Moskuk uko egin dio espioi ohiaren erasoa azaltzeari, pozoiaren lagin bat izan arte

Mayk Moskuri bart arteko epea eman zion azalpenak emateko. Arma Kimikoei Buruzko Konferentzian adostutakoa betetzeko eskatu dio Lavrovek Londresi

Erresuma Batuko armadako kideak, ikerketa lanetan, arropa bereziekin, herenegun, Salisburyn. NEIL HALL / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bart gauerdian amaitzekoa zen Erresuma Batuko lehen ministro Theresa Mayk Errusiari jarritako epea, Salisburyn (Ingalaterra) pozoitu zituzten Sergei Skripal Errusiako espioi ohiaren eta haren alabaren kasuari buruzko «azalpen sinesgarri bat» emateko, neurriak hartu baino lehen. Errusiako Atzerri Ministro Sergei Lavrovek, ordea, esan zuen Moskuk ez duela azalpenik emango ustez espioi ohia pozoitzeko erabili zen substantziaren laginik ematen ez badiete, ikertu ahal izateko. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eta EB Europako Batasunak babesa adierazi diote Londresi, eta elkarlanerako asmoa erakutsi.

Mayk garbi hitz egin zuen Erresuma Batuko Komunen Ganberan, eta nabarmendu zuen Errusia erasoaren atzean egon zitekeela. Bi aukera jarri zituen mahai gainean: Errusiaren «eraso zuzen bat» izatea, edo Moskuk «kontrola galdu» izana, pozoia okerreko eskuetan erortzen utziz.

Lavrovek, berriz, «bere betebeharrak» betetzeko eskatu zion Mayri. Arma Kimikoei buruzko Konferentziaren arabera, Londresek «berehala jarri beharko zuen harremanetan ustez armen jatorri den estatuarekin», esan zuen. Konferentziaren araudian ezarritakoari jarraituz, hamar eguneko epean Moskuk erantzun bat emango lukeela azaldu zuen. Errusiako Atzerri ministroak gehitu zuen ustez inplikatuta dagoen estatuari substantziarako «sarbidea izateko eskubidea» bermatu behar zaiola, eta kasu honetan ez dela halakorik egin, Errusiak ikerketako material guztiaren berri izatea eskatu arren.

Errusiako FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko —lehen, KGB— zuzendari ohi Sergei Stapaxin harago joan da, eta adierazi du Erresuma Batuko zerbitzu sekretuak egon daitezkeela erasoaren atzean.

Bi gobernuek bestearen enbaxadoreak deitu dituzte. Herenegun bildu zen Aleksander Jakorenko Londresko gobernuarekin, eta atzo Laurie Bristowen txanda izan zen, Moskun. Bristowek adierazi zuen Mayk gaur hartuko duela gaiaren inguruko erabaki bat.

Skripalen kasuaz gain, Errusiako agintariekin lotuta egonik, azken urteetan Erresuma Batuan hil diren hamalau lagunen heriotzak ere ikertuko ditu Londresek. Hala azaldu du Amber Rudd Barne ministroak, parlamentuak eskatuta. Orain arte, heriotzak ez dira susmagarritzat jo, baina hedabideek Kremlinekin lotu izan dituzte pertsona horiek.

Mendebaldea, Mayrekin

Gaia, ordea, ez da Moskuren eta Londresen arteko gatazka soila. EBk bat egin du Londresekin, eta mahai gainera atera du Errusiari isunak ezartzeko aukera, ezer zehaztu ez duen arren. Frantziako presidente Emmanuel Macron ere prest agertu da gaiaren inguruan «elkarlan estuan» aritzeko.

Mayren alde agertu da Jens Stoltenberg ere, NATOko idazkari nagusia. Agente nerbiosoen erabilera «ikaragarria» da, Stoltenbergen esanetan, eta adierazi du Londresekin harremanetan jarri dela kasua argitzeko. AEBetako presidente Donald Trumpek, berriz, Mayren azalpenak entzun ostean, ados badaude, «Errusia edo beste edonor» kondenatuko dutela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.