Zalaparta hasi baino ez da egin

Europako Batasuneko agintariak bete-betean sartu dira Greziako hauteskundeen kanpainan, Syrizak irabaziz gero herrialde horrek euroa uzteko aukera aipatu baitu Alemaniako astekari batek
Alexis Tsipras Syriza koalizioaren lehen ministro izateko hautagaia, asteburuan Atenasen egindako ekitaldi batean.
Alexis Tsipras Syriza koalizioaren lehen ministro izateko hautagaia, asteburuan Atenasen egindako ekitaldi batean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 6
Nazioartean inoiz baino arreta handiagoa izanen dute Greziako hauteskundeek. Syriza ezkerreko koalizioak irabaziz gero, lurrikara baten beldur da EB Europako Batasuna. Der Spiegel astekariak Alemaniako Gobernuaren izenean asteburuan argitaratutako adierazpenek sortutako zurrunbiloaren ondoren —Greziak euroa utz lezakeela zioten—, Europako Batzordeak ere hitza hartu du. «Grezia euroan egoteko erabakia ezin da aldatu», adierazi du Annika Breidhart bozeramaileak. Euroak dolarrarekiko atzo izandako jaitsiera ere eztabaida horri egotzi diote finantza adituek. Hemeretzi egun falta dira hauteskundeetarako. Zalaparta hasi baino ez da egin, eta, Syrizak irabaziz gero, luzaroan jarraituko du.

Greziaren zorra berregituratzeko asmoa dauka Syrizak, eta Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako troikarekin berriz negoziatu nahi du, Greziako herritarrak pobretu dituzten neurritasun politikak bertan behera uzteko. Horrek urduri paratu du bereziki Alemania, nagusiki hango bankuak baitira Greziako zorraren hartzekodunak. Der Spiegel-en arabera, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarentzat eta Wolfgang Schaeuble Finantza ministroarentzat Greziak euroa uztea «saihetsezina» izanen da hauteskundeak Syrizak irabaziz gero. Astekariaren arabera, Alemaniak ez luke onartuko Greziaren zorra berriz negoziatzea, uste baitu gaur egun Greziak euroa uzteak ez lukeela lurrikararik sortuko eurogunean. Der Spiegel-ek dioenez, EBk jada baditu behar bertze mekanismo Grezian gerta litekeena antzeko egoeran dauden bertze herrialdeetan gerta ez dadin.

Gobernuko iturri anonimoak aipatu ditu Der Spiegel-ek. Berria argitaratu eta biharamunean, Steffan Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak ez du argibiderik eman nahi izan. «Helburua eurogunea egonkortzea da, bere kide guztiekin, Grezia barne. Argi mintzatu izana espero dut». Syrizak kritika gogorrak egin dizkio Berlini, hauteskunde kanpainan esku hartu nahian ari delakoan ezkerreko koalizioak irabaz ez dezan. «Ez dugu kanpainari buruz, ezta emaitzei buruz mintzatzeko asmorik», azaldu du Seibertek. «Europa demokraziarako gune bat da. Greziar hautesleen erabaki burujabea errespetatzen dugu».

Sigmar Gabriel gobernukidea, ordea, ez da hain hotz mintzatu. «Euroguneak ez du xantaiarik onartzen. Espero dut Greziak EBrekin egindako akordioak errespetatzea, gobernuan edozein egonda ere». Kantzilerrordea eta Ekonomia ministroa da Gabriel, eta, horrez gain, SPD Alderdi Sozialdemokratako burua. SPDk iraganean adierazpenak egin izan ditu Greziarekiko jarrera gogorra aldatzeko beharraz; Syrizaren balizko garaipenaren aitzinean, ordea, bere mezua bat doa erabat gobernuko kidearekin, Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokratarekin.

Alemaniaz gain, EBren bertze zutabe nagusia ere, Frantzia, sartu da Greziako hauteskunde kanpainan. «Greziarrak libre dira beren etorkizuna hautatzeko, baina konpromiso batzuk hartuta daude, eta hori nahi eta nahi ez bete behar da», adierazi du François Hollande presidenteak. Haren iritziz, eurogunean mantentzeko erabakia soilik Greziari dagokio. Hollandek jakinarazi du igandean elkartuko dela Merkelekin «Europaren etorkizunaz» eztabaidatzeko. Hollanderen ustez, Syriza, Espainiako Podemos eta halako alderdien indartzea bi herrialde horiek «ordaindu duten prezio altuaren ondorio da». Hollandek dio berak ez duela nahi Europa «neurritasunarekin» identifikatzea, baina uste du alderdi horiei «erran egin behar» zaiela «Europa arauak eta diziplina» dela.

Hain zuzen, Espainiako Podemos alderdiko buruak EBko agintariei egotzi die Syrizarekin «apokaliptiko» jokatzea. «Ez da alemaniarrik etorriko, ez inbertsio funtsik, ez atzerriko bankurik espainiarrei, greziarrei, portugesei edo irlandarrei erratera zer bozkatu behar duten», adierazi du Pablo Iglesiasek.

Euroa eta burtsak, beheiti

Greziak euroa uzteko aukera aipatzeak beldurra eragin zuen atzo finantzetan. Euroa 2006ko gutxieneko mailara jaitsi zen (1,186 dolar), eta euroguneko burtsa nagusiek galerak jasan zituzten: %4,92 Milanek, %3,45 Madrilek, %3,31 Parisek, %2,99 Frankfurtek, eta, handiena, Atenasek berak, %5,63koa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna