Tubos Reunidosek burtsako erorialdiari galga jartzea lortu du, oraingoz

Amurrioko taldeak idatzi bat plazaratu du, balore merkatuak lasaitzeko. Azken auditorian aipaturiko ziurgabetasunak akzioak amildu zituen joan den astean
Tubos Reunidosek Trapagarango Productos Tubulares itxi nahi duen beldur dira hango langileak.
Tubos Reunidosek Trapagarango Productos Tubulares itxi nahi duen beldur dira hango langileak. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Irune Lasa -

2018ko martxoak 20
Tubos Reunidos tentsioz betetako egunak ari da igarotzen. Azken sua joan den astean piztu zaio, burtsan, iazko urteko kontuei PWCk (PriceWaterhouseCoopers) egindako auditoriak enpresaren jarraitutasunari buruzko «ziurgabetasunak» aipatu ostean. Asteazkenean, %12 jaitsi ziren konpainiaren akzioak; ostegunean, beste %32, eta, ostiralean, %10.

Su hori itzaltzeko asmoz, Tubos Reunidosen agiri bat zegoen atzo goizerako CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen mahai gainean, eta egun batez behintzat lortu zuen bere helburua; Tubos Reunidosen akzioek %30eko igoerarekin itxi zuten eguna.

Bere idatzian, Amurrioko konpainiak jakinarazi du PWCk 2017ko kontuei egindako auditorian aipatzen ziren «ziurgabetasun materialak» enpresaren funtzionamenduari dagozkiola, eta ez direla inondik ere kontu horiei egindako salbuespen bat. «Ondorioz, edozein moduz, auditorearen iritzia aldekoa da», azaldu dio Tubos Reunidosek burtsako agintaritzari.

Tubos Reunidosek aitortu du egon badaudela bere jarduna baldintzatzen duten faktoreak: lantaldearen gastua murrizteko planaren ezarpena, euro-dolar trukea eta lehengaien prezioen bilakaera. Horiei, jakina, orain gutxi piztutako beste su bat gehitu behar zaie: AEBek altzairu inportazioei ezarri nahi dizkieten %25eko muga zergak. Donald Trumpen gobernuak esan du salbuespenak egongo direla, baina oraindik argitzeko daude. Kontuan izanik Tubos Reunidos taldearen salmenten %46 AEBetara egiten direla, baliteke Amurrioko taldearentzat kolpe ederra etortzea Washingtondik.

Etxe Zuriaren neurri protekzionisten xehetasunak, hain zuzen, ostiral honetan jakingo dira, eta ordura arte itxaron nahi izan du Tubos Reunidosek Productos Tubulares bere filialeko langileen ordezkariekin biltzeko. Arrazoi hori eman die, behintzat, haiekin martxoaren 13an egitekoa zuen bilera atzeratzeko.

Productos Tubularesen ere su handia du piztua Tubos Reunidosek. Iazko emaitza kaskarrekin batera, taldeak «langileriaren doikuntza» baten beharra iragarri zuen, eta zuzenean Trapagarango filiala aipatu. Orain, Trapagarango lantegiko 150 langileek ziurtzat dute kaleratu egin nahi dituztela, eta kudeaketa txarraren eta erabaki okerren pagaburu sentitzen dira. Greba mugagabean daude martxoaren 8tik.

Joan den ostiralean, manifestazioa egin zuten Bilbon —mila lagun inguru bildu ziren—, eta, sindikatuetako ordezkarien azalpenak entzuten ari zirela, Guillermo Ulazia Tubos Reunidoseko presidentea haiengana jaitsi zen. ELA sindikatuak salatu zuen Ulaziaren jarrera «probokaziozkoa» izan zela.

Egoera ez da samurra Ulaziaren konpainiarentzat. Azken hiru urteetan 100 milioi euroren baino gehiagoren galerak izan ditu —34 milioi iaz—, eta 200 milioi eurotik gora zorra du. PWCren auditoriaren arabera, Tubos Reunidosen maniobra funtsa —kaudimena eta berehalako ordainketak egiteko konpainiaren gaitasuna adierazten dituen indizea— zenbaki gorrietan zegoen 2017. urte amaieran, -3,8 milioi euroan.

Amurrioko taldeak atzoko idatzian azpimarratu duenez, kopuru hori txikia da, soilik %2,6koa taldearen ondare garbiarekiko (144 milioi euro). Era berean, Tubos Reunidosek gogoratu du 2017. urteko maiatzean berritu zuela bere kreditua banku talde batekin, 2022ra arte haziz joango diren amortizazioekin. Likidezia tentsioei buruzko zurrumurruak ere argitu nahi izan ditu konpainiak. Haren arabera, 2018. urtearen hasieran 49,7 milioi euroko likidezia zuen taldeak —19 milioi altxortegian eta 30,7 gehiago kreditu lerroetan—.