenduak dira.

Horien aurrean, globalizazioaren defentsa sutsua egin du NDFk, eta nabarmendu du horri esker lehen pobreak ziren herrialde batzuk jada «diru sarrera handiko herrialde» bilakatu direla. Prozesu horrek, ordea, baina handi bat duela aitortu du:«Herrialde aberatsek hazten jarraitu dute, baina azken hamar urteotan diru sarrerek ez dute izan aurreko hamarkadetako igoera ikusgarririk, eta nabarmen txikiagoak izan dira gorabidean diren ekonomiekin alderatuz gero». Hots, globalizazioak batez ere herrialde pobreei egin diela mesede, eta kalte egin diela herrialde aberatsenetako talde batzuei. «Hortaz, ez da harrigarria herrialde pobreenetan iritzi positiboagoak izatea nazioarteko merkataritzak enpleguetan eta soldatetan izan duen eraginari buruz».

«Presio protekzionistei amore ematea geure buruari zauria egitea izango litzateke», ohartarazi du NDFk: «Prezio handiagoak ekarriko lituzke, produktibitate txikiagoa eta, hortaz, diru sarrera txikiagoak familia gehienentzat». Hori ikusita, Obstfeldek gobernuei eskatu die indarrean jar ditzatela «nazioarteko merkataritzaren irabaziak hobeto banatzeko» politikak: hala nola langileen trebakuntza eta hezkuntza hobetzea, «lagungarri denean» zerga progresiboagoak ezartzea, eta langileen mugimenduak errazteko etxebizitza eta mailegu politikak aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.