Italiarekiko trukeari hauspoa emateko, Eusko Jaurlaritzak bulego bat ireki du Milanen

Lombardiako Ekonomia ministroak «proiektu zehatzak» eskatu dizkio Arantxa Tapiari. Sailburuak ezagutza trukea eta Italiako inbertsioak erakarri nahi ditu
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Nazioartekotze Euskal Agentziaren Milango bulegoa aurkezten, atzo.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Nazioartekotze Euskal Agentziaren Milango bulegoa aurkezten, atzo. IREKIA

Xabier Martin - Berriemaile berezia

2018ko ekainak 20
Eusko Jaurlaritzak badu enbaxada komertziala Milanen (Italia). Aurreko urtean Londresko Cityn sarearen hamaseigarren egoitza zabaldu ondoren, Nazioartekotze Euskal Agentziak Lombardiaren hiriburura etortzea erabaki du, hiriko bihotz ekonomiko eta finantzariora hain zuzen. «Ez da kasualitatea», Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu duenez. Batetik, Italia bosgarrena da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioen jomuga handienen artean. Eta, bestetik, Alemaniaren ondoren, Italiako iparraldea da munduko manufakturatzaile lehiakorrena, aurreratuena; eta euskal industrian hainbat sektoretako lehiakide gogorrenetakoa ere bai.

«Antzekotasun handiak dituzte eremu biek; ekosistema propioak, industriarako egonkortasun politikoa eta ekonomikoa, eta, sinergiak sortuz, enpresen lehiakortasuna handitu daiteke». Hitz horiekin azaldu zuen Tapiak Milan hautatu izana nazioartekotze sarearen hamazazpigarren bulegorako.

Inaugurazio ofiziala, ordea, ez zuten bulegoan bertan egin, Milango Merkataritza Ganberako eraikin ederrean baizik. Ekitaldi horretan, Ekonomiaren Garapenerako sailburuak Federico Vega Milango Merkataritza Ganberako presidenteari esan zion Milango eta inguruko enpresekin elkarlanerako prest dagoela. Antzeko adeitasun hitzekin erantzun zuen Vegak, esanez Lombardian jakitun direla euskal enpresen gaitasunaz, eta agindu zuen lan egingo duela konpainien arteko elkarlana bultzatzeko.

Ekitaldira ez zen garaiz iritsi Lombardiako Ekonomiaren Garapeneko ministro Alessandro Mattinzoli. Bukaeran heldu zen, ordea, eta Tapia sailburuaren eskutik jaso zituen Donostiako Haizearen Orrazia-ren irudia duten mahuka-biki batzuk. Ministroak ere ekarri zuen opari bat, aurrerantzean lurralde biek garatu nahiko luketen trukearen sinboloa izan nahi zuena.

Protokoloaren ondoren, Tapiarekin bildu zen Mattinzoli eta harago joan zen. «Proiektu zehatzak»eskatu zizkion sailburuari. Diseinuan «onak» direla ziurtatu zion, baina «ez hainbeste» prozesuak antolatzen. Esparru horretan elkarlanerako tartea zabal daiteke, beraz, gobernu bien artean. Zerga politikaz eta finantzaketa sistemaz interesa agertu zuen, Tapiak berak kontatu zuenez.

Euroguneko hirugarren ekonomiak oso industria sendoa dauka autogintzan, robotikan, bioteknologian eta beste hainbat sektoretan. Horren jakitun, «Euskadik ekosistema desberdindua» du bere ingurunetik, «hizkuntza eta kultura propioak» eta industrian lehiakor bihurtzen duen hauspo teknologikoa, balio erantsia. Tapiak, «posible bada», zuzeneko inbertsioak eskatu zizkion ganberako arduradunari, eta gogoratu zuen euskal enpresentzat Italiako merkatua oinarrizkoa dela, bosgarren helmuga esportatzailea delako.

Invest in Basque Country-ren izenpean, Italian zabaldu nahi duten enpresak lagunduko ditu bulegoak, Ainara Isasa donostiarraren zuzendaritzapean. Italierazko ahoskerarekin, euskal enpresarien hedapenaren alde lan egingo duela esan zuen euskaraz Isasak, hainbat euskal enpresatako arduradunen aurrean.

Danobaten inaugurazioa

Hain zuzen, bihar Danobatek Vistagno herrian (Piamonte) zabalduko duen instalazioaren inaugurazioan ere izango da Jaurlaritzaren ordezkaritza, Tapia sailburua eta Isasa bera. Danobatek Italiako lehiakideekin lehiatuko da, baina haien etxean. Alemanian ere makinak saltzen ari dira makina-erremintako konpainia liderrak, eta Italian ere barneratzeko garaia heldu dela erabaki du Elgoibarko kooperatibak. Mondragon taldearen ordezkaritza gorena izango da Vistagnon.

Lombardian, berriz, 4.0 industriaren aldeko apustu sendoa egin dute, eta Bresciako eremuan beren hub-a egiten ari dira fabrikazio aurreratuaren inguruan. Tapia sailburuak Euskal Herrian ere 4.0 industriaren aldeko apustu sendoa egin dela nabarmendu zuen, eta gaineratu zuen ezagutza trukea oinarrizkoa dela Europako Batasuna ekoizpen industrialaren abangoardia izaten jarraitzeko. Ekonomiaren Garapeneko Sailak uste du susta daitekeela klusterren arteko elkarlana. Baina merkatu helduak dira Europakoak, oso merkatu lehiakorrak dira, eta edozeinek ez du lortuko Italian aukerak aurkitzea. Milango bulegoa aukera bereziki ona da euskal kluster batzuentzat, hala nola aeronautikako Heganentzat eta ontziolen Itsas Foroarentzat.

Milan, Londres, Munich, Washington... Nazioartekotze Euskal Agentziak munduko gune estrategikoetan dauzka kanpo sareko bulego komertzialak. Atzerriko merkatutan saltzen jarraitzea da horien helburua, baina baita inbertsioa erakartzea ere. «Europa da gure esportazioentzat lehen lekua. Italiaren txanda zen, iparraldean, gure ekosistemaren pareko eremuan. Lombardiarekin elkarlan handia daukagu jadanik, eta bide horretan urrats gehiago egiteko garaia da», esan zuen Tapiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna