Langabezia %8,5era jaitsi da Iparraldean, baina ugaritu egin dira lan bila dabiltzanak

Baionako Merkataritza Ganberaren arabera, eskaera sendoen eskutik gora egin du enpresaburuen konfiantzak. Irabazi tarte txikiek enpresak kezkatzen dituzte

Andre Garreta Baionako Merkataritza Ganberako presidentea, atzo, 2018ko barometro ekonomikoa aurkezten. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Iker Aranburu.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Parametro ekonomiko gehienak hoberantz egiten ari dira Ipar Euskal Herrian. MIG Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren arabera, langabezia jaisten ari da, enpresa gehiago sortzen ari dira, eta haien konfiantza ere hazi egin da azken hilabeteetan, negozio perspektiba hobeak dituztelako. Orbanak ere badira: hala nola iaz baino jende gehiago ari da lan bila, lanik ez dutelako, edo dutena gogoko ez dutelako.

Hona MIGren 2018ko martxoko barometroaren emaitza nagusiak:

LANGABEZIA

0,3 puntu gutxiago

Urratsez urrats jaisten ari da langabezia Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. 2017ko hirugarren hiruhilekoko datuak dira MIGek emandako azkenak, eta, horien arabera, biztanle aktiboen %8,5 daude lanik gabe «Baionako enplegu eremuan». Urtebete lehenago baino 0,3 puntu gutxiago da. Langabeziak 2013 hasieran eta 2015eko bigarren hiruhilekoan jo zuen goia, %9,2ra iritsi zenean. Oso motel jaitsi da orduz gero, eta oso urrun ditu oraindik krisi aurreko zenbakiak, %7 ingurukoak. Edonola ere, Ipar Euskal Herriko emaitzak hobeak dira Akitania Berrikoak (%9) eta Frantziakoak baino (%9,4).

Baina langabeziaren jaitsieraren atzean egoera kezkagarri bat ezkutatzen da: sortutako enpleguaren zati bat kalitate txarrekoa da. Horrek azal dezake etengabe emendatzen ari dela lan bila dabiltzanen kopurua. Iazko maiatzean, 28.701 ari ziren lan bila Pole Emploi enplegu bulegoetan, eta jada 29.830 dira (+%3,9). Bilatzaileen artean daude batere lanik ez dutenak (A taldea), hilean 78 ordu baino gutxiago lan egiten dutenak (B taldea), eta lanaldi osoa izan eta enplegu hobe bat nahi dutenak (C taldea).

Beste datu kezkagarri bat da lan bila ari direnen %41,8 epe luzekoak direla, hots, urtebetetik gora daramatela enplegu baten atzetik. Adin batetik gorakoak dira haietako asko —bilatzaileen %23,9 dira dagoeneko—.

SARIAK

2.186 euro hilean

Soldatadunen kopurua ere hazi egin da. 84.000 ziren 2017ko hirugarren hiruhilekoan, 2016an baino %2,9 gehiago. Emendatzen ari da haien soldata ere: 2.186 euroko sari gordina dute, 2016an baino %1,6 gehiago. Erosteko ahalmen pixka bat berreskuratu dute, 2017aren amaieran urtebete lehenago baino %1,2 garestiago zeudelako salneurriak (Frantziako datua).

Hurrengo hiruhilekoetan ere litekeena da langabezia jaistea, lau enpresatik batek langileak kontratatzeko asmoa daukalako (+%1,4). Udako sasoian etorriko dira kontratazio horietako asko, baina ez gehienak: %53,7 dira sasoiaren arabera sortzen ez diren lanpostuak.

ENPRESAK

Saldo positiboa

Azken urteetan bezala, 2017an ere gehiago dira sortu diren enpresak (2.801) desegin direnak baino (1.494). Gainera, kontrako norabidean doaz bi zenbatekoak: %4,4 gehiago sortu dira, eta %2,8 gutxiago desegin. Zerbitzuetan sortu dira enpresa berri gehien (%47,3), eta merkataritza alorrekoak ondoren (%25,8).

Zailtasunak dituzten enpresak ere gutxitzen ari direla dio MIGek: iaz 236k zabaldu zuten prozedura kolektibo bat (-%4,1). Haietako %61 likidatu zituzten(-%5,3).

PERSPEKTIBAK

Konfiantza dute %77k

«Jarduera ekonomiaren indartzea baieztatu da», dio urte hasierako barometroak. MIGek galdezkatutako 400 enpresaburuen artean, %77k konfiantzaz ikusten dute etorkizuna, eta %7 baizik ez daude mesfidati. Negozio kopuruari eutsiko diotela uste dute %44k, eta beste %38k, berriz, handituko dutela. Hori hala da %83k baieztatu dutelako eskarien zorra ongi doakiela, eta %80k ez dutelako espero arazorik altxortegian. Gauzak horrela, %13k dute langile gehiago kontratatzeko asmoa, eta %3k baizik ez dute uste inor bota beharko dutenik.

Arazoak ere ikusten dituzte Ipar Euskal Herriko enpresaburuek. Nagusia da irabazi tarteak oso txikiak direla, beren produktuen salmenta prezioek berriro behera egin dutelako.

ERAIKUNTZA

Etxebizitza gehiago

Bigarren urtez jarraian, etxeen eraikuntza handitu egin da Ipar Euskal Herrian. 3.104 bizitegi berri eraikitzen hasi ziren iaz, 2016an baino %5,1 gehiago. Horietatik %49 dira Lapurdiko kostaldekoak.

AZPIEGITURAK

Erabiltzaile gehiago

Lapurdiko aireportuek eta portuek erabiltzaile gehiago izan zituzten. Ia 1,2 milioi bidaiari igaro ziren Miarritzeko aireportuko (+%4,9), eta aurreko urtean baino 332 hegazkin gehiago igaro ziren handik. Baionako portuak, berriz, 2,36 milioi tonako trafikoa izan zuen (+%1,3). Aurten beste bi garabi handi jarriko dituzte, eta trafiko gehiago ekarri beharko luketen hiru proiektu berrik —Laminoir des Landes fabrika berria, Celsa altzairugilearen bi laminazio atal berriak, eta hidrokarburoen inportazioa Alkionen eskutik—. Donibane-Lohizune-Ziburuko portuan, berriz, %1,7 emendatu ziren arrantzatutako tonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.