Eusko Jaurlaritzak bi hamarren igo du hazkunde iragarpena, %2,8raino

Aurten, 17.800 enplegu garbi sortuko dira, eta, hurrengo urtean, beste 13.200. 2019ko bigarren erdialdean jaitsiko da langabezia %10eko tasatik behera

Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu, atzoko Gobernu Kontseiluaren ondoren. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA.
Irune Lasa.
2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Hainbeste aldiz iragarritako hazkundearen moteltzea ez da aurten gertatuko. Ez, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren ustez. Aurten,bigarren aldiz igo du barne produktu gordinaren hazkunde aurreikuspena: kasu honetan,%2,6tik %2,8raino. Hurrengo urteko iragarpena, berriz, hamarren bat igo du Gasteizko gobernuak, %2,3raino.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo finkatu zituen 2019rako aurrekontuen jarraibide nagusiak, eta, horrekin batera, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak 2018. eta 2019. urteetarako agertoki makroekonomikoa aurkeztu zituen. Martxoan berritu zuen agertoki hori azken aldiz, eta ordutik hona egoerak hobera egin duela uste du. BPGari dagokionez ez ezik, enpleguan ere bilakaera hobea espero du Jaurlaritzak 2018. urterako. Lehen, 17.000 enplegu garbiren sorrera espero zuen, eta, orain, kopurua 17.800ra igo du. Hurrengo urtean, berriz, 13.200 enplegu gehiago aurreikusten ditu Ogasun eta Ekonomia sailak. Gauzak horrela, 2019. urtearen bigarren erdirako langabezia %10eko tastik behera jaitsiko litzateke, eta,sailburuaren arabera, «bete egingo da Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako zuen helburu estrategikoetako bat». Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanle aktiboen %11,3 zeuden lanik gabe 2018ko lehen hiruhilekoan.

Nazioarteko Diru Funtsaren aurreikuspenak aipatu zituen Azpiazuk. Haren arabera, munduko ekonomiak %3,9ko hazkundeak izango ditu 2018an eta 2019an, besteak beste, lehengaien garestitzearekin protagonismoa berreskuratuko duten garatzeko bidean diren herrialdeei esker. Garestitze horrek gurean prezioak modu puntualean igo ditzakeela onartu du Azpiazuk, «baina soldata igoera txikien ondorioz, inflazioak ez du gora egingo».

Eurogunean, aldiz, hurrengo bi urteetan moteltze txiki bat espero dela esan zuen Azpiazuk. Eremuko BPGa %2,3 igoko da aurten, eta %1,9 hurrengo urtean. Diru politika uzkurragoa aurreikusten du sailburuak, «ziurrenez 2019. urteko lehen erdialdean etorriko den tasen igoerarekin». Brexit-erako adostutako irtenbidea eta merkataritza gerrak ekar ditzaketen neurri protekzionistak dira Azpiazuk ekonomiarentzatarriskuetako batzuk.

Defizita, iazko Kontzertuaren Batzordea Mistoan adostutakoa izatea espero du Jaurlaritzak: %0,1ekoa 2019an eta %0koa 2020an, «aurrekontu oreka lortuz». Zorraren gehieneko helburua, halaber, 2019rako %13,8an ezarri zen batzorde hartan, eta 2020rako %13,2an. Gastu arauari dagokionez, 2019rako erreferentzia tasa %2,7 da, baina, Azpiazuren arabera, kontuan izan beharko da ea izaera egonkorreko diru sarrerak igotzen diren.

Aurrekontuak

Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo adostu zituen 2019. urteko aurrekontuetarako jarraibideak, haiek urriaren amaieran Legebiltzarrera eramateko prozesua abiaraziz. Pedro Azpiazuren arabera, aurrekontu horiek «oso garrantzitsuak» izango dira.

EAJren eta PSEren gobernuak 2018ko aurrekontuak PPren botoei esker lortu zituztela gogorarazita, Azpiazuk ez zuen baztertu hori berriz gertatzeko aukera, baina «zailagoa» ikusten duela aitortu zuen.

Ogasun eta Ekonomia sailburuak ez zuen argibiderik eman aurrekontuaren zenbatekoari buruz. «Horretarako, diru sarreren berri izan beharko dugu», esan zuen, eta gaineratu horretarako urriaren erdialdean egin ohi den Finantzen Euskal Kontseilua lagungarri izango dela.

Hurrengo aurrekontuekin «pertsona guztientzako oinarrizko zerbitzuak eta kalitate handiagoko enplegu aukerak sortuko dituen giza garapen iraunkorraren aldeko euskal apustua» indartu nahi du Jaurlaritzak. Emaitzetan sakondu nahi du, eta lau erronkari erantzun: demografiaren, hezkuntzaren, digitalizazioaren eta nazioartekotzearen erronkei. Era berean, berdintasunaren xedea sail bakoitzaren helburu nagusietako arau teknikoetan sartuko dela iragarri zuen Azpiazuk.

Lantaldea handitzeko asmorik ez du Jaurlaritzak, ezta erakunde publiko berririk sortzea ere, baina bai soldata igoeraren bat. Funtzionamendu gastuei dagokienez, alor publikoko sail eta erakundeek euren diru laguntza politikak aztertu beharko dituzte, arrazionaltasunaren ikuspegitik, eta laguntza horiek jasotzen dituztenen gaitasun ekonomikoak ere aztertuko dira, «babes hobea eta zuzentasun handiagoa lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.