Yemengo hornidura portu nagusia hartzeko erasoaldia hasi du Saudi Arabiak

2015ean matxino xiiten aurkako gerran sartu zenetik Riadek egin duen operazio handiena da. NBE: «Munduko giza krisi handiena da, eta okertu eginen da»

Yemengo hornidura portu nagusia hartzeko erasoaldia hasi du Saudi Arabiak.
mikel rodriguez
2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Duela hiru urte baino gehiago hasi zen Saudi Arabia Yemengo gerran esku hartzen. Nazioarteko koalizio bat antolatu, eta aire eraso kanpaina handi bat hasi zuen matxino xiiten aurka, Abd Rabu Mansur Hadi presidentearen agintea berriz ere herrialde osoan ezartzeko helburuz. Hadiren gobernuak orduan erran zuen «kanpaina zehatz eta motz bat» izanen zela. 2015eko martxoaren 27a zen, lehenbiziko bonbardaketen biharamuna. Hiru urte baino gehiagora, 10.000 lagun baino gehiago hil ondoren eta herrialdea aspaldian muturreko krisi humanitario bat pairatzen ari dela, orain arteko erasoaldirik handiena hasi du Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioak.

Mendebaldeko Hudaida hiria da koalizioaren helburua, Itsaso Gorriko kostan. Huthiek, iparraldeko matxino xiitek, kontrolatzen dute hiri hori, eta haren portuak berebiziko garrantzia du, elikagaiak eta bertzelako hornigaiak lortzeko bide nagusi eta ia bakarra baita milioika herritarrentzat. Saudi Arabiako, Arabiar Emirerri Batuetako eta Egiptoko berri agentzien arabera, herrialde horietako indarrek airetik eta itsasontzietatik bonbardatu zituzten atzo huthien posizioak, eta Yemen hegoaldeko miliziek lurreko erasoaldia hasi zuten Hudaidako aireportua eta Al-Duraihmi landa eremua hartzeko—hiritik hamar kilometrora—.

«Hondamendi» egoera

CARE International gobernuz kanpoko erakundearen arabera, «ordu erdiko epean» 30 aire eraso baino gehiago egin zituzten Hudaidan. Hirian dagoen nazioarteko erakunde bakanetakoa da CARE International. «Zibil batzuk harrapatuta daude. Bertze batzuk etxeetatik aterarazi dituzte. Uste genuen ezin zela okerragoa izan, baina, zoritxarrez, oker geunden», adierazi zion Reuters agentziari Jolien Veldwijk Yemenerako arduradunak.

Erasoaldia ez da ezustean etorri. Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak joan den astelehenean jakinarazi zuen «buru-belarri» ari zirela negoziatzen erasoaldia eragozteko. Elkarrizketek ez dute fruiturik eman, eta NBE hagitz kezkatuta agertu zen atzo. «[Yemengoa] Munduko giza krisi handiena da, eta okertu eginen da», adierazi zuen Filippo Grandi Errefuxiatuentzako goi mandatariak. NBEren arabera, Yemenek dituen 25 milioi biztanle ingurutik 8,4 milioi inguru gosetea pairatzen ari dira, eta oinarrizko zerbitzu gehienak erabat hondatuak dituzte. Hudaidako hornidura bidea eteten bada «hondamendi» egoera «are gehiago» okertuko dela ohartarazi zuen atzo Marie-Claire Feghali Gurutze Gorriaren bozeramaileak.

Horrez gain, NBEk eta Gurutze Gorriak ohartarazi dute koalizioaren erasoaldiaren helburu den eremuan 600.000 zibil inguru bizi direla. «Erasoaldia luzatzen bada, kasurik okerrenean kalkulatzen dugu 250.000 herritarrek dena galduko dutela, baita bizia ere», erran zuen joan den ortziralean Lise Grande NBEk Yemenen duen giza laguntzarako koordinatzaileak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.