Ezezagunaren zain

Kubatarrek pozez eta itxaropenez hartu dute AEBekin harremanak normaltzeko akordioa, baina kezka ere badute, egoera berriak zer ekarriko duen ez baitakite
Bi ikasle kubatar, AEBek ezarritako bahimenduaren aurreko garaiak ezagutu gabeak, Habanan.
Bi ikasle kubatar, AEBek ezarritako bahimenduaren aurreko garaiak ezagutu gabeak, Habanan. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE

Jose Miguel Arrugaeta -

2014ko abenduak 20
Iragan asteazkena, abenduaren 17a. San Lazaro eguna. Babalu Aye, santu afrikarrentzat. Erromesaldi eguna Kubako txoko guztietatik eta baita Kuba kanpotik ere. Goizaldetik kubatar ugarik hartu zuten Boyeros etorbide amaigabea, santuari agindutako promesak betetzeko, hark eman egin zielako eskatutakoa.

Santiago de las Vegaseko santutegi eta legenardunen ospitalea, Habana hiriburutik gertu, zordunen zain zegoen. Ororen gainetan, San Lazaroren irudia. Umila eta elbarria, piltzarra dariola, bi kale txakurrek zainduta. Kubatarrak, beren sinesmen erlijiosoetatik eta ateismotik harago, sineskeriatsuak dira. Haientzat «ezin du kasualitatea izan» erromesaldi egunak eta ustekabeko iragarpen politikoak bat egitea. Seinale ona dela uste dute.

Kubatarrek agindutako promesak betetzen zituzten egunean, eguerdian, aurretiko abisurik gabe, herrialdeko lau telebista kateek gobernuaren agerraldi berezia eskaini zuten. Raul Castro Kubako presidenteak iragarri zuen Barack Obama AEBetako presidentearekin akordioa lortu zuela: zenbait preso askatzea eta duela 54 urte etendako harreman diplomatikoei berriro heltzea.

Egun historikoa izan zen, zalantzarik gabe. Letra larriz idatzitako albistea. Sukaldeko lanarekin lortua. Isilgordean, bai bi aldeek, bai bitartekariek (Kanada eta Vatikanoa). Horregatik, kubatarrak, aurrena harritu egin ziren. Askok denbora behar izan zuten albistearen berri izateko, orduagatik eta lan eguna zelako.

Eta zer pentsatzen dute kubatarrek akordioaz? Kubatarrak, gero eta anitzagoak eta gero eta kontraesan gehiagorekin. Hasieran bazirudien guztiak bat etor zitezkeela: Kubako kubatarrak pozik daude. Betikoak salbu. Talde horretan sartu behar dira eragin handiko Yoanis Sanchez blogaria eta oposizioko talde txikiak.

Poza eta emozioa izan dira lehen erreakzioa, hiru herrikide bueltatu direlako, Obamak aske utzi ondoren. Gizatasuna eta samurtasuna nabarmenak dira telebistak zabaldutako familia giroko irudietan. Kubatarrak oso sentiberak dira, eta partekatu egin dute hiru presoen askatasunak eragindako poza.

Poza partekatzen dute, baina bakoitzaren pozak gako eta itxaropen ezberdinak ditu. «Ikusi al duzu hori!», dio Barbarak. Izen bereko zazpi hilabeteko iloba dauka besoetan. «Azkenean!». Barbarak amarekin eta anaiarekin partekatzen du apartamentua. Hamar lagun bizi dira bertan, lau belaunaldi. Bik bakarrik daukate lana. Ez dago garbi ea Barbarak uste duen aurrerantzean eguneroko gabezia gorriak desagertu egingo direla edo jada ez dutela kanpoko errudunaren aitzakia izango gabeziak egozteko.

Pixka bat hotzago eta eszeptikoago ageri dira futbol talde bateko mutilak. Ciudad Deportivako gune zabaletan entrenatzen dute astean hirutan. 18 eta 25 urte bitarteko talde heterogeneoa osatzen dute. Batzuek lan egiten dute, ikasleak dira besteak; Habana Zaharra edo Santo Suarez dute bizitoki. Berotzen hasi aurretik, prestatzaileak albistea aipatu du, gaur ezinezkoa da politikari iskin egitea. Gazteek irribarre egin dute, baina ez dirudi esateko asko daukatenik. Erdi-raper eta erdi-rasta itxurako beltz garai eta traketsak hartu du hitza azkenean: «Orain hanburgesak jan ahal izango ditugu, orduan?». Danger izena du. Joelek osatu dio esaldia aldamenetik, Ronaldinhoren elastikoa eta airea soinean: «Eta jokatzeko oinetako merkeak erosi eta esparatrapuz betetako hauek harrika bota ahal izango ditugu».

Ironiaz harago, mingostasuna dario erantzunari. Aukera gutxiko gazteak dira, bizitza zailtasunez betea dute, eta futbolean maitasun grina baliote bezala aritzen dira. Blokeoa hasi eta gero jaiotako biztanleen %70 horietakoak dira. Ez dute besterik ezagutzen, eta ez daukate batere argi zer ekar diezaiekeen gertakari honek, zer ondorio izan dezakeen beren egunerokoan eta etorkizunera begirako aukeretan.

«Zentzurik ez zeukan»

Gauean, San Alejandroko Eskolakoak kontatu ditu Niurkak. Irakasle da bertan, artista plastikoa izateaz gain, eta ikasle zein irakasleak pozik eta festan ikusi ditu. Kubaren eta AEBen arteko harreman ezak «inolako zentzurik ez zeukan dagoeneko», haren esanetan. Felix Julio saiogile eta historialaria, berriz, aurrera begira dago: «Orain beste zerbait hasiko da. Ispiluan geure buruari begiratzeko eta prestatuta ote gauden ikusteko garaia iritsia da». Bistan da kultur munduan aurreikuspenak ez direla gazte futbolarienak bezalakoak.

Biharamunean, Ray Fernandez kantautoreak osteguneroko bilkura egin du. Toki aparta, giroari neurria hartzeko: 150etik gora pertsona kantari ari dira. Gustura dago Ray albistearekin eta halaxe adierazten du. Ez da harreman estreinatu berrien inguruko zenbait ohartarazpen egin gabe geratuko, hala ere: «Topa egiteko eguna da gaur, baina kontu handia behar dugu izan ajearekin». Pixka bat geroxeago, haurtzaindegi berri bat irekiko dutela esan du. Izena ere asmatu dio: «Baracken laguntxoak». Edalontzia altxatuta, «nire jende kubatarraren etorkizunaren alde» dio. Kritikarako tresnak gabe geratzeko arriskua ere aipatu du, eta erantsi, kantu bilduma osoa kantatzeko prest dagoela, «zaharkituta geratu aurretik». Eta hasi da agindutakoa betetzen, Bucanero-rekin lehenik, Paciencia-rekin segidan, El corrido del Gusano ondoren...

Kubatar batzuen lehen uneko erantzunak dira. Gizon eta emakume, adin eta egoera sozial guztietakoak, azken bost hamarkadetakoaren oso bestelako eszenatoki batean bizi beharko dute joan den asteazkenetik aurrera.

Bakoitzak du bere ametsa eta bere eskakizuna, baina etapa berri hau hasi besterik ez da egin. Aurretik, bide oso zaila dago. Agintari estatubatuarrek ekonomia eta finantza blokeoaren sare itxia desegiten hasi behar dute, eta bidaiak eta senideen joan-etorriak normaldu. Badira kontu gehiago ere. Eta ez da ahaztu behar AEBek Kuba desegonkortzeko lanean segituko duela, beste bide batzuetatik bada ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna