Ortegak ez du aurkaririk

Nikaraguako oposizioko FAD blokeak ez du parte hartu hauteskundeetan, eta ez ditu emaitzak onartu. Botoen %72,5 lortu ditu buruzagi sandinistak

FSLNren jarraitzaileak, Managuan, hauteskundeen garaipena ospatzen. JORGE TORRES / EFE.
Adrian Garcia.
2016ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ez da ezusterik izan Nikaraguan, eta Daniel Ortegak aise irabazi ditu hauteskundeak, botoen ia hiru laurdenak jasota. FSNL Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako buruzagiak hirugarren legealdiari helduko jarraian, apenas oposiziorik gabe. Ehunka sandinista Managua hiriburuko kaleetan atera ziren herenegungo ordu txikietan ospatzera. Sandinisten garaipen erabatekoak, badu, ordea, orban bat: oposizioak salatu du hauteskundeak «iruzur bat» izan direla, eta ez ditu emaitzak onartu. FAD Demokraziaren aldeko Fronte Zabalak boikota egin die bozei, eta ez du parte hartu. Abstentzioa handia izan dela azaldu du oposizioko blokeak, %70 baino handiagoa. Halere, Hauteskunde Batzorde Gorenak gezurtatu egin ditu datuok: erroldaren %68k parte hartu du, eta, horietatik, %72,5ek egin dute Ortegaren alde. Alde nabarmena atera dio bigarren indarrari: %15 jaso ditu PLC Alderdi Liberal Konstituzionalistak.

Presidentetzarako bozez gain, parlamentuaren osaera ere erabaki behar zuten boto-emaileek. FSNL nagusi izango da legebiltzarrean: botoen %68 inguru jaso ditu Asanblea Nazionaleko bozetan. Erdialdeko Amerikako Parlamenturakoetan ere gehiengo osoz irabazi du.

Oposizioa, indargabe

Inkestek aurreikusi bezala, alde handiz irabazi dituzte bozak sandinistek, eta oposizioa eta haren eskariak indargabetu. Hauteskunde «pluralista eta gardenak» egitea eskatu du FADek. «Ez ditugu onartzen iruzur honen emaitzak; baliogabeak dira», adierazi du blokeko arduradun Violeta Granerak. Oposizioak salatu du gobernuak estatuko erakundeak monopolizatu dituela, alderdiei jazarri zaiela eta prentsa askatasuna murriztu duela.

EB Europako Batasunak eta AEE Amerikako Estatuen Erakundeak oposizioa babestu dute, eta salaketa horietako batzuk beren egin dituzte. Esaterako, erakunde horiek auzitan jarri dituzte orain bost urteko bozak. Igandeko bozetan ez ziren izan ez AEEren ez EBren ikuskatzaileak Nikaraguan, gobernuak ez baititu onartu.

Nolanahi ere, Ortega presidenteak bozak gardenak izan direla esan du, eta, adierazi duenez, Latinoamerikako bost presidente ohik, nazioarteko aditu talde batek eta 120 «pertsona entzutetsuk» ikuskatu dituzte hauteskundeak.

Eragin txikia izango dute hurrengo legealdian oposizioko alderdiek. Haien arteko tirabirek ere eragina izan dute hauteskundeen emaitzan, ezin izan baitira aurkeztu bloke bakar batean; hautagaitzari buruzko eztabaidak zirela eta, auzitegiek ebatzi zuten koalizioa deuseztatzea.

Somozatarren diktaduraren(1934-1979)aurka boterea armen bidez hartu zuen FSNLk, eta, nahiz eta diktaduraren ondorengo lehen hauteskundeak irabazi zituen 1984an, 1990. urtetik aurrera hamasei urte eman ditu oposizioan. 2007an hauteskundeak irabazita boterea berreskuratu zuten sandinistek. Urte horietan guztietan Ortega izan da alderdiaren hautagaia eta buruzagia.

Buruzagi sandinistak urte horietan guztietan jarrera moldatu du, boto-emaileak erakartzeko. Dagoeneko ez da 1980ko hamarkadako gerrillari gazte eta marxista. Enpresari garrantzitsuekin harreman sare bat eratu du, baita Eliza katolikoko eta ebanjelikoko sektoreekin.

Rosario Murillo idazlea Ortegarekin batera aurkeztu da hauteskundeetara, presidenteorde gisa. Analistek uste dutenez, egun duen boterea ofizial egin nahi izan du Murillok presidenteorde bihurtuta. Izan ere, senar-emazte dira Ortega eta Murillo, eta 2007tik rol nabarmena izan du idazleak gobernuan. Gobernuaren bozeramailea eta irudia izan da, eta jendaurrean ministroei kargu hartu izan die.

Onarpen maila handia du Murillok: %79koa, M&R Consultores zundaketa etxearen arabera. Halere, sandinisten artean baditu arerioak presidenteordeak, borrokalari historikoak gutxietsi dituela uste baitute batzuek. Presidenteari ezbeharren bat gertatuz gero, hark hartuko luke estatu buruzagitza. Oposizioak Murilloren izendapena baliatu du sandinisten gobernua «familia dinastia bat» dela saltzeko.

Erronka ekonomikoak

Hauteskundeetan lortutako garaipen zabalak oposizioko kritikak isilarazteko balioko diote Ortegari, baina erronka ekonomiko ugari ditu agintariak. AEBetako hauteskundeetan jarria dute arreta guztia Managuan. Izan ere, herrialde horretako kongresua Nikaraguaren aurkako zigor sorta bat onartzear da; senatuak berretsi zain daude. NICA legea indarrean sartuz gero, AEBek Munduko Bankuak eta BID Garapenerako Amerikarteko Bankuak Nikaraguari emandako maileguak oztopa ditzake. Herrialdeko aurrekonturako ezinbestekoak dira mailegu horiek, azpiegiturak eta gizarte programak finantzatzeko.

Horrez gain, Venezuelako krisi politikoa eta lehengaien merkatzea dela eta, Caracastik jasotzen duen laguntza murrizten joan da azken urteotan. Petrolioa eta mailegu merkeak eskaini dizkio Venezuelako Gobernuak 2007. urtetik, eta, horri esker, aurrera eraman ahal izan ditu energia proiektuak, nekazaritza inbertsioak eta gizarte programak. Izan ere, sandinistak agintean daudenetik, klase apalenek hobera egin dute. Datu ofizialen arabera, txirotasun tasa%42,5etik%29,5era jaitsi da 2009. eta 2014. urteen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.