Katalunia

Puigdemonten hautagaitza inpugnatuko du Rajoyk, Estatu Kontseilua kontra egonda ere

«Lege iruzurra» egin nahi duela egotzita, presidentegaiak dimititzeko eskatu dio Saenz de Santamariari. Torrentek astearterako deitu du inbestidura saiora
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, atzo Moncloan egindako agerraldian.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, atzo Moncloan egindako agerraldian. MARISCAL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2018ko urtarrilak 26

Elkarrizketaren bideak ibiltzeko eskatu diote Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyak eta ERCk Generalitaterako adostutako presidentegaiak eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidente hautatu berriak, baina horri muzin egiten dio Espainiako Gobernuak. Kontrara, Kataluniako instituzioen aurkako estatuaren makineria judiziala berriro martxan jarri du. Puigdemont Generalitateko presidentegai izateko Torrentek astearen hasieran eginda proposamena, erabakia bera, Auzitegi Konstituzionalean inpugnatzekoa da, nahiz eta Estatu Kontseiluak, hari aholkua eskatu ondoren, jurisprudentziari eta Konstituzioari erreparatuta horretarako oinarririk ez dagoela jakinarazi zion atzo iluntzean. Zenbait komunikabidek gobernuko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, gaurko Ministroen Kontseiluko gai zerrendan sartuko du Mariano Rajoy presidenteak, eta aholku batzordeak helarazitako txosten ez-loteslea gorabehera, Puigdemonten hautagaitzari helegitea jartzeko ideiarekin jarraituko du Madrilek. Konstituzionalak helegitea tramiterako onartzen badu, hautagaitza bertan behera geratuko da. Bien bitartean, Torrentek jakinarazi zuen, atzo, inbestidura saioa datorren asteartean egitekoak direla (15:00).

Eta, hain zuzen ere, Puigdemontek Twitter bidez erreakzionatu zuen, Estatu Kontseiluaren erabakiaren berri eduki eta berehala. Soraya Saenz de Santamariari eskatu zion dimiti dezala, «lege iruzurra» egin nahi izan duela leporatuta. Izan ere, atzo goizean Espainiako presidenteordea izan zen gobernuaren intentzioen berri eman zuena. Kataluniako prozesu subiranistaren harira Espainiako Fiskaltzak matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egozten dizkionez, eta horregatik «legearen aurrean» erantzun ez duela argudiatuta, Espainiako Gobernuari iruditzen zaio ezin duela presidentegai izan. Bozak egin zirenean ere ikerketapean zegoen, eta orduan utzi zioten JxCren zerrendaburua izaten. Sergi Sabria ERCko bozeramaileak hori azpimarratu zuen, atzo: «Diputatua izan bazitekeen, orain presidente izan daiteke». Baina Madrilek pentsatzen du orain, parlamentuko presidenteak alderdi guztiekin bildu ondoren presidentetzarako proposatutako hautagai bakarra ezin dela inbestitua izan; ez Bruselako erbestetik telematikoki, ez diskurtsoaren irakurketa beste diputatu baten esku utziz, ez eta legebiltzarrean agertuta ere. «[Puigdemonten] Estatus juridikoa bateraezina da hura legebiltzarrean agertzearekin», adierazi zuen Saenz de Santamariak.

Konstituzioaren 155. artikulua ezarri, eta Espainiako Gobernuak inposatu zituen joan den abenduaren 21ean Katalunian egindako hauteskundeak. Horien ondoren, baina, Puigdemont, aurreko presidentea, da Generalitaterako presidentegai bakarra. Dena dela, Madril erakusten ari da ez dela berak deitutako bozetako emaitzak onartzeko gauza. Urriaren 1eko erreferendumaren zein urriaren 27ko independentzia aldarrikapenaren bueltako gertakarien harira ere makineria judiziala aktibatu zuen Madrilek, eta gauza bera egin du berak behartutako hauteskundeen ondoren ere.

Espainiako Gobernuaren jokabidea salatu zuen JxCk. «Herritarren borondateari emandako estatu kolpea da», nabarmendu zuen Eduard Pujol bozeramaileak. Uste du Madrilek ez dituela ez demokrazia, ezta abenduaren 21eko emaitzak ere onartzen. «Eta horiei aurre egin nahi diete modurik okerrenean, legezkotasunaren muga gaindituz». Europako eskubideen urraketa «nabarmena» iruditzen zaio. Pentsatzen du, gainera, Torrent presidenteak ez duela amore emango Madrilen presioaren eraginez, eta ez duela Puigdemonten ordez beste hautagairik proposatuko. «Diputatuek kontsentsurik handiena lortzen duen hautagaia aukeratzeko duten eskubidea defendatuko du [Torrentek]».

Madrilek, baina, ez dio logika horri erantzuten. Abisatzen ari zen, Ciutadansek eta PSCk egin bezala, helegitea jarriko diela bai inbestidura molde telematikoari zein Bruselara erbesteratutako diputatuen botoa delegatzeko aukerari, eta, Espainiako zenbait komunikabidek iturri judizialak aipatuz kaleratu zutenez, Konstituzionala horiei berehala erantzuteko prest dago. Gertatzen dena da JxCk eta ERCk ez dutela oraindik zehaztu Puigdemont nola inbestituko duten —presidentegaiak aste honetan iragarri du inbestidurarako itzultzeko lanean ari dela—, eta mahaiak ez duela erabakirik hartu Bruselan dauden diputatuen botoa beste parlamentari batzuen esku uzteko hautuaz. Mahaia datorren astearen hasieran jakinaraztekoa da zer egingo duen azkenean. Madrilek ez du itxaron, eta, Puigdemonten zein Torrenten elkarrizketarako deiei kasurik ez eginez, Kataluniako auzia berriro bide judizialera eraman du.

Beste hautagai bat

Kataluniako Parlamentuko alderdi unionistak bat datoz. Ciutadanseko diputatu Lorena Roldanen esanetan, adibidez, Madrilek hartutako erabakiak ez du urratzen Puigdemontek ordezkaritza politikorako duen eskubidea. Bide batez, «Generalitateko presidente izan daitekeen hautagai bat» proposatzeko eskatu dio Torrenti.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Osasun langileak PCR probak egiten Donostiako Okendo kultur etxean, ostiralean. ©Gorka Rubio/FOKU

499 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian behera egin dute kasuek: 211 positibo izan dira. Neurriak indartzearen alde agertu dira hiriburuetako alkateak.

Neurri bereziak dituen taberna bat, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalariek salaketa jarriko dute gaueko aisialdia mugatzearen aurka

Andoni Rekondo Izagirre

Uste dute «neurrigabea» dela 01:30ean ixteko agindua, eta laguntza ekonomikoak galdegin dituzte.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan. ©Marisol Ramirez/FOKU

Bilboko zahar etxe bateko zortzi egoiliarrek positibo eman dute

Olatz Esteban Ezkati

Birjinetxe zentrora eraman dituzte kutsatu diren egoiliarrak, eta hainbat langile bakartu dituzte, haiek ere positibo eman dutelako.

 ©Raul Bogajo / Foku

Lanbidek Zaramagako eta Laudioko bulegoak itxi ditu, bi langilek positibo eman dutela eta

Andoni Rekondo Izagirre

Bulegoetako gainerako beharginak ere etxera bidali dituzte berrogeialdia pasatzera. Bitartean, tramiteak webgunearen bitartez egin ahal izango dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna