Korsikako egoera politikoa Frantziarentzat «berria» dela aitortu du Parisek

Simeoni eta Talamoni Edouard Philippe Frantziako lehen ministroarekin batzartu dira. «Desadostasun handiak» daude hizkuntzaren koofizialtasunaren auzian

Jean-Guy Talamoni eta Gilles Simeoni, joan den hilabetean, hauteskundeen emaitzak ospatzen. OLIVIER SANCHEZ / EFE.
ander perez zala
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Korsikako egoera politikoa «berria» dela, Frantziak ez duela inoiz halako egoerarik izan bere aurrean aitortu die Frantziako lehen ministro Edouard Philippek Korsikako buruzagi nazionalistei. Gilles Simeoni Korsikako presidentea eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Asanbleako presidentea Matignonen (Paris) izan ziren atzo, Frantziako Gobernuari beren eskakizunen berri emateko, eta bi erantzunekin atera ziren hitzordutik: aurten egingo den Frantziako Konstituzioaren erreforman Korsika hitza sartzeko aukerari atea irekiko diola gobernuak, eta korsikeraren koofizialtasunaren eta egoiliar estatusaren inguruan «desadostasun handiak» daudela. «Lehen kontaktua izan da», laburbildu zuen Talamonik bilerari buruz mintzatzean, baina ez zuen baloratu hitzordua, «oraindik goizegi» delako. Simeonik, berriz, onartu zuen ez dutela «ezer» lortu atzoko bileran, baina gogorarazi zuen oraindik «denbora dagoela». Helburu zaila dute esku artean bi buruzagiek: historikoki deszentralizazioaren aurkako jarrera izan duen estatua konbentzitzea.

Bi buruzagi nazionalistak lehen aldiz joan dira Parisera abenduko hauteskundeak irabazi zituztenetik. Negoziazioak ez dira hasi, eta oraingoz alde bakoitza bere eskakizunen eta jarreren berri ematen ari da. Simeonik eta Talamonik baieztatu zuten beren eskakizunak entzun zituela Frantziako lehen ministroak, eta «kontuan hartuko» dituela, baina oraindik jakiteke dago zein izango den Frantziako Gobernuaren erantzuna gai bakoitzaren inguruan, erantzun orokorrak eman baitituzte orain arte. Emmanuel Macron Frantziako presidentea bi aste barru izango da Mediterraneoko irlan, otsailaren 6an, Claude Erignac prefetaren hilketaren hogeigarren urteurreneko omenaldian parte hartzeko —Simeoni bertan izango da; Talamoni, ez—, eta egun horretan haren hitzak zehatz aztertuko dituzte Korsikan, espero baitute egoera politikoaz mintzatuko dela. Ordea, bi buruzagiak ez dira harekin batzartuko, oraindik ez baitute hitzordurik finkatu. Eta ez dago argi Macronek haiekin batzartzeko asmorik ote duen.

Simeonik eta Talamonik mahai gainean jarri zituzten kanpainan proposatutako «oinarrizko gaiak»: autonomia estatutua, korsikeraren koofizialtasuna, egoiliar estatusa —espekulazioari aurre egiteko—, «preso politikoen» amnistia eta presoak irlara gerturatzea, besteak beste. Philippek ateak ireki zizkion Korsika hitza konstituzioan sartzeari, eta hori albiste ona da buruzagi korsikarrentzat. Konstituzioaren ikuspuntutik, Korsika ez da existitzen lurralde gisa, eta hori aldatzea dute helburu Simeonik eta Talamonik: Korsika hitza agertzea testuan, irlak aitorpen maila berri bat lortzeko, beste lurralde batzuekin gertatzen den bezala—Martinika, esaterako—. Erreforma horri begira elkartuko dira gaur parlamentuko presidente François de Rugyrekin, eta bihar senatuko presidente Gerard Larcherrekin, konstituzioa moldatzerakoan bi eragile garrantzitsu baitira.

Parisen eta Ajaccioren arteko lehen hizketak urtarrilaren 5ean abiatu ziren: Jacqueline Gourault Barne ministroaren alboko ministroa eta gobernuaren negoziatzailea Ajaccion batzartu zen Simeonirekin eta Talamonirekin, eta, hizkuntzaren koofizialtasuna baztertu zuen arren, atea ireki zion konstituzioaren erreformari, zenbait auzi «desblokeatuko» lituzkeelako. Presoen kasuan, bakoitzaren kasua aztertuko lukeela erantzun zien. Une hartan ezagutarazi zuen lehen aldiz Gouraultek Parisen iritzia; beraz, Philippek atzo emandako erantzunak bide beretik joan ziren.

Korsikarren sendotasuna

Negoziazioei begira, argi dago Pe a Corsica koalizio nazionalista sendotuta atera zela iazko abenduko hauteskundeetan; bozen %56,5 lortu zituen, eta urtarriletik indarrean sartu den Korsikako Asanblea berrian gehiengo osoa du —63tik 41 ordezkari—. Simeonik eta Talamonik emaitza horiek dituzte oinarri eta argudio gisa Parisekin negoziazioak hasteko: «Azken hamarkadatako erreibindikazioak dira, eta horiek betetzeko agindua jaso genuen», gogorarazi zuen Talamonik, Matignonera sartu baino lehen.

Asanblea berriarekin batera, Lurralde Kolektibitate Bakarra sartu da indarrean irlan. Bi departamenduak, Goi Korsika eta Hego Korsika, eta kolektibitatea bera elkartu dira administrazio berean; hain justu, pauso horren ondoriotzat dute bi buruzagi nazionalistek autonomia estatutua lortzea, eskumenen aldetik ez baita berritasunik izan.

Nazionalisten asmoa da hiru urteko epean adostea autonomia estatutua, eta hamar urteko epean indarrean jartzea; alegia, hamarkada honetan independentziaren auzia alde batera utziko dutela —auzi horri buruzko galdeketa batek irla «zatituko» lukeela adierazi zuen atzo Simeonik, LCP katean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.