Ukrainan elkarrizketak zapuztu dira bertze behin, eta odolustea areagotu da

Minsk utzi dute matxinoen ordezkariek, Kieven negoziatzailea ez delako agertu.

Donetsken trolebus bati eta giza laguntza jasotzeko ilara bati eraso egin diete
Artilleriaren bonbardaketa batean hildako bi herritarren gorpuak, atzo, Donetsk hiriko karrika batean.
Artilleriaren bonbardaketa batean hildako bi herritarren gorpuak, atzo, Donetsk hiriko karrika batean. ALEXANDER ERMOCHENKO / EFE

Mikel Rodriguez -

2015eko urtarrilak 31
Sorpresa bai, baina baikortasun handirik ez zuen sortu Ukrainako gatazka konpontzeko asmoz bi aldeek iragarri zuten bilerak, eta aurreikuspen ezkorrak bete dira bertze behin: atzo ez zen bilerarik izan Minsken. Bi aldeek ez diote negoziatzeari uko egin, baina desadostasun bukle bat sortu dute: Ukrainako Gobernuak exijitu du zuzenean matxinoen buruzagiekin negoziatzea, baina matxinoek diote buruzagiak Minskera bidaltzekotan soilik eginda dagoen akordio bat ixteko bidaliko dituztela. Eta bitartean, sarraskiak bata bertzearen gibeletik gertatu dira Donetsk eskualdean: atzo gutxienez 25 zibil hil zituzten artilleriarekin trolebus baten, giza laguntza jasotzeko ilara baten eta etxebizitzen aurka egindako erasoetan. Bi aldeek elkarri leporatu diote errua.

Matxinoek erasoaldi bat hasi dute hilabete honetan. Bi helburu nagusi dituzte: Donetsk eskualdeko kostako Mariupol hiria eta Donetsk eta Luhansk eskualdeen artean dagoen Debaltseve hiria hartzea. Donetskeko Herri Errepublikaren (matxinoek eratutako estatuetako baten) negoziatzaile Denis Puxilinek Minsken adierazi du ofentsibari eusteko asmoa daukatela, «Kievek bonbardaketekin jarraituz gero». Debaltseven zazpi zibil hil dituztela jakinarazi du Viatxeslav Abroskin eskualdeko Poliziako buruak Facebook bidez. Haren arabera, matxinoen artilleriako tiroek etxebizitzak jo dituzte. Edvard Basurin Donetskeko milizien buruzagiordeak erran du Debaltseve ondoko Vuhlehirsk herria kontrolpean daukatela miliziek, eta horrekin Debaltseve bera inguratzea lortu dutela. Basurinek dioenez, 8.000 soldadu daude Debaltseven.

Garraio publikoa jomugan

Gainerako biktimen berri Donetsk hiritik eman dute. Eskualdeko hiriburua matxinoen kontrolpean dago, eta Ukrainako armada da hura hartu nahian ari dena. Zazpi herritar Kultur Etxearen kanpoaldean hil dituzte, giza laguntza jasotzeko esperoan zeuden bitartean. Trolebus batek jasan zuen erasoan, berriz, bertze bortz herritar hil zituzten. Azken hilabetean garraio publikoaren aurka egindako hirugarren bonbardaketa izan da Donetsk eskualdean: hilaren 13an hamabi bidaiari hil zituzten Volnovakha hiritik hurbil, armadak kontrolatutako eremu batean zeudenean, matxinoen kontrol postu batetik gertu; hilaren 22an, berriz, Donetsk hiriko trolebus bat bonbardatu eta zortzi herritar hil zituzten, matxinoek kontrolatutako eremu batean. Eraso horietan ere bi aldeek elkarri egotzi zizkioten bonbardaketak. Atzo, Kultur Etxeko ilararen eta trolebusaren aurkako erasoez gain, Donetsk hiriko Azotni auzoan egindako bonbardaketetan bertze bortz zibil hil zituzten. Donetskeko Herri Errepublikaren Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainako armadak Opitnoje izeneko eremu batetik bonbardatu du hiria, Donetskeko aireportutik iparraldera. «Opitnoje eremu neutral bat da. Ukrainako militarrak harat joan dira, tiro egin dute hirira eta haien posizioetara bueltatu dira». Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseilua giza laguntza jasotzeko esperoan ari zirenen aurkako erasoaz mintzatu da, baina matxinoei egotzi die: «Eraso terrorista baten biktima izan dira».

Nahasmena bilerekin

Eta gerra fronteko nahasmena ere diplomazia arloan ageri da. Vladislav Deinego Luhanskeko Herri Errepublikaren negoziatzaileak eta Puxilin Donetskeko Herri Errepublikarenak Minsketik alde eginen zutela jakinarazi zuten atzo, Ukrainako negoziatzailea ez zelako agertu haiekin biltzera. Era berean, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak jakinarazi zuen Deinego eta Puxilin ez zirela agertu ESLAko ordezkariekin zeukaten bilerara. «Atzo [herenegun] goizetik zain egon gara gaurko [atzoko] bilera prestatzeko», adierazi du ESLAk ohar batean.

Leonid Kutxma presidente ohia da Kieven negoziatzailea. «Gure bidaia biharko deituta dago», adierazi zuen atzo. Ukrainako Atzerri Ministerioko bozeramaileak ere erran du gaur elkartuko direla Minsken. «Alde guztiak agertuko gara, eta Minskeko Protokoloa eta memoranduma nola bete erabakiko dugu». Gauzak horrela, deus ez da segurua. Deinegok eta Puxilinek ez dute baztertu gaur Minskera itzultzea, baina Ukrainako Gobernuaren ordezkariek Andrei Zakhartxenko Donetskeko matxinoen buruzagiarekin eta Igor Plotnitski Luhanskekoenekin jarri nahi dute negoziazio mahaian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna