Laguntza selektiboa

Irakeko kurduen indarrek aitzinera egin dute Estatu Islamikoaren aurka, aire erasoek babestuta.

Siriako kurduek bakarrik jarraitu dute Kobane defendatzen
Turkiak tankeak kokatu ditu Kurdistan banatzen duen mugan, Siriaren aldeko Kobane hirira begira.
Turkiak tankeak kokatu ditu Kurdistan banatzen duen mugan, Siriaren aldeko Kobane hirira begira. SEDAT SUNA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 1
Irakeko kurduen peshmerga indarrek aitzinamendu garrantzitsua egin zuten atzo IS Estatu Islamikoaren aurka. Mosul ondoko Rabia hiria hartu zuten, eta, horrekin, Irakeko iparraldea Siriarekin lotzen duen errepide nagusia kontrolatzea lortu dute. Xiekh Ahmad Mohammad peshmergen komandanteak Rudaw kazetari erran dionez, AEBek zuzendutako koalizioak aire erasoak hasi zituenetik, Irak iparraldean peshmergek lortutako garaipen handiena izan da. Helgurd Hikmet peshmergen bozeramailearen arabera, AEBek zuzendutako koalizioaren hegazkinen laguntza izan dute erasoaldian. Ez, ordea, Siriako kurduek. IS Estatu Islamikoa Kobane hiriaren erdigunetik bi edo hiru kilometrora dago, eta milizia kurduek ezin dute setioa hautsi. «Kobane erortzen bada, nazioartea erantzule izanen da, isilik geratu delako», ohartarazi du Selahattin Demirtasek, abuztuan Turkiako presidentegai izan zen buruzagi kurduak.

Izan ere, herri beraren parte izan eta etsai bera edukita ere, Irakeko eta Siriako kurduek nazioartetik jaso duten tratua hagitz bertzelakoa da. Nazioarteko koalizioaren aireko laguntzari esker, peshmergek berriz ere ISren aurka erasora pasatzeko aukera izan dute, Kurdistango Eskualde Autonomotik kanpora, gainera. Rabia kontrolpean hartuta eta Zumar hirira hurbilduta, Mosulen kanpoaldera hurbildu dira. Irakeko bigarren hiria da Mosul, eta ekainean hasi zen krisialdia, ISk hartu zuenean. Kirkuken, berriz, Irakeko iparraldeko petrolio gune nagusian, peshmergek Daquq hirian eraso diote ISri. Ekainaz geroztik peshmergen esku dago Kirkuk, baina IS hiriaren hegoaldera kokatuta egon da.

Kurdistango Firat agentziaren arabera, peshmergek Rabian YPG Herriaren Babeserako Unitateen (Siriako kurduen milizien) laguntza izan dute —YPGren prentsa bulegoa aipatu du iturritzat—, eta Daquqen, berriz, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarena (Turkiako kurduen gerrillarena). Rudaw-k ere eman du horren berri, nahiz eta zehaztu duen peshmergek ez dutela berretsi bertze milizia kurduekin elkarlanean aritu ote diren. Hori gertatzea adierazgarria litzateke, elkarren arerio diren esparru ideologikoetako miliziak batera borrokan ariko lirateke eta. Izan ere, peshmergak Kurdistango Eskualde Autonomoko indarrak dira, eta agintea Massud Barzani presidentearen KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoa kontserbadoreak dauka. AEBen eta, oro har, Mendebaldearen aliatu estua da Barzani. Horregatik, zenbait herrialdek trebatzaileak eta armak bidali dizkiete peshmergei. Turkiarekin ere azken urteotan harreman ona landu du Barzanik.

PKK-k eta YPGk, ordea, bertzelako ildo politiko bat dute, ezkerrekoa. PKK «erakunde terrorista» da AEBentzat eta EB Europako Batasunarentzat, eta Turkiak bere etsai nagusitzat dauka. YPG, berriz, Siriako kurduen eskualde autonomoko milizia gisa eratu zen, baina eskualde horrek ez du aitorpenik lortu nazioartean. Horrek azal lezake AEBak Irakeko eta Siriako kurduekiko erakusten ari diren jarrera bikoitza. Azken bi asteotan ISk Kobaneri erasotzeko bildu baititu indar gehienak, eta YPG miliziek ez dute laguntzarik jaso hiriaren defentsan.

Pentagonoak emandako gerrako partearen arabera, Sirian atzo egindako hamar aire erasoetatik bakarra egin zuten Kobanetik gertu: Mazra al-Dawuden —ISren artilleria pieza bat eta bi suziri jaurtigailu suntsitu zituztela dio Pentagonoak—. Inola ere ez nahikoa setioa ahultzeko, kurduen arabera. «ISko terroristak bi kilometro eskasera daude. Kobane alde guztietatik daukate inguratuta», azaldu du Demirtasek. Turkiako kurduen buruzagi politikoak atzo muga gurutzatzea lortu zuen Kobanera joateko. Itzulitakoan, azaldu zuen Kobanen PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko buruzagi batekin elkartu zela; Siriako kurduen indar nagusia da hori. Nahiz eta nazioarte osoari ere hitz egin zion, Demirtas bereziki kritiko agertu zen Turkiarekin. «Turkiak neurriak hartu behar ditu ISko militanteek ez dezaten muga gurutzatu. Turkiak ez luke debekatu behar Kobanera laguntza ailegatzea».

Atzerriko tropak Turkian

Kurdistanen burujabetzaren aldeko eragileek ISri laguntzea leporatzen diote Turkiako Gobernuari, Siriako kurduek burujabetzarik lor ez dezaten —Turkiakoentzat eredu izango diren beldur da Ankara—. Turkiako Parlamentuak bihar bozkatuko du Sirian eta Iraken esku hartzeko gobernuak egindako proposamena. Bulent Arinç bozeramaileak erran du Turkiako baseetan atzerriko tropak hartzeko baimena ere eskatu diotela parlamentuari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna