Pultsua agintari federalei

Mexikon errepideak itxi eta Guerreroko 81 udaletxeak hartzeko asmoa agertu dute manifestariek.

Igualan desagertutako 43 ikasleen auzia argitzea nahi dute

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 17
Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu lelopean, etengabeak izan dira Mexikoko Iguala probintzian irailaren 26an Poliziak atxilotu eta ustez narkotrafikatzaileen esku utzitako 43 ikasleen auzia argitzeko nahiz istiluetan sei manifestari hil izana salatzeko egin dituzten protestak. Astelehenean, Guerrero estatuko Gobernu Jauregiari su eman zioten manifestariek, eta atzodanik, errepideak ixten ari dira, garraiolariak ez igarotzeko. Baina, presio bide gisa, protestak are gehiago gogortzea erabaki dute: Guerreroko 81 udaletxeak eta hedabideen egoitzak okupatzen hasiko direla jakinarazi du ANP Herri Batzar Nazionalak, desagertutako ikasleen guraso eta kideez gain 50 bat irakaskuntza talde, sindikatu eta gizarte erakunde biltzen dituen elkarteak.

Ayotzinapako maisu-maistra eskolan egindako batzarrean, hangoak baitira Igualan desagertutako 43 ikasleak, Mexikoko Gobernuari ultimatum bat ematea erabaki zuten: beren eskakizunak bete ezean, Guerreron botere legegilearen, betearazlearen eta judizialaren egoitzak hartuko dituzte. Ikasleak hilik aurkituz gero zer neurri hartuko luketen ez dute azaldu, bizirik aurkitzeko itxaropenari eusten baitiote.

Acapulcon gaur bertan egingo duten «megamanifestazio bat» izango da protesta molde gogorragoen abiapuntua, eta astelehenean 72 orduko geldialdi bat hasiko dute Mexiko osoko maisu-maistra eskoletan. Mexikoko agintari federalei auzia argitzeko ezer gutxi egin izana eta «luzamendutan» aritzea egotzi diete ANPn bildutako ezker muturreko taldeek, eta bereziki kritikoak agertu dira Guerreroko gobernadore Angel Aguirrerekin: dimisioa eman beharrean, ez duelako ezer argitu, karguan «gotortu» egin dela salatu dute. PRD alderdi ezkertiarreko gobernadoreak kargua uztea egun gutxiko kontua dela diote analista gehienek.

Guerreroko mugak aspaldi gainditu zituen protestak, dena den. Mexikoko berrogeitaka eskola eta unibertsitatetan lanuzteak egin dituzte, eta Barruti Federalean Fiskaltzaren egoitzari eraso zioten manifestariek asteazken arratsean —ostegun goizaldea Euskal Herrian—, Igualan desagertutako 43 ikasleak onik agertzea eskatzeko Unibertsitate Hiritik abiatutako protestaren amaieran.

Enrique Peña Nieto presidentea ataka zailean jarri dute Igualako gertakariek. Mexiko aurrerabidean jartzeko promesa ekonomikoekin iritsi zen agintera PRI alderdiko buruzagia, eta hainbat programa jarri ditu abian, baina narkotrafikoak berriro gaina hartu dio. Izan ere, Igualako alkatearen emazteak antolatutako ekitaldi baten kontrako protestetan hil zituen Poliziak sei ikasle, irailaren 26ko gauean. 25 zauritu eta 43 atxilotu ere izan ziren, baina atxilotuak ez ziren polizia etxera iritsi. PRG Mexikoko Fiskaltzak egindako ikerketen arabera, Igualako poliziek Coculako Hiri Segurtasunerako agenteen esku utzi zituzten 43 ikasleak, eta horiek Guerreros Unidos kartelaren esku.

Hobiak eta gorpuak

Hiru astean egindako ikerketek agerian utzi dute narkotrafikatzaileen, polizien eta udal agintari batzuen arteko lotura. 50 bat pertsona atxilotu dituzte, polizia eta narkotrafikatzaileen artean, baina Igualako alkatea, haren emaztea eta hiriko poliziaburua ihes eginda daude, eta ikasleen arrastorik ez dago.

43 ikasleak narkoek hilko zituztelakoan, Igualan hobi komunen bila aritu dira Guerreroko Polizia Komunitarioko kideak; indigenak gehienak, desagertutako ikasleen gisan. Eta guztira 19 hobi eta 28 gorpu aurkitu dituzte; baina DNA probek erakutsi dute ez zirela desagertutako ikasleenak.

Aurkitutako hobi kopuruak argi erakusten du narkotrafikoarekin lotutako kartelek Guerreron daukaten indarra. Hilketa kopuru handiena duen estatua da Mexikon: 69,57 hildako izan ziren iaz 100.000 biztanleko, eta herrialdeko batez bestekoa 19,05 da.

Herritarrek Poliziarekin duten mesfidantzaren adierazgarri, aste honetan bertan Guerreron ikaskide batzuekin autoan zihoan alemaniar bat tiroz zauritu zuten errepide kontrol batean, gelditzeko keinuari jaramonik egin ez —poliziek bahitu egingo zituztela uste izan zuten— eta ihesari eman ostean.

Oraingoz, protestak gogortuko dituzte, ikasleen desagertzea argitzeko presio bide gisa. Hilik aurkituz gero, Guerreroko eltzea lehertu egin liteke, SNTE Hezkuntzako Langileen Sindikatu Nazionaleko bozeramaile baten esanetan: «Gure etsipena adierazteko ari gara protestan; baina, neska-mutilak hilda badaude, beste neurri batzuk hartuko ditugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna