Kongoko Errepublika Demokratikoa

Kinshasako kaleetan nekez bizi liteke

Tentsioa nabaria da Kinshasan. Presidentea aldatzeko garaia dela diote herritarrek, eta iraultza egiteko prest daude, nahiz eta badakiten horrekin ez direla arazo guztiak konponduko; gero eta handiagoa da aberatsen eta pobreen arteko arrakala.

Kinshasako kale bat, tartean kasko urdinak daudela. NIC BOTHMA / EFE.
Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2016ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Kinshasako erdigunean egunero sortzen diren auto ilaren buxaduretan, beti izan ohi dira poliziak. Eta ohikoa da poliziek gidariei «ura erosteko» dirua eskatzea. Leihatilara hurbildu, eskua kopetan militarren keinua luzatu, eta pena ematen dute, hainbeste ordu eguzkiaren edo ekaitzen azpian, soldata ziztrin baten truke. Ketsh gidariak honelaxe erantzun dio polizia bati: «Herritarrak hiltzera bidaltzen zaituztenek ez al dizute ordaintzen ura erosteko adina? Ez dizkizut zuri emango bidaiariek ematen dizkidaten 500 frankoak, bidaiariak akabatzera etorriko baitzara ondoko egunean». Kongoko Errepublika Demokratikoan den tentsioaren erakusgarri da errepideko solas hori. Joan den abenduaren 19ko gauerdian, Joseph Kabilaren agintaldiarenak egin duela adierazteko, herritarrek zarata egiteari ekin zioten etxeetatik, eta polizia eta soldaduek tiroka erantzun zuten, isiltasuna ezarri nahian.

Kabilarekin batera boterean daudenak etengabe trabak jartzen aritu zaizkie 2015ean eta 2016an egin behar ziren hauteskundeei. Abenduaren 19az geroztik, herritarrak ohartu dira etorkizuna beren esku hartu behar dutela. Nolanahi ere, mezu hori aspaldi ari ziren entzuten. Etienne Tshisekedik bota zuen ideia hori urtarrilaren 31ko azken mitin baimenduan, eta poliki-poliki jabetzen ari dira, nonbait, se prendre en charge horrek zer esan nahi duen. Konstituzioaren artikulu baten ingurukoa da: artikulu horrek herritarren legezko matxinada galdatzen du indarkeria erabiliz estatuko boterea lortu edo utzi nahi ez duen pertsonaren aurka. Nolanahi ere, esanahia sakonagoa ere izan liteke.

Hartu Kinshasako arratsalderoko auto ilarak. Gurdiak erruz, errepide gehienak zuloz josita, eta arauak, halakorik balego, ez dira aplikatzen. Baina, horretaz gainera, gidari guztiak, ahalik eta azkarrena aurreratzearren, muturra edozein zirrikitutan sartzen saiatzen dira, eta, azkenerako, norabide guztietan ari dira joan-etorrian auto, moto, furgoneta, gurdi, kamioi eta oinezkoak ere, denak blokeatuta eta elkarri biraoka gurutzebidean.

Ustelkeria

Aberatsak eta pobreak sortzen dituen eskuluze ikusezina antzematea erronka erraza da kolonialismoaren hondarretan. Herritarrek badakite presidentea aldatuz bakarrik ez direla arazo guztiak konponduko, baina badakite lehen urratsa dela, horregatik ez diola utziko legeen legea errespetatzen duen herrialde bat izateari.

Maman Mamie merkatariak argi du herriak ardura bere gain hartzeak erantzule bihurtzea esan nahi duela: «Aginte postu bat eman ahal dizute, baina jakin behar da lehenik eta behin herriarentzat egiten dela lana, eta ez norberarentzat, ez norberaren familiarentzat, ezta poltsikoarentzat ere. Erantzuleak izan behar dugu herritarrok ere. Arazoak esparru guztietan badaude, saia gaitezen arazoak leuntzen, denok denoi lapurretan ibili beharrean».

