Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia Euskaltel, Nafarroan ere bai

Publizitatea

Ekonomia

Euskaltel, Nafarroan ere bai

Datorren urtarrilerako, 78.500 etxetara iritsiko da euskal konpainia, Iruñean eta Antsoainen. Orangerekin itun bat egin du Leon, Kantabria eta Errioxara iristeko
Euskaltelen akziodunen batzarra, aurtengo ekainaren hondarrean.
Euskaltelen akziodunen batzarra, aurtengo ekainaren hondarrean. MIGUEL TOÑA / EFE

2017-11-14 / Irune Lasa

Hedatzeko estrategiari eusten dio Euskaltelek, eta Nafarroa du ikusmiran datorren urterako. Zuntz optiko bidezko eskaintzan, Euskal Herrian orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan soilik ematen zuen zerbitzua Euskaltelek, baina, datorren urtarrilaren amaierarako, Iruñean eta Antsoainen 78.500 etxek izango dute aukera Euskaltelen zerbitzu horiek erosteko.

Bi eremu horietan abiatuko du konpainiak Nafarroan zabaltzeko plana. Euskaltelen asmoa da herrialde horretan 150.000 etxetara iristea 2022. urterako: besteak beste, Tuteran, Altsasun, Etxarri Aranatzen, Uharten, Lizarran, Eguesibarren eta Zizur Nagusian. Horietara guztietara heltzeko, Orange konpainiaren zuntz optikoa erabiliko du Euskaltelek, horretarako lotutako akordio bati esker. Hamar milioi eurokoa izango da hedapen honetarako aurreikusitako inbertsioa.

Euskaltelen helburua da Nafarroan zuntz optikoko 30.000 bezero izatea, hots, bost etxetik bat. Francisco Artetxe konpainiako kontseilari ordezkariak atzo Bilbon inbertsiogile eta adituei azaldutakoaren arabera, Nafarroako merkatuak Euskaltel markaren balorazio positiboa egiten du; berriki egin dituzten merkatu ikerketak dira baieztapen horren oinarria.

Espainian ere zabaltzen

Zuntz optikoaren bidez, telefonia finkoa, ahalmen goreneko banda zabalera eta ordaineko telebista eskaintzen ditu Derioko konpainiak gaur egun. Horrekin batera, eskuko telefonorako eskaintza ere egingo du Euskaltelek Nafarroan.

Nafarroan ez ezik, konpainia laranjak Espainian ere hedatzen jarraitzeko asmoa du, azken bi urteetan Asturiasko Telecable eta Galiziako R Cable erosi ostean. Nolabait, Telecableren eta R Cableren merkatu «naturalak» diren eremuetara iritsita, Orangeren zuntz sareak erabiliz, Leonera, Kantabriara eta Errioxara. Azkenean, bost urteren buruan, guztira 7,6 milioi bezero posibleko merkatua izan nahi du konpainiak.

Gaur egun, Euskaltelek sei milioi bezeroko merkatua du, azken bi urteetan erositako bi operadoreei esker. Galiziako R Cable orain bi urte erosi zuen Euskaltelek, 1.190 milioi euroren truke. Asturiasko Telecable erosteko operazioa aurten egin du euskal taldeak, 686 milioi eurotan. Taldeko marka bakoitzak bere izena, egitura eta talde profesionala mantendu ditu tokian-tokian.

Orangerekin erdietsitako akordioak beste hedapen estrategia batean ere lagunduko dio Euskalteli: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Galizian eta Asturiasen gaur egun zerbitzurik eskaintzen ez duen eremuetan ere zabaldu nahi du hurrengo urteetan. Xedea da eremu horietan zuntz sarearen estaldura 80.000 etxe eta 6.200 enpresa gehiagotara iristea.

Burtsan, gaizki

Merkatua handitzeko asmoei buruzko albisteak ez zuen, atzo behintzat, eragin positiborik izan konpainiaren burtsako kotizazioan. Euskaltelen akzioak ez daude garai onenean burtsan, eta atzo %4,6 galdu zuen, beste kolpe bat. Urriaren 27an ere, azken emaitzen berri eman ondoren, konpainiak %4tik gora galdu zuen, eta ordutik ez du gora egin. Urte hasieratik %15 baino gehiago galdu du Euskaltelen akzioa, eta horrek esan nahi du konpainiaren balioa 1.200 milioi ingurukoa dela. Haren lehiakide zuzenenak, MasMovilek, balio handiagoa dauka gaur egun: 1.500 milioi euro.

Testuinguru horretan, konpainiak joan den ostiralean zor jaulkipen berria egin zuen, 835 milioi eurokoa —zazpi urtera, euribor gehi %2,75ean—, bankuei beste hainbesteko ordainketa egiteko. Jaulkipen horrekin, Euskaltelek ordaindu beharreko interesen karga murriztu du, zorraren batez besteko bizitza 5,2 urtera luzatuz. Konpainiak CNMVri jakinarazi zionez, ezarpen berri horrek zorraren baldintzak hobetzea ekarriko dio «Europako antzeko telekomunikazio operadoreekiko prezio baldintza hoberenetako batean». Zorraren ezarpena BNP Paribas entitateak egin zuen, eta hartan parte hartu zuten JP Morganek eta BBVAk ere.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak