Albistea entzun

Katalunia. Independentziarako bidean

Kontsultaren aldeko alderdiekin bilduko da Mas, bozak nola egin adosteko

Kataluniako presidenteak negoziatzera deitu du Madril, galdeketa «britainiar erara» egiteko.

Espainiako Gobernuak erantzun du ez duela ezer adostuko
Artur Mas, atzo, gobernuaren bilera egin osteko prentsaurrekoan.
Artur Mas, atzo, gobernuaren bilera egin osteko prentsaurrekoan. ALEJANDRO GARCIA / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 12

A-9aren biharamuna kudeatzea egokitzen zaio orain Artur Mas Kataluniako presidenteari. Asko hitz egiten da herrialdean hauteskundeak aurreratzeaz, baina hori ez da Generalitatearen lehen aukera, ezta gustukoena ere. «Bozek beren zikloa dute. Lau urtetik behin egiten dira. Etorriko dira hurrengoak». Haatik, ez du aukera handirik presidenteak. Eragin politiko eta juridikoak izango dituen «behin betiko» kontsulta egitea du lehentasun Masek, baina Madrilekin adostuta egin nahi du. «Britainiar edo kanadar erara egin nahi dugu, aukera onena delako». Ez da, baina, oso itxaropentsu agertu, Espainiako Gobernuak beti egin baitie uko negoziaziorako deiei. «Eskarmentua badugu horretan». Oraingoan ez da desberdina izan. Luze gabe erantzun du Madrilek, eta esan ez duela adosteko ezer. Hauteskunde plebiszitarioak nola egin zehazteko, kontsultaren aldeko alderdi guztiekin bilduko da Mas. «Hauteskundeak aurreratzeko tresna nola erabili behar dugun adostu behar dugu». CiU, ERC, ICV-EUiA, CUP eta PSC alderdiekin bilduko da. PSC ere sartu du bilera sorta horretan, kontsulta legearen alde egin zuelako parlamentuan. Hamabost eguneko epea eman du jarraitu beharreko bide orria adosteko.

Beraz,«azken tresna» erabiltzea beste aukerarik ez du izango Masek. Baina ez ditu gauzak nahastu nahi. «Bozak kontsulta egiteko bidea dira, ez helburua». Garrantzitsuena da, Masen hitzetan, herrialdearen etorkizun politikoa erabakitzeko kontsulta «berme guztiekin» egitea. «Ez gaitezen helburuaz nahas».

Madrilekiko harremana berreraiki nahi du Masek. Eskutitz bat bidali dio Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, eta «elkarrizketa iraunkor» baterako baldintzak jartzea proposatu dio. Gainera, eskatu dio Kataluniako errealitatea kontuan hartzeko. «A-9a Kataluniako prozesu independentistaren puntu gorena da». Izan ere, Kataluniako legebiltzarreko gehiengoa, herri mugimendu zabala eta herrialdeko erakunde publiko gehienek egin dute erabakitzeko eskubidearen alde. Mezu argia bidali du Moncloa jauregira: «Auzitegi gutxiago eta politika gehiago». Rajoyk «politika handia» egitea nahi du. «Beharrezkoa da gisa horretako erronka bati erantzuteko. Auzitegiek ez dute gatazka konponduko».

Baina Masek elkarrizketarako atea ireki orduko, zirrikitu oro itxi ditu Moncloak. «Ez gobernu honek, ezta alderdi honek ere, ez dute sezesio akordio baten aldeko botorik emango», esan du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteordeak. Senatuko kontrol saioan, A-9aren porrota nabarmendu du. «Bi katalanetik hiruk, adingabekoak eta atzerritarrak barne, ez diote jaramonik egin».

Gobernu zentralaren ohiko erantzunak ikusita, CUP eta ERC alderdiek alferrikakoa ikusten dute Madrilekin negoziatu nahi izatea, eta hauteskundeetara lehenbailehen deitzea eskatu dute. «Beharrezkoak dira bozak mandatu demokratiko bat lortu eta errepublika independente bat aldarrikatzeko», esan du Quim Arrufat CUPeko diputatuak.

Arriskuak ez hartzeko hauteskundeetara deitu nahi ez izatea leporatu izan diote CiUri. Ordea, Masek gezurtatu egin du hori. «Gobernu hau nahiko arriskatu da hautetsontziak, botopaperak eta aretoak irekitzen. Gutxiengoan geratu da». Parlamentuan eserlekuak galtzearen inguruko barne hausnarketa ere plazaratu du presidenteak. «Ez dut ulertzen. Gure hitza bete dugu, eta ez dugu lehen genuen gehiengoa. Horrelakoa da bizitza». Beldurrik ez du aurreratutako bozak galtzeko. «Hauteskunde horien irakurketa ez litzateke ohiko eran egin behar».

«Oztopoen gainetik»

Masek A-9ko balantzea egiteko baliatu du prentsaurrekoa. Espainiako Gobernuaren ikuspegi aski desberdina du: parte hartzea altua izan dela uste du, prozesua galarazteko traba guztiak kontuan hartuta. 2,3 milioi lagunek eman zuten botoa, eragin politiko eta juridikorik ez zuen bozketa batean, eta «baldintza prekarioetan», Masen hitzetan. «Behin betiko kontsulta egiten dugunean, 1978an konstituzioarenak izan zuen parte hartzea gaindituko du». Izan ere, Masek uste du Katalunia indartuta atera dela A-9ko prozesu parte hartzailetik. «Demokraziaren, zibismoaren eta antolakuntzako erakustaldia izan da. Oztopo guztien gainetik herritarren adierazpen askatasuna bermatu dugu».

A-9ari lotuta, Generalitateak inoizko eraso zibernetiko handiena sufritu zuen. Eraso horiek larrialdi zerbitzuak arriskuan jarri zituzten, kontsultaren bezperan, eta igandean bertan. Generalitateak erasoen jatorria ikertuko du. Masek oso susmagarritzat jo ditu. «Ez da hacker amateurrek egina. Beste gauza bat ezkutatzen da hor atzean».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pekinen iragan astean egin zuten manifestazioetako bat. ©M. R. CRISTINO / EFE

Txina, konfinamenduen amaierarako bidean

Olatz Urkia

Urumqin hiru lagun hil ziren joan den astean, sute bat hasi eta konfinamendu neurriek suhiltzaileen lana oztopatu zutenean. Haserrea segituan piztu, eta Txina osoan hedatu dira neurri horren aurkako protestak; orain, egoera baretuta, badirudi gobernuak manifestariak lasaitzeko keinua egin duela.
Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Uxue Rey Gorraiz Gorka Berasategi Otamendi

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste
Espainiako Polizia Ukrainaren enbaxadaren ingurumarietan, atzo. ©Chema Moya, EFE

AEBen enbaxadakoei eta Pedro Sanchezi ere bidali dizkiete lehergaiak

Uxue Rey Gorraiz

Sei dira guztira atzemandako bonbak; horietatik bost azken orduetan atzeman dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioan, AEBen eta Ukrainaren Madrilgo enbaxadetan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Pedro Sanchezen aurkako bonba bat atzeman zuten azaroan. Antzeko ezaugarriak dituzte, eta agian gehiago egongo direla ohartarazi dute.

 ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Mikel O. Iribar

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainanan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.