Errusiak estrategia militarra moldatuko du, NATOren hedapenari erantzuteko

Aliantza Atlantikoaren ekintzak dira «kanpo mehatxu» nagusiak Moskurentzat.

Matxinoek diote beren xede nagusia Ukrainarekiko independentzia dela
Ukrainako soldatu bat, tanke batean, atzo, Donetsk eskualdean.
Ukrainako soldatu bat, tanke batean, atzo, Donetsk eskualdean. ROMAN PILIPEY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 3
Errusiak NATOrekiko estrategia militarra moldatuko du, «mehatxu eta arrisku militar berriak» direla eta. Hala adierazi dio Mikhail Popov Kremlineko Segurtasun Batzordeko idazkariordeak Ria Novosti agentziari. Halere, Popovek ez du zehaztu zertan moldatuko duten estrategia hori. Bai, ordea, zeintzuk diren mehatxuak: «NATOko herrialdeen azpiegitura militarra Errusiako mugetara hurbiltzen ari da. Gainera, erakundea hedatzen ari da».

Siriako gerra zibila, Ukrainako gatazka eta Udaberri Arabiarra dira beste arriskuak, aholkularien esanetan. Halere, NATOren ekintzak dira «kanpo mehatxu» nabarmenenak. Aliantza Atlantikoak bihar eta etzi Cardiffen egingo duen bilkuran adostekoak dira Europako ekialdeko herrialdeetan erantzun azkarreko indar bat osatzea, Errusiaren balizko inbasio bati aurre egiteko. «Gero eta nabarmenagoa da NATOk eta AEBek erasotzeko ahalmena handitzeko duten asmoa, misilen aurkako defentsa baten bidez», azaldu du Popovek.

Ukrainako Gobernuak iragan astean Aliantza Atlantikoan sartzeko prozesua hasi zuen, parlamentura bidalita herrialdeak estatus neutrala izateari uzteko lege proiektua. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroaren arabera, Ukrainako ekialdean gerra amaitzeko atzerapausoa da, bake elkarrizketak zapuzteko saialdia. «Washingtonek eta Europako hainbat hiriburuk beren eragina erabili beharko lukete Kieveko gerraren alderdia hausnarrarazteko».

Halaber, Minsken Ukrainako Gobernuaren eta matxinoen ordezkariek eginiko bilera goraipatu du Atzerri ministroak. «Lehen aldiz bildu da Kiev matxinoekin gatazka bideratzeko. Alde bakoitzak bestearen eskakizunen eta proposamenen berri eduki zuen». Etzi bilduko dira berriro.

Bilera horren aurretik matxinoek azaldu zuten Ukrainan geratzeko prest zeudela gobernuak «estatus berezi bat» onartzen bazuen. Haatik, gezurtatu egin dute orain independentzia alboratu izana, eta berretsi dute independentzia dela beren helburu nagusia. «Ez dugu Ukraina barruan federazio baten parte izan nahi. Errusiako munduaren parte gara», argitu du Andrei Purgin-ek, matxinoek Minskera bidalitako ordezkaritzaren buruak.

Bien bitartean, gerran hildakoen kopuruak gora egin du. Ukrainako armadak jakinarazi du borroka gogorrak izan direla Luhansk eta Donetsk eskualdeetan. Kievek dio 50 bat matxino hil dituztela. Halere, Andrei Lisenko militarren bozeramaileak esan du hamabost soldadu hil eta beste 49 zauritu dituztela borroketan. Ia 800 dira apiriletik, gatazka hasi zenetik, hil dituzten militarrak. Zauritutako beste hogei soldadu Alemaniara iritsi dira, eta han artatuko dituzte.

Lisenkoren arabera, «terroristek» Errusiako armadaren uniformea daramate. Ukrainako indar armatuak hamar mila «miliziano eta errusiar soldadu» baino gehiagoren aurka borrokatzen dira. «Ezin da zehaztu Errusiako soldaduak zenbat diren, egunero etortzen baitira», adierazi dio ICTV telebista kateari. Lisenkoren hitzetan, Luhansk hirian ez dituzte «sikiera» Errusiako armadaren markak ezkutatzen.

Matxinoek joan den astean jotako kontraerasoaren ondotik, armadari atzera eginarazi diote. Herenegun Luhanskeko aireportutik erretiratu ziren soldaduak. Irina Verihina eskualdeko administrazio buruaren arabera, lurreratzeko gunea suntsitu zuten soldaduek ihes egin aurretik.

Bestalde, EB Europako Batasunak Errusiaren aurkako jarrera gogortuko du, eta zigor gehiago jarriko dizkio. Egunotan bilduko dira 28 herrialdeetako kideak, Moskuren «esku hartzearen» aurkako neurriak adosteko. Finantza alorrean, armen sektorean eta teknologia ondasunen salmentetan oinarrituko dira neurriak. Halaber, zigortutako goi kargudunen edo erakundeen zerrenda zabalduko dute. «Ahalik eta erantzun sendoena emango dugu», azaldu du Federica Mogherinik, Italiako Atzerri ministroak eta EBko hurrengo diplomazia buruak.

Milioi bat iheslari

Gatazkaren ondorioz, milioi bat lagunek ihes egin dute etxetik, UNHCR-ren arabera. «Donetsk eta Luhansk hiriburuetako, eta inguruko hirietako borrokek errefuxiatu uholdea sortu dute», azaldu du erakundeko ordezkari Adrian Edwardsek. Borrokak direla eta, erakundeak ezin izan du aztertu zein den Luhansk hiriko egoera, baina aditu talde bat bidatzekoa da aste honetan. Mariupol hiritik hamar mila lagunek egin zuten ihes iragan astean, ondoko herrietako borroken eraginez. Ukrainako Gobernuaren arabera, bi milioi lagun daude gatazka eremuan harrapatuta. Haien bizi- baldintzak kaskarrak dira: argindarraren falta eta ura eta beste oinarrizko ondasunak lortzeko zailtasunak dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna