Hegazkin militar batek lurra jo, eta 257 lagun hil dira Aljerian, tartean 30 errefuxiatu saharar

Aljeriako historiako hegazkin istripu larriena izan da. Bidaiari guztiak zendu dira, militarrak gehienak. Buteflikak hiru dolu egun ezarri ditu; Polisarioak, zazpi egun

Hegazkin militar batek lurra jo, eta 257 lagun hil dira Aljerian, tartean 30 errefuxiatu saharar.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Aljeriako historiako hegazkin istripurik larriena izan da. Aireratu eta minutu batera, artean garaiera hartu gabe zegoela, abiadura moteldu, norabidea galdu, eta amildu egin zuen, lurrean lehertu arte. Bufarik eta Blida hiriak lotzen dituen errepide bazterrean erori zen hegazkina, lur sail batean, eztanda egitean suzko bola erraldoia sortuz. Bufarikeko base militarretik atera zen hegazkina, goizaldean, eta bidaiari guztiak hil ziren, 257 guztira. Hegazkin militarra izanik, eskifaiako hamar kideak kenduta, militarrak ziren zendutako gehienak, tartean senideak baziren ere. Airekoan, hala ere, 30 errefuxiatu saharar ere bazihoazen, hiriburura eginbideak betetzera, ikastera edo artatzera joandakoak. Horiek ere hil egin zirela baieztatu zuten Saharako iturriek.

Bufarik Aljer hiriburutik 35 kilometro eskasera dago. Hegazkina Tindufen zen lurreratzekoa, hegoalderago 1.800 kilometrora, errefuxiatu guneetatik 30 kilometro eskasera dagoen hirian. Tindufek aireportu bakarra dauka, militarra, eta errefuxiatuen guneetara gerturatzeko abiapuntua izaten da —gero errepidez egiten da bidea—. Marokok 1976an Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik milaka saharar errefuxiatuta bizi dira Aljerian.

Tindufeko aireportura dozenaka saharar gerturatu ziren atzo, istripuan hildakoen senideak eta lagunak, eta saminez adierazi zuten gero eta gogorragoa dela exilioa, 42 urte badirela, eta basamortuko bizimodu latzari bezala, horrelako tragedia bati ere egin behar dietela aurre.

Brahim Gali SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak premiazko bilera bat egin zuen atzo, istripuaren berri izan ostean, eta, zazpi eguneko dolu eguna ezartzeaz gain, jakinarazi zuen batzorde nazional bat eratu dutela biktimak laguntzeko. Fronte Polisarioak Aljeriako agintarien babesa ere eskertu zuen.

Abdelaziz Buteflika Aljeriako presidenteak, aldiz, hiru eguneko dolu eguna ezarri zuen herrialdeak inoiz bizi izandako hegazkin istripuaren biktimak omentzeko. Defentsa Ministerioak, berriz, ikerketa bat abiatu du zer gertatu den ikertzeko.

Hegazkin errusiarra

Iliushin 76 hegazkin bat da istripua izan duena; Errusian Sobietar Batasunaren garaian diseinatutako hegazkin bat.

Atzokoa, esan bezala, herrialdeko aire istripurik larriena izan zen. 2014an armadak beste hegazkin istripu bat izan zuen: orduko horretan, 77 militar hil ziren, ekialdean, Oum el-Buaghin. 1991tik, azken 27 urteetan, militarrak ziren eta ehun lagun baino gehiago hil dituzten hamar hegazkin istripu izan dira munduan.

Aireko zibilen istripuak aintzat hartuta, aldiz, ia lau urte egin behar da atzera hildako gehiago eragindako istripu bat aurkitzeko. 2014ko uztailean 298 lagun hil ziren Ukrainan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.