Korsika. Macronen bisita

Atea itxi, leihoa ireki

Simeonirekin eta Talamonirekin batzartu da Macron, bere iritzia jakinarazteko. Presoen amnistiari atea itxi dio Frantziako presidenteak, Erignacen omenaldian
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, atzo, Yvan Colonna kartzelatutako militante independentista korsikarraren emaztearekin.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea, atzo, Yvan Colonna kartzelatutako militante independentista korsikarraren emaztearekin. CHRISTOPHE PETIR TESSON / EFE

Ander Perez Zala - Berriemaile berezia

2018ko otsailak 7
Korsikaren etorkizunean eragin zuzena izango duen bilera da. Iazko abendutik gogoz esperotakoa, eta, nazionalisten ustetan, egungo egoera politikoa «desblokeatzeko» beharrezkoa. Parisen egindako bilera sortaren ostean, Gilles Simeoni Korsikako presidenteak eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidenteak Emmanuel Macron Frantziako presidentea jo zuten egoera aldatzeko giltza bakartzat. Hiru politikariak atzo iluntzean batzartu ziren lehenengoz kolektibitatearen egoitzan —pare bat orduz—, nazionalisten aldarrikapen historikoei buruz hitz egiteko eta negoziazioak zabaltzeko aukeraz eztabaidatzeko. Eta, garrantzitsuena, bi buruzagiek jakiteko zein den Macronen iritzia beren aldarrikapenen inguruan. Bileraren ondoren ez zuten, ordea, adierazpenik egin.

Autonomia estatutua, preso politikoen hurbiltzea eta aministia, hizkuntzaren koofizialtasuna, hainbat dira nazionalistek mahai gainean jarri dituzten eskariak. Macronek, ordea, bi erakundeen artean autoritate lerro garbi bat jartzeko asmoa du. Gaur egingo du diskurtso erabakigarria, Bastian; han jakinaraziko ditu, jendaurrean, zein diren bere asmoak.

Prefetaren omenaldia

Ikusmin handia sortu duen bisitako lehen geltokia zen: Macron Korsikara heldu zen atzo goizean, kargua hartu zuenetik lehenengoz, eta larunbateko manifestazio arrakastatsutik hiru egun bakarrik igaro zirenean. Iritsi eta berehala izan zuen lehen ekitaldia, Ajaccio hiriburuan: Claude Erignac prefeta zenaren omenaldia. 1998ko otsailaren 6an hil zuten Erignac, tiro batez, Colonel Colonna Ordano etorbidean, hiri erdian. Urtero bezala, hilketaren toki berean egin zioten omenaldia prefetari, eta Macronek lehenegoz egin zien erreferentzia Korsikako nazionalisten aldarrikapen historikoei: «Ahanzturarik, barkamenik eta amnistiarik gabeko justizia baten alde», aldarrikatu zuen Macronek, prefeta hil zutenei buruz aritzean. Simeonirekin eta Talamonirekin batzartu aurretik itxi zion atea presoen amnistiari. Korsikako egoera politiko eta juridikoari begira, aldiz, eztabaidarako leiho bat ireki zuen: «Bere etorkizunaren eta bere itxaropenaren mailan dagoen etorkizun bat behar du Korsikak».

Goizeko hitzordua hurbildu ahala, pixkanaka betetzen hasi zen etorbidea. Prefet ohiak, ordezkari politikoak, kazetariak, segurtasun indarrak, armadako kide ohiak, omenaldirako gunea azkar bete zen, protagonista nagusien zain. Eskola bateko ikasleak ere gonbidatu zituzten, eta ilusioa ikusten zitzaien aurpegian. Atzean, herritar asko Macron eta Simeoni ikustera eta agurtzera joan zirenak; ordea, Simeoni izan zen haiengana hurbildu zen bakarra.

Korsikako presidentea Jean-Felix Acquaviva Frantziako Asanbleako diputatuarekin —korsikar nazionalista— bertaratu zen ekitaldira; Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidentea, aldiz, ez zen han izan, hainbatetan adierazi zuen bezala. Macronekin batera, Paristik etorri ziren Gerard Collomb Frantziako Barne ministroa, Jacqueline Gourault Barne ministroaren alboko eta gobernuaren negoziatzailea, eta Marlene Schiappa Berdintasunerako Estatu idazkaria, besteak beste.

Erignacen omenezko diskurtsoan, Frantziako presidenteak arreta jarri zuen Frantziaren eta Korsikaren arteko loturan eta harreman historikoetan, batez ere bi mundu gerretan izan zuten borroketan: «Independentziaren alde borrokatu ziren biak, Frantziaren independentziaren alde». Txalo zaparrada jaso zuen orduan.

«Frantzia barruan»

Macronek zin egin zuen lanean jarraituko duela Korsika «baketzeko» eta haren etorkizuna «Frantziaren barruan bideratzeko», Erignacek «egingo zukeen bezala». Horrez gain, prefetaren hiltzaileen aurkako diskurtso gogorra egin zuen Frantziako presidenteak, besteak beste Simeoniren aurrean; hain justu, Korsikako presidentea Yvan Colonnaren abokatua izan zen, Erignacen hilketa egotzita zigortuetako batena. Hain justu, arratsaldeko hitzordu batetik ateratzean agertu zitzaion Macroni Stephanie Colonna presoaren emaztea: «Urtebete da nire semeak ez duela aita ikusten. Gizaki bat da, ez animalia bat. Egin zerbait, keinu humano bat behintzat». Frantziako presidenteak erantzun zion eztabaidatuko dutela, eta lan egingo duela umeak aita ikusteko aukera izateko.

Hitzaldiaren aurretik, Macronek prefetaren omenezko plaka bat estreinatu zuen, Dominique alargunarekin eta haren seme Charles-Antoinekin eta alaba Marie-Christopherekin batera: atzodanik, Colonel Colonna Ordano etorbidean Claude Erignac izeneko plaza bat dago. Eta, plaza horretan, Memoriara gunea, Emmanuel Saulnier artistaren obra bat, prefetaren figura gogorarazteko.

Lehen aldia zen Dominique Erignac Korsikara itzultzen zela. Hiru arrazoi eman zituen erabakia azaltzeko: «Batetik, gaur estreinatu dugun plaza bakerako eta anaitasunerako toki bat delako. Bestetik, gaur errepublikak nire senarrari omenaldia egiten diolako. Hona etorri gara erakusteko errepublika bizirik dagoela. Errepublikak ez du inoiz ahaztuko gertatu zena. Azkenik, senarra oroitzeko etorri gara», adierazi zuen bere hitzaldian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna