Kenyako Gorenak bozetako emaitzak baliogabetu ditu, «irregulartasunengatik»

60 egun baino lehenago hauteskundeak egitea agindu du. Kenyatta jarduneko presidenteak epaia onartu du; Odinga oposizioko buruak «historikotzat» jo du
Raila Odinga oposizioko buruaren jarraitzaileak Nairobi hiriburuko kaleetan, atzo, Kenyako Auzitegi Gorenaren epaia ospatzen.
Raila Odinga oposizioko buruaren jarraitzaileak Nairobi hiriburuko kaleetan, atzo, Kenyako Auzitegi Gorenaren epaia ospatzen. DANIEL IRUNGU / EFE

Igor Susaeta

2017ko irailak 2
«Iruzurra» salatu izan du Raila Odinga NASA Aliantza Nazionaleko liderrak. Oposizioko buruak zalantzan jarri zituen Kenyako presidentetzarako bozen emaitzak, bai 2007an, bai 2013an, baita joan den abuztuaren 8an ere. Ordukoak, lau urte lehenago gertatu moduan, Uhuru Kenyatta Jubilee alderdikoak irabazi zituen. Baina Odingak, 2013an bezala, helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean. Eta Gorenak atzo ebatzi zuen baietz, «irregulartasunak» egon zirela emaitzetan. Kenyatta jarduneko presidenteak epaia onartu du —lau epailek alde bozkatu dute, eta bik kontra—, nahiz eta ados ez egon. Odingak «historikotzat» jo du ebazpena. Bozen ondoren gertatutako istiluak gogoan, biek lasaitasuna eskatu diete beren jarraitzaileei.

Izan ere, abuztuaren 8aren osteko egunetan, gutxienez 28 lagun hil ziren liskarretan. Emaitzek sortutako errezeloak eragin zituzten. Hauteskunde Batzordeak abuztuaren 11n jakinarazi zituen emaitza ofizialak —Kenyattak botoen %55a (8,2 milioi bozka) eta Odingak %46a (6,8 milioi bozka)—, baina oposizioko buruak hiru egun zeramatzan botoak kontatzean zibereraso bat gertatu zela salatzen. Eta Gorenak, nolabait, arrazoia eman dio Odinga beteranoari. David Maranga epaileak nabarmendu zuen Hauteskunde Batzordeak ez duela jokatu Kenyako Konstituzioak eskatzen duen maneran; beraz, baliorik gabe utzi du Kenyattaren garaipena. 60 egun baino lehenago hauteskundeak egitea agindu du Gorenak.

Afrikako Batasuneko, EB Europako Batasuneko eta AEBetako begiraleek botoen kontaketa zaindu zuten, eta adierazi ez zutela «manipulazio» zantzurik atzeman. Hain zuzen, begirale horien kontra egin zuen Odingak atzo. «Iruzurraz konturatu baino lehenago alde egin zuten. Haien egitekoa berriz pentsatu behar da, oso politizatuta egon daiteke eta». Dena den, batez ere Hauteskunde Batzordeko kideak izan zituen gogoan —Chris Masando batzordeburua tortura zantzuekin hilda agertu zen, hauteskundeak baino astebete lehenago—: «Orain argi dago Hauteskunde Batzordeko kide guztiak ustelak zirela. Norbaitek erantzukizuna hartu beharra dauka». Eskatu zuen bai batzordeko kideak eta bai begiraleak ikertu ditzatela. Paul Muite Hauteskunde Batzordeko abokatuak, ordea, beste aldera begiratu zuen epaiaren berri eduki eta gero: «Ongi edo gaizki, baina Gorenak bere epaia eman du. Kenyarrek, hortaz, haien presidentea hautatzeko beste aukera bat dute». Hemeretzi milioi lagunek dute bozkatzeko aukera, eta aurreko bozetan handia izan zen parte hartzea: ia %80koa.

Odingak, gainera, eskerrak eman zizkion Auzitegi Gorenari, Afrika guztiarentzako «eredugarria» den epaia eman duelako. «Aurrekari bat ezarri du». Izan ere, Afrika ekialdean sarritan inpugnatu dituzte bozetako emaitzak, iruzurrarengatik, baina inoiz ez baliogabetu. Atzo arte.

Auzitegiaren eraikinaren kanpoaldean bildu ziren oposizioko buruaren zaleak, eta epaia ospatu zuten. Jarduneko presidenteak agerraldia egin zuen telebistan, eta ebazpena onartu arren, eztenkada eman zien Goreneko epaileei: «Sei pertsonak erabaki dute jendeak nahi duenaren kontra egitea». Ironiari ere tira egin zion, gainera, eta hurrengo bozetan «programa bera» aurkeztuko duela iragarri.

Nairobi hiriburuko kaleetara atera zen gero, eta, furgoneta baten sabaira igota, lasaitasuna eskatu zien bere jarraitzaileei. «Bakean sinesten dugunez, legean sinesten dugunez, utz diezaiegun nahi dutena esaten».

Gizarte etnikoa

Bakea eskatu zuen Kenyattak, erabakiak kaosera eraman baitezake Afrika ekialdeko ekonomia indartsuena dena. 2007an ere, Jubilee nagusitu zen presidentetzarako bozetan —Mway Kibaki zen hautagaia orduan—, baina txikia izan zen oposizioari ateratako aldea. Ustelkeria salatu zuten, horrek liskarrak piztu zituen kalean: 1.200 lagun inguru hil ziren ondorengo hiru hilabeteetan, eta 600.000 desplazatu izan ziren.

Kenyatta lehen ministroa zen orduan, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak gizateriaren aurkako delituak egiteaz akusatu zuen. Iaz, baina, lekuko nahikorik ez zegoela eta, kasua itxi zuen.

Biolentzia etnikoa lehertu zen orduan, 2007an. Izan ere, etnien arteko desadostasunek batasun soziala eragozten dute. Kenyatta Kikuyu etniakoa da —gehiengoa osatzen dute Kenyan—, eta Odinga, berriz, Luo etniakoa, zeina luzaroan baztertuta sentitu den. Bi politikariak, gainera, etsaituta daude. Haien aitak aliatuak izan ziren Britainia Handiarekiko independentzia lortzeko borrokan, baina etsaiak bihurtu ziren gero.

Bestalde, gorabidean dagoen herrialdea da Kenya, baina hazkundeak ez die denei modu berean eragiten, eta biztanleen %45 pobre bizi dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna