Nahiz eta presoak trukatu, Ukrainako negoziazioak bertan behera utzi dituzte

Kievek 222 miliziano itzuli dizkie matxinoei, eta horiek, berriz, 150 soldadu itzuli dizkiote gobernuari.

Gatazka hasi zenetik egindako truke handiena izan da
Luhanskeko Herri Errepublikak gatibu harturiko soldaduak, beren senideekin matxinoen parean eserita, aske uzteko ekitaldian, atzo, Luhansken.
Luhanskeko Herri Errepublikak gatibu harturiko soldaduak, beren senideekin matxinoen parean eserita, aske uzteko ekitaldian, atzo, Luhansken. YURIY STRELTSOV / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 27
Ukrainako Gobernuaren eta matxinoen artean bakea negoziatzeko saioek huts egin dute bertze behin. Bitartekariek ere ez dute lortu mintzakideen artean gutxieneko konfiantza bat sortzea, eta urtea bukatu aitzinetik Minsken egitekoa zuten azken bilera bertan behera utzi zuten atzo. Ukrainako Gobernuko agintariek ez zuten argibide handirik eman horren inguruan; matxinoen negoziatzaileetako baten arabera, Kievek ez die «jaramonik egin». Hala ere, bi aldeek bete dute asteazkeneko bileran hartu zuten konpromiso bakarra: gerrako presoen trukea.

Errusiako eta Ukrainako berri agentzien arabera, Kievek 222 miliziano itzuli dizkie Luhanskeko eta Donetskeko herri errepublikei —matxinoek Ukrainako hego-ekialdean aldarrikatutako estatuei—, eta horiek 150 soldadu itzuli dizkiote Ukrainako Gobernuari. Eguberri bezperan Minskeko bileran hartutako konpromiso bakarra bete dute, baina atzo nahasmen handia sortu zuten bi aldeetako ordezkariek, elkarri egotzi baitzioten trukea ezinezko egitea. Hala ere, ordu batzuen buruan argitu zen egoera. Orain arteko preso truke handiena izan da, Errusiako Itar-Tass agentziaren arabera. «Ez da inongo urraketarik gertatu, eta zerbitzu guztiek ongi funtzionatu dute trukea egitean», adierazi dio Itar-Tassi Donetskeko Herri Errepublikaren giza eskubideen gaietarako arduradun Daria Morozovak.

Trukea Donetsk hiritik 35 kilometro iparraldera egin dute, Errusiako eta Ukrainako agentzien arabera. Ukrainako Gobernuak politikari errusiazale bat izendatu zuen prozesua gainbegiratzeko —Viktor Medvedtxuk oligarka, Vladimir Putin Errusiako presidentearen laguna (Medvedtxuken alabaren aitabitxia da Putin)—, eta Donetskeko Herri Errepublikak Vladimir Kononov Defentsa ministroa bidali zuen.

Elkarrizketak, trabatuta

«Bakarrik erran ziguten hau gertatuko zela», adierazi zion AP Associated Press agentziari Artiom Siurik Ukrainako armadako soldaduak, aske geratu berritan. «Borrokara itzuliko naiz», erran zion agentzia berari Denis Balbukov Donetskeko miliziano matxinoak. «Atxiloketa zentrora eraman gintuztenean tratua ona izan zen, baina hasieran jipoitu eta sufriarazi egin ziguten». Luhanskeko Herri Errepublikak, berriz, Ukrainako hiru soldadu askatu zituen atzo, azaldu zuenez bere borondatez, Kievekin deus hitzartu gabe.

Gerra bukatu eta konponbide politiko bat lortzeko helburua duten elkarrizketak, ordea, bertze behin trabatuta gelditu dira. «ESLAren bidez prozedura guztiak bete ditugu Minsken egoteko, baina Ukrainak ez digu jaramonik egin», adierazi du Denis Puxilin Donetskeko Herri Errepublikaren negoziatzaileak.

Irailean sinatutako Minskeko Protokoloa indarrean paratzeko pausoren bat ematea zuten helburu aste honetan antolatutako bi bilerek. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea eta Errusia dira protokoloaren bitartekariak. Irailean su-eten bat sinatu zuten, baina ez zuten bete. Hilaren 9an bertze menia bat sinatu zuten, eta, borrokak, kopuruan eta intentsitatean nabarmen jaitsi badira ere, ez dira eten. Nazio Batuen Erakundearen arabera, Ukrainako hego-ekialdean gatazka hasi zenetik —apirilaren erdialdetik— 4.700 lagun hil dira; horietako 1.300, irailean su-etena sinatu zenetik.

Zigor neurriak

Diplomazian eta ekonomian ere eragin nabaria dauka gatazkak. Ukrainako Gobernuak Krimeako penintsularako argindar hornikuntza eta garraio publikoa eten zituen atzo —Errusiak Ukrainatik bereganatu zuen Krimea, martxoan—. Halaber, Visa eta Mastercard konpainiek Krimearako zerbitzuak eten dituzte, erran dutenez AEBek paratutako zigorren ondorioz. Donetskeko Herri Errepublikak, berriz, haren kontrolpeko lurraldean Ukrainako Estatuak dauzkan jabetzak nazionalizatzeko erabakia hartu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna