Ezezagunen hilerria

Tunisia hegoaldeko Zarzis hiriaren kanpoaldean, zabortegi baten ondoan, arrantzale batek hauspotutako kanposantu batean daude lurperatuta Europara iristeko ahaleginean Mediterraneo itsasoan hildako 300 bat migratzaileren gorpuak.
Xams Eddin Marzug hilerriaren sortzailea ezkerrean belauniko, kanposantuan identifikatuta daukaten hildako bakarraren hilarriaren ondoan.
Xams Eddin Marzug hilerriaren sortzailea ezkerrean belauniko, kanposantuan identifikatuta daukaten hildako bakarraren hilarriaren ondoan. RICARD GONZALEZ

Ricard Gonzalez -

2018ko urtarrilak 2
Latorrizko kartela arraro batek ongietorria ematen die Tunisiako hilerririk baztertueneko bisitariei —kazetariak dira gehienak, eta kooperanteren bat ere badago tartean—. Mezu bat dago sei hizkuntzatan idatzia: Ezezagunen hilerria. Hor daude atseden hartzen arrantzaleek itsasoan aurkitzen dituzten migranteen gorpuak, edo Mediterraneoak Magrebeko herrialde horren hegoaldeko hondartzetara bidaltzen dituen gorpuak, askotan zatituak daudenak. Kanposantuaren inguruan, banatzeko harresirik gabe, hondakin multzo erraldoi bana. Zarzis hiriko zabortegi zahar bat da, Libiako mugatik 60 kilometro ingurura, udalak utzi zuen toki bakarra.

Nekropoli umila pertsona bakar baten gizatasun ikaragarriaren lana da: Xams Eddin Marzugena, langabezian dagoen 52 urteko arrantzalearena. «2004ra arte, migratzaileak udal hilerriaren bazter batean lurperatzen zituzten. Baina orduan, haien kopuruak gainezka egin zuen, eta familiek uko egin zioten gehiago hartzeari», kontatu du hilobiak saihesten dituen bitartean herren eginez. Ordutik, bera, eta bakarrik bera, ospitalera joaten da gorpuen bila, eta ahal duen moduan garraiatzen ditu kanposantu inprobisatura; batzuetan anbulantzian, besteetan zaborraren kamioian. Haren kalkuluen arabera, bizitza duin batekin amesten zuten 300 bat lagunen amesgaiztoa bukatu da hemen.

«Bihotz forma duten buia horiek eta beltzek sinbolizatzen dute gizakien arteko senidetasuna, azalaren koloreak axola gabe. Barruan dituzten botilak migratzaileenak ziren, eta bizitza ordezkatzen dute», azaldu du Mohsenek, postako langile erretiratuak. Bere ideia izan zen oroigarri sinple hori. Hilerrian dagoen guztia bezala, borondate onaren eta baliabide faltaren fruitua da.

Duela gutxiko asteburu batean, Alarmphone Tunisiako GKE gobernuz kanpoko erakundeak hamar bat boluntario bildu zituen hilerria garbitu eta duintasuna emateko. Itsasoan dauden migratzaileen deiei erantzutea da Alarmphoneren egitekoa. Boluntarioak iritsi zirenean, hilerria lur zerrenda bat baino ez zen. Zabor eta lur multzoak zituen han-hemenka, batzuk ia ikusezinak, eta beste batzuek adreiluak edo harriren bat zuten gainean. «Azken egunetan eurite gogorrak izan dira, eta lurra mugitu zuten», azaldu du etsita Xams Eddinek.

Gazte solidarioen artean elkar nahasita daude tunisiarrak eta europarrak. Lehenik lurra garbitu dute arraztaluekin eta palekin, eta eszena hori kamera batekin bildu du zinemagile frantses batek, tokiari buruzko film bat prestatzen ari baita. Ondoren, hilerriak atonduko dituzte. Ontziak, oinetako zolak eta kristal hautsiak giza hezurrekin nahasita daude. Baina plastikoa da nagusi; poltsak, ontziak eta botilak. Kontsumismo produktibistaren hondakinak munduko sistema ekonomiko globalarentzat garrantzirik ez duten gorpuekin nahasten dira. Bazterkeria jasaten duen Tunisia hegoaldeko hiri baten kanpoaldean, hondartza baten parean, baina orain langile errusiarrek betetzen dituzten egoitza turistikoetatik urrun.

Kooperanteek hilarri bat ekarri dute identifikatuta dagoen arima bakarrarentzat. Rose-Marie, Nigeria, 27-05-2017. «Itsasontzira igo baina pixka bat lehenago ezagutu nuen. Ordurako, gaixorik zegoen, ez dakigu zergatik. Agian, Libian bortxatu zutenek igorri zioten gaixotasun bat zen. Emakume ona zen», oroitu du Jakobek. Senegaldarra da, 27 urte ditu, rasta erako orrazkera du, eta eguzkitako betaurrekoak. Hitz egiten bukatu bezain agudo, hilobiaren ondoan daudenengandik aldendu da, eta malko bat lehortu du. Erreskatea egin zuen ontzia garaiz iritsi zen legez kanpoko ontziko 150 bidaiari baino gehiagorentzat, Rose-Marierentzat izan ezik.

Hilerri berrirako diru bilketa

Zarzisko alkatea iritsi denean etenaldi bat egin dute lanean. Xams Eddinek ez dio kasu handirik egin. «Ez da inoiz etortzen hona, eta ez zaio hilerria axola. Pentsatzen dut dokumentalean agertzeko etorri dela», esan du ahopeko. «Politikari asko pasatu dira hemendik, baita nazioarteko erakundeak ere. Denek zin egiten dute laguntza emango dutela, baina gero ez dut ezer gehiago jakiten haiei buruz». Hilerritik igaro zen azken agintaria Frantziako enbaxadore hiperaktibo eta mediatikoa izan zen, duela lau hilabete. Haren hitzak ere itsasoko brisak eraman zituen.

Xams Eddini itxaropen gehiago ematen dio gazte boluntarioen konpromisoak. Diru bilketa bat egitea pentsatzen ari dira, hilerri berriarentzat lursail bat erosi ahal izateko. Gaur egungoa gainezka dago. «Itsasotik oso gertu lursail bat daukan baserritar batekin hitz egin dugu. Baldintzak askozaz hobeak dira, itsasotik gertu dagoelako, eta ez zabortegi batean. Gainera, argi eta ur hornidura eduki lezake», azaldu du Maggiek. Alemaniarra da, eta Tunisiara iritsi zen Sea Eye GKEren itsasontzian boluntario aritzeko. Ondoren erabaki zuen aldi baterako bizitzen gelditzea Magrebeko herrialdean.

Hainbat ordutako lanaren ondoren, zikinkeria desagertu da hilerritik. Lur multzoak handitu egin dira, eta biderkatu. Orubearen perimetroan zuhaitz zerrenda bat dago orain, eta landatutako loreren bat. «Zuhaitzak handitzean, lurra gogortuko dute, eta hondakinen erorketetatik babestuko dute. Honek beste itxura bat du; orain, errespetagarria da», poztu da Xams Eddin. «Haiek ez daukate familiarik, ni besterik ez naukate. Nire bizitzaren azken hatsera arte egingo dut haien alde, lur emate duin bat eduki dezaten», hitzeman du hunkituta. Bere beste familiatik, biologikotik, bik legez kanpo migratu zuten Frantziara. Zaharrenak, duela urte eta erdi, eta, gazteenak, joan den udan. Inork ez zion asmoen berri eman. Bazekiten aitak ez zuela onartuko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna