Lemazain berria ez dute berdin ikusten

Roberto Larrañaga presidente izendatzekoa da bihar Confebask patronala. SEAk proposatutako hautagaia ez da egokia Cebekentzat, eta ikusteko dago haren botoa. Adegik esan du ez duela inolako arazorik Larrañaga babesteko.

Iñaki Garcinuño (Cebek), Miguel Angel Lujua (Confebask), Peio Gibelalde (Adegi) eta Pascal Gomez (SEA). LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Zarata handia ateratzen ari da bihar Confebaskeko seigarren presidente izatekoa denaren izendapena. Lurraldeetako patronalen artean ez dago adostasunik hautagaiaren inguruan, baina horrek berez ez luke Roberto Larrañagaren presidentetza eragotzi behar, hautagaiak proposatzeko patronalen txandak errespetatzen badira behintzat.

Izan ere, Arabako SEAri egokitu zaio oraingoan hautagaia aurkeztea, eta eraikuntza alorreko Zikotz enpresako burua aukeratu du Miguel Angel Lujuaren lekukoa hartzeko. Haatik, Bizkaiko Cebekek ez du begi onez ikusten eibartarra, eta iragarri du ez dela segurua haren aldeko botoa; are gehiago, gehienez abstentziora joko duela ere badiote hainbat iturrik. Biharko batzarrean jakingo da emaitza, baina araudiak garbi dio presidente berriak hiru patronalen oniritzia behar duela. Horiek horrela, prozesua ez burutzea zaila ematen duen arren, Larrañagaren izendapena ez da segurua ehuneko ehunean.

Eta zer gertatzen zaio Cebeki Larrañaga ez onartzeko? Lehenik eta behin, prentsaren bidez jakin zuela Zikotzeko burua izango zela SEAren hautagaia, eta ez komunikazio ofizial baten bidez. SEAk ongi kudeatu ez zuen filtrazio horrek sortutako ezinegona bideratzeko batzarra egin zen hautagaiarekin, eta, paradoxikoki, ezinegona handitu egin zen. Larrañagak «protagonismorik» ez zuela nahi esan ei zion Cebeki, «soslai baxua» nahiago zuela, eta musika hori ez zitzaien batere gustatu bizkaitarrei.

Lan harremanak oso desarautuak dauden aro honetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalak biltzen dituen konfederazioak aurpegia eman behar duela uste du Cebekek; orain arte Miguel Angel Lujuak hedabideetan azaltzeko erakutsi duen maiztasuna nahiko luke Cebekek, patronalaren iritziak eta beharrak aldiro-aldiro gizartera daitezen.

Cebek beldur da LarrañagaSEAren irizpideei hauspo emateko pieza baino ez izatea. Hiru lurraldeen ahotsa izan dadin nahi du, eta horregatik dago ezbaian haren izendapena kargua hartzeko bezperan.

Gipuzkoa, berriz, ez da oztopo izango Larrañagaren izendapenerako, Adegik SEAren aukera errespetatuko duela iragarri baitu. Enpresek krisia gainditzeko abagunea kudeatzea egokituko litzaioke Larrañagari, betiere Cebekek baietza lortzen badu.

Historia pixka bat

Franco jeneralaren diktadura bukatu aurretik saiatu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresariak estreinakoz euren arteko erakunde bat eratzen. Einkor esan zioten lehenengo proiektuari, baina ez zuen askorik iraun. 1976an Zarauzko Euromar eraikinean egindako bileran, erakundea desegitea erabaki zuten; Euskadi ala País Vasco erabili, horretan ere ez zegoen adostasunik, adibidez.

Hiru lurraldeetan, ordea, patronalak bere erakundeak sortu zituen urte gutxian, batzuetan bat baino gehiago —gero bakarrean bildu baziren ere—, eta 1983ko martxoan, Confebask jaio zen, Pedro Arroyo, Jose Maria Vizcaino y Gonzalo Artiach, SEA, Adegui eta CEVeko presidenteek Bilbon emandako sinadurekin. 13.000 enpresa pribatu bildu zituen Confebaskek lehenengo urtean. 1988an, beste urrats bat egin zuen Confebaskek Espainiako CEOEn sartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.