Oraingoan, alderdikideek

Trumpek proposatutako osasun sistemaren erreforma baztertu dute beste bi senatari errepublikanok. AEBetako presidentearentzat, batu egin beharko lukete, «soilik» Obamacare indargabetzeko bada ere

Donald Trumpek Obamacare baliogabetu nahi duela-eta, ehunka medikuntza ikaslek protesta jendetsuak egin zituzten New Yorken, joan den urtarrilean. J.LANE / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Nazioarteko agintariek egun batean bai eta hurrengoan ere bai kontra egiten diote Donald Trumpek esandakoei, hartutako erabakiei. Baina etxean ere, are alderdi barruan, den-denak ez daude ados, inondik ere, AEBetako presidentearen hautuekin. Herenegun, bi senatari errepublikanok, Mike Leek eta Jerry Moranek, jakinarazi zuten ez daudela konforme Etxe Zuriko maizterrak proposatutako osasun sistemaren erreformarekin. Gehitu bi horiei joan den astean iritzi bera plazaratu zuten Susan Collins eta Rand Paul senatariek. Beraz, AEBetako Senatuan bozkatu ere ez dute egin, Trumpek senatuko 50 boto beharko lituzke-eta lege proposamena onartzeko, Barack Obama presidentea zenak (2009-2016) aupatutako Obamacare deitutako osasun erreforma baliogabetzeko, eta lau bozka horiek gabe 46 lortuko lituzkeelako.

Obamacare «hondamendia» iruditzen zaio Trumpi, eta presidentetzarako hauteskunde kanpainan agindu zuen hura ezeztatuko zuela. Herenegun bertan, bi senatarien jarreraren berri eduki ondoren, adierazi zuen errepublikanoek batu egin beharko luketela, «soilik» oraindik ere AEBetan indarrean dagoen osasun sistema baliogabetzeko bada ere. Gero, gerokoak. «Ondoren, hutsetik hasiko ginateke osasun plan berri bat prestatzen».

Baina errepublikanoak ez daude batuta. Beren eskuetan dauzkate bai kongresua eta bai senatua, baina ezin aurreko osasun sistema deuseztatu. Joan den maiatzaren hasieran, ozta-ozta onartu zuen kongresuak Trumpen proiektua, 217 aldeko boto eta 213 kontrako jasota. Eta, ekainean, hori bera planteatu zuten senatuan —oraingo proposamena hura baino moderatuagoa da—, baina senatari kontserbadoreenek eta moderatuenek ez zuten begi onez ikusi. Gertatutakoarekin pozik, Charles Schumer Alderdi Demokratako senatuko buruak adierazi zuen bigarrenez «porrot» egin dutela errepublikanoek osasun sistema erreformatzeko ahaleginean. «Horrek argi asko erakusten du proposamenaren muina bideraezina dela».

Oraingoz, hortaz, plan berriaren bozketa blokeatu dute. Mitch McConell errepublikanoen senatuko buruak oso zail ikusten du Obamacare baliogabetzea, eta, beraz, eraginkorrena iruditzen zaio duela bi urte errepublikano gehienen onespena eduki zuen proposamenaren alde egitea. Hark ere ia sistema osoa desegitea zuen asmo, ordea, eta Obamak betoa jarri zion.

20 milioi estaldurarik gabe

2010eko martxoaren 23an onartu zutenetik, errepublikanoek jarritako hamaika oztopo politiko eta juridiko gainditu behar izan ditu Obamacare osasun erreformak. «Etxeari su emateko prest dago Alderdi Errepublikanoaren zati bat, osasun erreformaren gainean duen obsesiorengatik», adierazi zuen Obamak 2013ko urrian, kongresuan. Haren apustu politiko nagusia izan zen, eta, estaldurari dagokionez behintzat, aurrerapauso handiak eman dituzte erreformari esker. 2010ean AEBetan 45 milioi lagunetik gora ziren inolako osasun estaldurarik ez zutenak, eta, orain, aldiz, 28 bat milioi dira. CBO Kongresuko Aurrekontuen Bulegoaren datuak dira. Batez ere, paperik gabeko immigranteak izan dira sistematik kanpo geratu direnak. Hasieran, horiei ere osasun arreta eskaintzea zuen asmo Obamak, eta horretarako immigrazio legea aldatzen ahaleginduko zela hitzeman zuen, baina ez zion astirik eman.

Errenta handienei zergak

Mendebaldeko herrialdeen artean osasun sistema kaskarrena eta garestiena zuena duindu nahi izan zuen Obamak. Horretarako, erreforma sakonak egin behar izan zituen, eta horiek helburu bat zuten: diru sarrera apalak zituzten herritarrek mediku asegurua ordaindu ahal izatea gobernuaren diru laguntzei esker. Aseguruak ordaintzeko dirurik ez dutenentzat eta ezinduentzat Medicaid programa indartu zuen, eta gobernuak egin beharreko gastuei nola edo hala eusteko, errenta handieneko herritarrak zerga gehiago ordaintzera behartu zituen.

Errepublikanoek hasiera-hasieratik arbuiatu zituzten neurri horiek, pentsatzen dutelako burokrazia federala areagotzen dutela, defizitean sakontzen dutela, eta hautatzeko eskubidea murrizten dutela; hau da, haien ideologiaren oinarriekin tupust egiten dutela. Dena dela, aurrerapauso bat izanda ere, Obamacare oso urrun dago Europako edozein herrialderen osasun zerbitzu publikotik.

Trumpek «porrot egiten»utzi nahi dio haren aurreko presidenteak sustatutako osasun erreformari. «Eta hori gertatu ondoren, demokratek guregana joko dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.