Espainiarentzat, erokeria bat da

Mariano Rajoyri «eldarnio autoritarioa» iruditzen zaio Kataluniako Gobernuaren Erreferendum Legea. Galdeketarako diru sailak konstituzioaren kontrakoak direla ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, atzo, Espainiako Merkataritza Ganberan eman zuen hitzaldian. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Kataluniako urriaren 1eko galdeketa zehazten duen lege proiektua plazaratu zuen herenegun Generalitateak, eta, espero bezala, Mariano Rajoyk ez dio testuari harrera oso beroa egin. Junts Pel Sik eta CUPek aurkeztutako Erreferendum Legea «eldarnio autoritarioa» iruditzen zaio Espainiako presidenteari. Antzeko iritzia daukate kargu bera eduki zuten beste hiruk. Felipe Gonzalezentzat, «zaborra» da testua, eta prozesua «zentzugabekeria»; Jose Maria Aznarren ustez, Kataluniako egungo agintarien politikek Katalunia bera «suntsituko» dute; eta, Jose Luis Rodriguez Zapateroren esanetan, Generalitateak emandako pausoak «inora ez doan bidaia bat» dira. Horiek adierazitakoei erreparatuta, ondoriozta daiteke Espainiarentzat erokeria bat dela galdeketa egitea.

Erreferendum Legearen berri eman eta biharamunean, gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du konstituzioaren kontrakoak direla Kataluniako Gobernuak aurtengo aurrekontuetan onartutako galdeketetarako diru sailak. Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak txio batean adierazi zuen, ordea, Auzitegi Konstituzionalak ezin izango duela «demokrazia baliogabetu». Vilaweb atari digitalaren arabera, Generalitateko iturriek erreferendumarekiko konpromisoa berretsi dute, dena dela.

Joan den apirilaren 4an Espainiako Gobernuak helegitea jarri zien aurrekontuei, eta Konstituzionalak errekurtsoaren zati bat onartu du; baita aho batez ontzat hartu ere, Pedro Gonzalez Trevijano epaileak idatzitako testua bere egin baitute Konstituzionaleko magistratuek, eta bertan behera utzi dute aurrekontuetako 40. xedapen gehigarria. Beraz, diru hori Kataluniaren etorkizuna erabakitzeko bideratzen bada, konstituzioaren kontrakoa izango dela ebatzi dute.

«Hauteskunde prozesuetarako eta herri kontsultetarako» apartatutako hiru sail dira Konstituzionalak baliogabetutakoak: bost milioi eurokoa bat, 800.000 eurokoa bigarrena, eta 407.450 eurokoa hirugarrena. Auzitegiak bere ebazpenean dio sail horiek, berez, ez dutela arazorik eragiten, aurrekontuetan ez baitu jartzen erreferendumerako erabiliko dituztenik. Baina hartarako apartatzeko aukera dagoela ikusita, hori konstituzioaren kontrakoa litzatekeela ohartarazi du. Herenegun bertan, Erreferendum Legea aurkeztu eta ordu batzuetara, katalanaren bueltako hiru arau baliogabetu zituen auzitegi berak.

Rajoyk ez zuen esan Generalitateak aurkeztutako lege proiektua konstituzioaren kontrakoa denik, baina iruditzen zaio Espainia bera «desafiatzen» duela. «Eta desafiatzen gaituzten horiek iraganera eraman nahi gaituzte». Espainiako Merkataritza Ganberak antolatutako jardunaldi batzuetan mintzatu zen, eta Generalitatearen jarrera kritikatu zuen: «Katalan asko ahaztu dituzte: zentzudunak, moderatuak eta demokratikoak direnak». Kataluniar horiei etorkizunean «konfiantza» izan dezatela esan die. Izan ere, Rajoyrentzat nazio «handi bat» da Espainia, «demokrazia bikain bat» duena. «Eldarnio autoritario eta frontistek inoiz ezin izango diete irabazi estatu demokratikoaren baretasunari eta orekari».

Haren aurretik Espainiako presidente izan ziren hiru bildu zituen beste ekitaldi batek Madrilen, eta Gonzalezek, Aznarrek eta Zapaterok bat egin zuten diagnostikoan: Espainiaren batasuna ez da hautsiko eta ez dute erreferendumik egingo. Gonzalezen aburuz (1982-1996), «[Nicolas] Madurok Venezuelan bezala», Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak eta Junquerasek Espainiako Konstituzioa «deuseztatu» nahi dute, «erabaki arraroen bidez». Aznar 1996 eta 2004 artean Espainiako presidentea izan zenarentzat, dinamika independentistak «barne haustura bat» eragiten ari dira Kataluniako gizartean. Eta Zapaterok (2004-2011) uste du instituzioak «erronka gainditzeko» gai izango direla. «Horretarako, bi zutarri sendotu behar dira: legezkotasuna, eta horretan ez dagoela autodeterminazio eskubidearentzako tokirik».

Colauren bidetik

Gerardo Pisarello Bartzelonako jarduneko alkateak, bestalde,—Adau Colau alkateak amatasun baimena hartu du—, pentsatzen du galdeketari buruzko informazioa «tantaka» heltzen ari dela, eta herenegungoa, proposamen zehatz bat beharrean, «aurkezpen bat» izan zela. «Itxura guztien arabera, Generalitatea ez da ari planteatzen Kataluniak behar duen erreferenduma. Proposamen zehatzak ikusi nahi ditugu».

Colauk ere, hain zuzen, antzeko iritzia plazaratu zuen, joan den igandean Kataluniako El Periodico egunkarian kaleratutako elkarrizketan: «Zaila dirudi hain denbora gutxian erreferendum on baterako baldintzak egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.