Ukrainako matxinoek 1.200 gatibu askatu dituzte, bake planari jarraikiz

Presidenteak Mariupol hiria bisitatu du, frontean, su-etena eman eta hiru egunera.

EBk Errusiari ezarritako zigorrak gogortzea erabaki du
Petro Poroxenko Ukrainako presidentea bizkarzainez inguratuta, atzo, Mariupolen.
Petro Poroxenko Ukrainako presidentea bizkarzainez inguratuta, atzo, Mariupolen. ANATOLY MALTSEV / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 9
Ukrainako Gobernuak eta matxinoek Minsken sinatutako protokoloari jarraikiz, hasi da gatibuak trukatzeko prozesua. Errusiazaleek egin dute lehen urratsa: 1.200 gatibu askatu dituzte azken egunetan. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak berak eman du soldaduen askapenaren berri, eta esan du gainontzeko 863 gatibuak aste honetan askatuko dituztela. Aleksandr Zakhartxenko Donetsk eskualdeko matxinoen buruak jakinarazi duenez, Kiev bihar hasiko da gatibuak askatzen.

Mariupolen izan da presidentea, Donetsk eskualdeko bigarren hirian, su-etena indarrean jarri eta hiru egun igaro ez direnean. Errusiazaleez inguratu dago Mariupol. Ukrainak Azov itsasoan duen portu nagusia da. Larunbat gauean borrokak izan ziren kanpoaldean, eta gutxienez zibil bat hil zuten. «Alertari eusteko» eskatu die herritarrei Poroxenkok.

«Gure armadak eta mugako zaindariak bolbora lehorra dute. Baina ahal duguna egingo dugu egoera politikaren bidez konpontzeko», azaldu du presidenteak. Matxinoei leporatu die Errusia eta Krimea lotzeko korridore bat ezarri nahi izatea Azov itsasaldean. Presidenteak onartu du segurtasun indarrek aholkatu dutela bisita bertan behera uztera. «Egoera honetan, presidentearen tokia hemen dago».

Mariupolen ez ezik, Donetsk hirian ere bonbardaketen berri eman dute. Halere, bi aldeek ukatu egin duten eraso horiek egin izana. Ukrainako soldaduen posizioak tirokatu dituztela salatu du armadak.

Arseni Jatseniuk lehen ministroak esan du su-etena haustekotan, gerra legea ezarriko dutela. «Hau gerra bat da, nahiz eta ofizialki horrela ez egon adierazita». Neurri horrek botere osoa emango lioke Poroxenkori. Jatseniuken ustez, «onartezina» da su-etenak gatazkaren muina estaltzea. «Munduak ezin du Errusiaren erasoa ahaztu».

Kievek eta matxinoek ostiralean adostutako su-etenari eutsi diote, nahiz eta borrokak ez diren guztiz eten. Bi aldeek elkarri leporatu diote menia apurtu izana. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen arabera, meniak indarrean jarraitzen du, baina oraindik «oso hauskorra» da. «Hurrengo egunak erabakigarriak izango dira», esan du Thomas Greminger Suitzak erakundean duen enbaxadoreak.

ESLAko presidentea ez da baikorra su-etenaren inguruan. «Funtziona dezake eragileek hala nahi badute, konponbide iraunkor baten alde egiten badute». Beste 250 nazioarteko aditu kontratatuko dituzte misioa zabaltzeko eta menia betetzen ote den egiaztatzeko.

Hain zuzen ere, ESLAk egin ditu bi aldeen arteko bitartekaritza lanak, Errusiarekin batera. Beste bilera bat egin zuten atzo konferentzia bidez, giza korridoreei eta gatibuen trukatzeari buruz hitz egiteko.

Aire eremua itxi

Bestalde, EB Europako Batasunak onartu egin du Errusiari uztailean ezarritako zigorrak gogortzea. «Hurrengo egunetan» sartuko dira indarrean neurriak, Europako Aldizkari Ofizialetan argitaratzean. Europako Batzordearen arabera, zigorren helburua da Errusiak Ukraina ekialdean duen jarrera aldaraztea. EBk Moskuri leporatzen dio matxinoak laguntzea eta egoera desegonkortzea. Halere, su-etenari eusten badiote, zigorrak altxatzeko aukera zabalik utzi dute.

Errusiako Estatuko bankuei eta enpresei kapitalen merkaturako sarrera galarazi, eta defentsa eta teknologiako produktuen salmentetan ezarritako debekua gogortuko du neurriak. Horrez gain, matxinoen gertuko beste 24 laguni EBra bidaiatzea debakatuko dieteeta ondasunak izoztuko dizkiote.

Entzungor egin dio EBk Dmitri Medvedev Errusiako lehen ministroaren ohartarazpenei. Izan ere, agintariak esan du «modu asimetrikoan» erantzungo dietela zigorrei. Mendebaldeko aire konpainiei Errusiako aire eremua itxi diezaieke Kremlinek zigorren erantzuteko. «Zama hegazkinek gure aire eremua saihestu behar badute konpainia askok porrot egingo dute», adierazi du Errusiako gobernuburuak. Haren esanetan, zigorrek nazioarteko segurtasuna arriskuan jar dezakete.

Ukraina ekialdeko gatazka dela eta, Gerra Hotza amaitu zenetik inoiz baino gehiago gaiztotu dira Errusiaren eta Mendebaldearen arteko harremanak. Medvedeven arabera, Errusiak orain arte zuhur jokatu du. Are gogorrago joka dezakeela eman du aditzera. «Erantzun politikoak zigor ekonomikoak baino okerragoak izan daitezke».

Medvedevek adierazi du inportazioen mendekotasuna gutxituko dutela, esaterako, Errusian eginiko hegazkinen ekoizpena handituz. Lehen ministroaren ustetan, zigorrak Errusiaren ekonomiarentzat «onuragarriak» izan daitezke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna