Mayren agenda estua

'Brexit'-aren negoziazioak astelehenean hasiko dira, eta Erresuma Batuko legegintzaldia, asteazkenean. Ipar Irlandako alderdiekin bildu da lehen ministroa

Michelle O'Neill, Gerry Adams, Mary Lou McDonald eta Elisha McCallion Sinn Feineko ordezkariak, atzo, Downing Streeten. WILL OLIVER / EFE.
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari ez zitzaion nahi bezala atera hauteskundeetara deitzeko jokaldia, eta, horren ondorioz, agenda estutzen ari zaio orain. Elkar lotuta dauden hiru buruhauste ditu konpontzeko: brexit-aren negoziazioen hasiera, gobernua osatzeko elkarrizketak DUP Alderdi Demokratiko Unionistarekin, eta Ipar Irlandako Gobernua eratzeko akordioa. Herenegun Londresen etxe orratz bat kiskali eta tragedia bat eragin ondoren, Mayk adierazi zuen gobernua eratzeko elkarrizketak eta brexit-aren negoziazioak gibelatuko zituela, baina haren negoziatzaileak eta Europako Batzordekoak atzo jakinarazi zuten hasierako datari eutsiko diotela: ekainaren 19a, heldu den astelehena. Egun berean egitekoa zuen Elizabeth II.a erreginak legegintzaldia hasteko hitzaldia Westminsterren, eta, hori bai, asteazkenera gibelatu dute. Tory-ek eta DUPek erran dute ez dutela beharrezko ikusten ordurako akordioa lortua izatea. Ipar Irlandako bertze alderdiek, berriz, negoziazio horiekin duten mesfidantza azaldu diote Mayri.

David Davis Erresuma Batuko brexit-aren negoziatzailea eta Michel Barnier Europako Batzordekoa Bruselan elkartu ziren atzo. Bileraren ondotik argitu zituzten bezperan sortutako zalantzak. Ohar labur batekin jakinarazi zuten astelehenean hasiko dituztela EBren Hitzarmeneko «50. artikuluan oinarrituko diren negoziazioak». Artikulu horrek zehazten du kideren batek batasuna uzteko zer bide egin behar duen. Mayk martxoaren 28an sinatu zuen artikulua aktibatzeko agindua, eta, 29an, ofizialki jakinarazi zion EBri. Artikulua aktibatu ondotik, bi aldeek bi urteko epea dute irteeraren baldintzak negoziatzeko. Mayk ondotik hauteskundeetara deitu zuen, negoziazioak hasi aitzinetik bere posizioa azkartzea baitzuen helburu. Kanpainan zeudenean, EBk jakinarazi zuen ekainaren 19an hasiko zituztela negoziazioak.

Joan den asteko hauteskundeek, ordea, Mayren planak zapuztu zituzten, Alderdi Kontserbadoreak 2015ean lortutako gehiengo osoa galdu baitzuen. Hortaz, EBren ordezkariek bertzelako egoera batean dagoen mintzakide bat izanen dute parean, kontserbadoreek DUPen babesa behar baitute gobernua osatu ahal izateko. Nigel Dodds DUPeko buruzagiordeak atzo adierazi zuen elkarrizketak «ongi» doazela, eta erran zuen ez dela «garrantzitsua» legegintzaldia ofizialki hasi aitzinetik kontserbadoreekin akordioa itxia ez izatea. Tory-en «goi mailako iturri batek» ere gauza bera adierazi zion The Belfast Telegraph egunkariari.

Doddsek Downing Streeten egin zituen adierazpenak. Ipar Irlandako bertze lau alderditako ordezkariekin batera joan zen Londresera. Bat-banaka elkartu ziren guztiak Mayrekin. Izan ere, Ipar Irlandak korapilo hirukoitz bat dauka askatzeko: alde batetik, brexit-aren ondorioak, Erresuma Batuaren eta EBren lurreko muga bakarra Irlandan sortuko baita; bertzetik, Ostiral Santuko Akordioan (1998) oinarritzen den bake prozesuaren egonkortasuna, joan den martxoan hauteskundeak egin ondotik alderdiek hilaren 29ra arteko epea baitute britainiar unionisten eta irlandar nazionalisten arteko gobernu partekatua osatzeko—bertzela, Londresek hartuko du Ipar Irlandaren kudeatzeko ardura—; eta, azkenik, korapiloari gehitu zaion elementua, DUP erabakigarri bihurtzea Erresuma Batuko Gobernua osatzeko.

Neutraltasunarekin kezka

«Hagitz argi erran diogu Ostiral Santuko Akordioa urratzen ari dela», adierazi zuen atzo Gerry Adams Sinn Feineko buruak Downing Streeten, Mayrekin elkartu ondoren. «Argi erran diogu DUPekin egin lezakeen akordioak ezin diola kalterik egin Ostiral Santuko Akordioari». 1998ko akordioak ezartzen du Erresuma Batuak eta Irlandako Errepublikak bermatzaileak eta neutralak izan behar dutela, baina Ipar Irlandako alderdiek eta Dublinek uste dute DUPekin akordioa egiteak zalantzan paratzen duela Londresen neutraltasuna. «Uste dut akordioa lor dezakegula ekainaren bukaerarako, baina bertze alderdiek jarrera aldatu behar dute, eta Britainia Handiko gobernuak frogatu behar digu ez dagoela DUPen menera», adierazi zuen Colum Eastwood SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako buruak. Sinn Feinen, SDLPren eta Aliantzaren ustez, Erresuma Batuko Ipar Irlandarako Estatu idazkariak ez luke parte hartu behar Stormonteko elkarrizketetan, uste baitute neutral izateari utzi diola. UUP Ulsterko Alderdi Unionistak ez du bat egin eskari horrekin, baina «irekia eta gardena» izateko eskatu dio Mayri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.