Ruphin marianistaren arabera, maizegi kritikatzen da kongoarren tankera basatia: «Aingerutxoak gara hemen, iparraldeko gizarteen ondoan; hartu Alepoko korapiloan nahastu direnak. Herri honek otoitz egiten du». Edozein bidaiari ekin aurretik egiten dute otoi, sans nzambe elo eza te (Jainkorik gabe ez dago ezer), ez bakarrik bidaiaren arriskuek beldurra ematen dutelako, baita beldurrik ez izateko ere, agian. Ruphin anaiak, baina, kongoarren beste ezaugarri bat azpimarratu du: «Herri honek gupida dauka». Eta egia da. Mokili (mundu) guztiko herri pobreenetako bat omen da, aberastasunez itota dagoen naturaz inguratuta badago ere, baina beste inguru batzuetan ohikoak diren krimenak arraroak dira hemen. Kaleko nerabeek borroketan erabili ohi dituzten bizar xaflak eta gaueko pasabideetako noizbehinkako kulunen matxeteak kenduta, poliziek eta soldaduek bakarrik dauzkate armak mendebaldean.

Gainera, lapurtzea ezberdina da halabeharrezkoa denean. Vampire gerrikoan begi bistakoa da. Ganbela-Kinpuanza inguruan dauden etxerik gabeko mutilentzat, babesleku bakarra bihurtu da hilerri abandonatua, basamortua deiturikoa. Eguneko janaria erosteko dirua irabazten saiatzen dira. Pneumatiko zahar hondatuak bildu eta erre egiten dituzte barruko kableak saltzeko. Etxekoandreak sukaldean ikatz gutxiago erretzeko, kable horiekin babesten dira mbambola izeneko labe mugikorrak. Banpiro gazteek ez dute ezkutatzen maiz lapurtu egin behar izaten dutela janaria lortzeko. Etxe bateko ohean egin nahiko lukete lo, familiarekin bizi, eta lanbide bat ikasi, mekaniko edo txof bilakatzeko, baina, adingabeak izanik ere, polizia estatua ezagutzen dute bakarrik.

Elkartasunari esker bizi dira abandonatutako ume kongoarrak. Elkartasuna baita maiz eguneroko mirariaren azalpena Kongon. Maman Claudine Mlandu kaleko neskentzako zentro baten arduraduna da, eta estatuak esparru sozialean ez duela ezer egiten salatzen du, gobernuz kanpoko erakundeek eta gizabanako partikularrek egiten dutela lan guztia: «Herritarrek aldaketa bat eskatzen dute. Joseph Kabilak ere zerbait egin duela ez dugu ukatzen; toki batzuetan bideak eta eraikinak egin ditu, txinatarrekin izenpeturiko kontratuei esker, baina beste toki batzuetan ez da ezer egin, eta jende asko nekez bizi da, egunean behin bakarrik jatenez, eta argi-indarrik gabe ere lagun asko bizi da bikuku deituriko auzoetan».

Iraultza egiteko prest

Kongok herrialde bat baino gehiago ditu bere barruan, eta politikariak bezala, herria ere zatituta dagoela aitortzen du Mlanduk: «Kabilaren aldekoek diruagatik eutsi nahi diote botereari, oposizioaren aldekoek, berriz, kontzientziagatik nahi dute aldaketa».

Masina, Lemba edo Matete bezalako auzoetan iraultza egiteko prest omen zeuden herritarrak iragan abenduaren 19an. Paulin Makokoren esanetan, presidentea behingoz kanporatu ez bazuten, gotzainek lasaitu zituztelako izan zen. Oposizioko alderdiek ez zuten kalera ateratzeko deirik luzatu, baina, hala ere, herritar ugari atera zen kaleetara protesta egitera. Paulinek uste du 43 hildako izan zirela, baina zaila da kopurua baieztatzea. Papa Paulin elbarria da, eta famili pobreetako nerabe gormutuentzako bigarren hezkuntzako Zacharie eskola bereziko idazkaria da. Ondo daki zer esan nahi duen norberaren gain hartzeak gauzak aldatzeko ardura. Estatuak ez die inolako laguntzarik ematen eta ikasleon familiek diru gutxi dutenez, nekez ordaintzen diete irakasleei, baina aurrera jarraitzen dute, euren lana beharrezkoa baita herria denen artean osatzen duten herrialdean. «Diktaduratik demokraziara iragan ondoren, orain gakoa da buruzagiak aldatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.