Sua itzuli da Gazara

Hiru eguneko menia bukatuta, erasoei berrekin diete Israelek eta palestinarren miliziek.Alde bakar batek ere ez ditu bukatutzat eman Kairoko negoziazioak

Hiru eguneko su-etena bukatuta, Israelgo hegazkinek Gazan egindako bonbardaketa bat, atzo. MOHAMMED SABER / EFE.
mikel rodriguez
2014ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Ez da azken orduko ezustekorik gertatu. Israelek eta alderdi palestinarrek ez dute gutxieneko adostasunik lortu Kairoko negoziazioetan, eta hiru eguneko meniaren epea bukatu ondoren [atzoko 08:00etan; 07:00ak Euskal Herrian], sua itzuli da Gazara. Bi aldeek beren exijentziei eutsi diete —milizia palestinarren desmilitarizazioa exijitzeari Israelek; Gazaren blokeoa bukatzeari palestinarrek—, eta batak bertzeari leporatu dio negoziazioen porrota. Atzo iluntzerako, Israelgo armadak 47 bonbardaketa zituen eginak, eta horietan gutxienez bortz palestinar hil zituzten —horietako bat, 10 urteko haurra—; milizia palestinarrek, berriz, 52 suziri jaurti zituzten Israelera. Eguna bukatzerako, baina, Israelgo eta Palestinako zenbait hedabidek argitaratu zuten Egiptoko bitartekariak baikor zeudela bertze su-eten bat lortzeko.

Ofizialki, bederen, alde bakar batek ez ditu bukatutzat eman negoziazioak. Egiptoko Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi du «gai gehienetan» ados paratu direla israeldarren eta palestinarren ordezkaritzak, baina «hagitz gai zehatzak itxi gabe» utzi dituztela. Bi aldeak ez dira elkarrekin eseri. Zeharka egin dituzte elkarrizketak, Egiptoko diplomatikoak bitartekaritzat erabilita.

Meniak iraun duen hiru egunetan egindako adierazpe netan, eta baita lehenagotik ere, Israelgo etaHamas alderdi islamistako, zeina Gazan boterean dagoen, agintariek tinko adierazi dute beren eskakizunak bete arte ez dutela onartuko luzerako su-etenik. Menia laburra bukatuta, berriz, horren errua tinkotasun berarekin leporatu diote elkarri. «Israel denbora galtzen ari da, eta ez dio erantzunik eman palestinarren eskakizun bakar bati ere», azaldu du Sami Abu Zuhrik, Hamaseko bozeramaileak. «Horregatik, 72 orduko su-etena ez da luzatu». Mark Regev Israelgo Gobernuaren bozeramaileak, ordea, kontrako bertsioa eman du. «Su-etena bukatu da, eta haien erruz izan da».

Egun osoan, baita su-etenaren epea bukatu aitzinetik, Israelgo eta Palestinako hedabideetan menia luzatzearen inguruko akordioen zurrumurruak hedatu ziren, alde bateko zein bertzeko iturri anonimoak aipatuta. Eguerdi aldera, adibidez, Maan agentzia palestinarrak argitaratu zuen atzo 20:00etara arte «su-eten ez-ofiziala» adostu zutela Israelek eta Hamasek. «Egiptoko elkarrizketen hurbileko iturriak» aipatu zituen Maanek.

«Su-eten ez-ofizialik» ere ez

20:00ak baino lehen, ordea, Israelek aire eraso bat egin zuen Al-Qararan (Gazako erdialdean) eta hiru gizon hil zituen, Maan agentziak berak jakinarazi zuenez. Tel Avivek,uztailaren 8tik, Hegi babesgarria operazioa hasi zuenetik, gutxienez 1.898 palestinar hil ditu Gazan, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Iturri gehienen arabera, menia hautsi ondorengo lehenbiziko erasoak milizia palestinarrek egin zituzten, suziriak jaurtita Gazatik Israelera. Tel Aviven arabera, hiru lagun zauritu zituzten: militar bat eta bi zibil. Jaurtiketa horiek Jihad Islamikoak eta Herri Erresistentziaren Batzordeek (2000. urtean Al-Fatahetik bereizitako taldea) hartu zituzten beren gain. Lehenbiziko jaurtiketa horien berria zabaldu zenean, Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak adierazi zuen Israelek eraso horien inguruan egindako salaketen helburua «nahasmena sortzea» zela. Horren ondorioz, Hamasen jarreraren inguruan espekulazioak zabaldu ziren; alegia, nahiz eta erretorika gogorra erabili, lehenbailehen menia bat luzatzeko prest legokeela. Palestinarrek baieztatu duten gauza bakarra da, ordea, Kairon gelditzeko prest daudela negoziaziatzen jarraitzeko. Hala adierazi zion atzo ordezkaritzako buru Azam al-Ahmedek (Al-Fatah alderdikoa) Mena agentziari. Israelek, berriz, Kairotik Tel Avivera deitu zuen bere negoziatzaile taldea, kontsultetarako. Israelgo agintariek erretorika militaristari eutsi diote. «Hamaseko buruzagiak bunkerretan gordeta daude, baina ahal dugun toki guztietan joko ditugu, nahi izanez gero», azaldu du Benny Gantz armadako buruak.

Hildako bat Zisjordanian

Bertze behin, Gazako tentsioak eragina izan du Zisjordanian. Jabal al-Tawil herrian (Jerusalemdik 20 kilometrora) Israelgo soldaduek gizon palestinar bat hil zuten atzo bularrean tirokatuta, Maan agentziak iturri medikoak aipatuz jakinarazi duenez. Maanen arabera, juduen Psagot koloniatik hurbil deitutako protesta batean sortutako istiluetan egin zioten tiro. Hilabete baten buruan Israelek hamasei palestinar hil ditu Zisjordanian, Gazarekin lotutako gertakarietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.