Zerbitzuak kanpora ateratzea geratu nahi du Gipuzkoako hoteletako langileen grebak

Lurraldeko ostatuek gero eta lan gehiago uzten dituzte kanpoko enpresen esku. Sektorea garai onean dagoenez, KPIz gaineko soldata igoerak eskatu dituzte

ELA, CCOO, LAB eta UGTko hoteletako ordezkariak grebara deitzen, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
Donostia
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Langilerik gabeko hotelak aurki ditzakete UNTWO Munduko Turismo Erakundeko ordezkariak maiatzaren amaieran Donostiaradatozenean. Izan ere, Gipuzkoako hiriburuko ostalariek gorriz marraztuta dituzten hiru egun—maiatzaren 23a, 24a eta 25a— aukeratu baitituzte sindikatuek lurraldeko hoteletako 1.600 langileak grebara deitzeko. Lanuztea bertan behera geratzeko ez da nahikoa izango negoziazioa desblokeatzea. «Ituna edo zerbait irmoa ez badago, greba egingo dugu», ohartarazi zuten atzo ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, Donostian.

Bi dira grebaren arrazoi nagusiak. Batetik, soldata igoera dago. 2014. urtean azken lan hitzarmena iraungi zenetik erosteko ahalmena galdu dutenez, inflaziotik gorako soldata igoerak eskatu dituzte: KPIa gehi %1,5 2017an, 2018an eta 2019an.

Hotelek horretarako ahalmen ekonomikoa badutela uste dute. «Ez da krisian dagoen sektore bat», ziurtatu zuen Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak. Sindikatuek gogorarazi dutenez, urtez urte ostatuen betetze maila gora egiten ari da —%10 2018an bertan—, eta lurraldean hogei hotel eraikitzeko asmoek erakusten dute negozioa egon badagoela.

Bigarren eskaera zerbitzuak kanpora ateratzeari lotuta dago. Gero eta hotel gehiagok zerbitzu enpresen esku uzten dituzte hainbat lan, merkeago ateratzen zaizkielako. Badira zerbitzu jakin batzuk kanpora atera dituzten hotelak —batez ere gela garbiketak, mantentzea eta taberna—, baina badira harrera izan ezik gainontzeko zerbitzuak kanpora atera dituzten establezimenduak ere. Azken horien artean Donostiako hiru hotel aipatu dituzte: Zenit, Akelarre eta Tabakalerakoa. Lehenen artean leudeke Londres, Barcelo Costa Vasca eta Mercure Monte Igueldo, hiru horiek ere hiruburuan. 250-300 lagun leudeke lan horiek egiten, «%99 emakumeak».

Soldaten erdia

Joera orokortzen ari dela diote sindikatuek, eta oso kezkatuta azaldu dira, kanpora ateratako zerbitzuetako langileen lan baldintzak oso txarrak iruditzen zaizkielako. Lanaldi luzeagoak eta soldata txikiagoak dituzte. Kasu batzuetan, hotelek zuzenean kontratatzen dituzten langileen soldaten erdia jasotzera iritsdaitezke: enpresa batzuek gutxieneko soldata ordaintzen dute (735,90 euro), eta lan hitzarmenak 1.400 euro inguruko soldatak bermatzen ditu.

Zerbitzuak kanpora ateratzeaamaitu nahiko lukete sindikatuek, sektore osoan prekaritatea bultzatzen duelako. Baina hori lortzerik ez badute, gutxienekotzat jo dute langile horiei egonkortasuna ematea eta hoteletako ituna ezartzea.

Hitzarmena berritzeko negoziazioak urrian eten ziren, eta ordutik ez dute bilerarik izan. Elkarrizketetan, Aspagi patronal nagusiak —Adegiko kidea— ,eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak onartu dute esternalizatutako langileei ituna ezartzeko aukera, baina bermerik gabe, eta ordain gisa soldata igoeretan amore emateko eskatu diete sindikatuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.