Matxinada baterako arrazoiak

Gazte beltz desarmatu bat hil du polizia zuri batek Phoenixen.

New Yorkeko protestetan, errotiko aldaketa eskatu dute Polizian eta Justizian.

«Zigorgabetasun patroi baten trazak» aipatu ditu NBEk
Manifestari bat, polizien aurrean protestan, New Yorken.
Manifestari bat, polizien aurrean protestan, New Yorken. MICHAEL NAGLE / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 6
Fergusonen (Missouri) eta New Yorken bi polizia zurik armarik ez zeramaten bi beltz hil eta auzitegiek bi poliziak zigorrik gabe libre uztea erabaki dutelarik, AEBetan matxinada giro nabarmena dago. Protesta handiak ari dira izaten Michael Brown eta Eric Garnerren heriotza eragin duen polizia indarkeriaren kontra, lehenago Fergusonen bezala orain New Yorken, eta, giroa are gehiago aldrebesteko, asteartean Phoenixen (Arizona) beste polizia zuri batek armarik ez zeraman beste beltz bat hil zuela jakin zen ostegun gauean.

Auto batean droga saltzen ari zirelako abisua jaso, eta Rumain Brisbonek gidatzen zuen ibilgailua geldiarazi zuen Poliziak. Oinezko jazarpen labur baten ostean, 30 urteko polizia zuri batek 34 urteko beltzari besotik heldu zion eta, indarkako sesioan, bularrean bi tiro egin zizkion. Hori dio, behintzat, bertsio ofizialak. Trent Crump Phoenixeko Polizia sarjentuaren arabera, agenteak uste izan zuen Brisbonek sakelan arma bat zeramala, eta «bere bizia arriskuan ikusi zuelako» egin zion tiro.

Brisbonek sakelan, ordea, pilula poto bat besterik ez zeraman. Eta harekin batera zegoen lagun batek, Brandon Dickersonek, ukatu egin du poliziari aurre egin ziola. «Haurrei janaria eramatera zihoan. Nork eztabaidatzen du Poliziarekin?», esan dio USA Today egunkariari.

Garnerri ito arte estutu zion lepoa Daniel Pantaleo poliziak, debekatutako giltza batekin, uztailaren 17an New Yorken. Brown tiroz hil zuen Darren Wilsonek abuztuaren 9an, Fergusonen. Eta epaitu ere ez dituzte egingo.

AEBetan Poliziak beltzen aurka gehiegizko indarkeria erabiltzen duela erakusten duten kasuak ugariak dira. Iazko urriaren 23an Clevelanden (Ohio) polizia batek 12 urteko haur beltz bat hil ostean abiatutako ikerketak agerian utzi du hiriko Poliziak beharrik gabe baliatzen duela indarkeria, atzo Eric Holder AEBetako fiskal nagusiak jakinarazi zuenez. Eta Hego Karolinan hilketa egotzita epaituko dute Richard Combs polizia, 2011n Bernard Bailey 54 urteko beltza tiroz hil zuelako.

Datuek erakusten dutena

Poliziak hobeto trebatzeko neurri sorta agindu dute AEBetako agintariek, eta New Yorken hiru eguneko ikastaro bat emango diete 22.000 poliziari. Manifestariek, baina, Polizia eta Justizia sistema «errotik» aldatzeko neurriak eskatu dituzte. NBEko sei aditu independentek, halaber, gehiegizko indarkeriaren biktimak beltzak edo beste gutxiengotakoak direnean «inpunitate patroi bat» badagoela uste izatea zilegitzat jo dute: «Afroamerikarrek hamar aldiz arrisku handiagoa dute zirkulazioko agenteek gelditzeko».

Justizia Sailaren datuek argi erakusten dituzte arrazakeriaren zantzuak. AEBetan herritarren %13 dira beltzak, baina atxilotutako susmagarrien %28 beltzak izan ziren 2010ean, eta atxilotze unean hildakoen %32, 2003-2009 urte artean; halaber, 2012an hiltzera zigortutako presoen %42 beltzak izan ziren.

Fergusonen, herritarren %67 dira beltzak, eta %29 zuriak. Baina zirkulazioko poliziak gelditutakoen %86 beltzak izan ziren iaz, eta %13 soilik zuriak; eta atxilotutako gidarien %93 izan ziren beltzak, eta %7 zuriak. Irudi lezake proportzioan beltzek gehiago urratzen dituztela arauak, baina auto susmagarriak geratzean, gidari zurien kasuan, miatutako hiru autotik batean atzeman zituzten drogak edo gai debekatuak, eta, beltzen kasuan, bostetik batean.

Beltzen kontrako polizia indarkeria salatzeko, Washingtonera martxa bat antolatu dute eskubide zibilen aldeko elkarteek eta Brown eta Garnerren senideek, abenduaren 13an. Martin Luther Kingek, 250.000 lagunen martxa baten ostean, Amets bat izan dut hitzaldia egin zuen han 1963an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna