Belgikako Poliziak bi lagun hil ditu ustezko jihadisten aurkako operazio batean

Bruselan sarekadak egin dituzte.

Fiskalak dio Parisko atentatuen ondoren Bruselan berehala erasotzea erabaki zuela atzemandako ustezko taldeak
Belgikako poliziak, Verviers hirian, Valonian, atzo, ustezko muturreko talde islamista baten aurkako operazioan.
Belgikako poliziak, Verviers hirian, Valonian, atzo, ustezko muturreko talde islamista baten aurkako operazioan. OLIVIER HOSLET / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 16
Belgikako Poliziak gutxienez bi lagun hil zituen atzo iluntzean Verviers hirian, «terrorismoaren aurkako operazio» batean. Belgikako agintarien arabera, hildakoak muturreko ekintzaile islamistak dira. «Berehala egitekoak ziren tamaina handiko atentatuak saihestu dira», adierazi du Eric Van der Spyt Fiskaltzaren bozeramaileak. Verviersen ez ezik, Bruselako barruti administratiboan ere sarekadak egin zituzten. Edizio hau ixterakoan, operazioa ez zegoen bukatua, eta informazioa nahasia zen. Van der Spytek dioenez, hildakoak eta atxilotu batzuk Sirian egondakoak ziren.

Fiskalaren bozeramaileak dio ez dagoela loturarik atzo atzemandako ustezko taldearen eta joan den asteko Parisko atentatuen artean —hamazazpi lagun hil zituzten—. Belgikako Poliziak bertako herritar bat atxilotu zuen herenegun, Parisko atentatuen egileei armak saltzea egotzita.

Tiroketa Verviersen

Fiskaltzaren bozeramaileak jakinarazi du Poliziak hildako bi lagunekin batera zegoen bertze bat atxilotu zutela —zaurituta dago—. Van der Spytek azaldu du ikerketa Parisko atentatuen aitzinetik hasi zutela, baina Poliziak jakin zuela eraso horien ondoren Belgikako taldeak erabaki zuela Bruselan atentatuak egitea. Iturri horrek dioenez, hirurak Vervierseko herritarrak ziren, «islamista ezagunak». Interneten hedatutako zenbait bideotan, tiro hotsak aditu daitezke, eta etxe batean sute bat ere ikusten da. Le Soir-ek eta RTBF telebistak elkarrizketatutako lekukoen arabera, «hainbat leherketa» aditu ziren. Fiskaltzaren bertsioaren arabera, ustezko hiru ekintzaileak poliziei tiroka hasi ziren operazioaz ohartzean. Verviers Belgikaren ekialdean dago, hegoaldeko Valonia eskualdean (frantses hiztunak nagusi diren Belgikako zatian).

Brusela hiriburura ere hedatu da tentsioa. Poliziak Verviersen oldarraldia hasi zuen ordu bertsuan, Bruselako Ribaucourt metro geltokian gizon bat atxilotu zuten, Le Soir-en arabera, arma bat eskuetan zuela Ala akhbar (jainkoa handia da, arabieraz) oihuka hasi zelako. Gertakari hori ez dute lotu atzoko operazioarekin. Lotura zuzena dute, baina, Bruselako eremu administratiboko bortz udalerritan egindako sarekadek. Edizio hau ixterakoan, atxilotuen kopurua ez zen argitua, eta Le Soir-ek zioen lekuko batzuek adierazi zutela Vilvorden tiro hotsak aditu zituztela.

Belgika, EIren aurka Iraken

Belgikako agintariek sarri egin dituzte adierazpenak erranez herrialdeak muturreko islamisten atentatuak jasan ditzakeela. Gobernuaren arabera, gutxienez Belgikako herritartasuna duten berrehun lagun daude Sirian eta Iraken EI Estatu Islamikoaren alde borrokan. Belgika EIren aurkako bonbardaketak egiten ari da Iraken, AEBek zuzendutako koalizioan. Irailean, parlamentuak gehiengo zabalarekin eman zion baimena gobernuari erasoetan parte hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna