Banaketa sistema babestuz

EBko Justizia Auzitegiak baztertu egin ditu Bruselak hauspotutako iheslarientzako asilo kuoten aurka Hungariak eta Eslovakiak jarritako helegiteak. Bi estatuek berretsi dute ez dituztela kuotak beteko

Errefuxiatu talde bat oinez, 2015eko irailean, Zakanyn, Hungaria eta Serbiaren arteko mugan. GYORGY VARGA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Italiara eta Greziara iritsitako errefuxiatu uholdea arintzea argudiatuz, EB Europako Batasuneko kideek erabaki zuten, 2015eko irailean, batasuneko kideei asilo kuotak ezartzea, bi urteren buruan 160.000 immigrante hartu eta horiek birkokatzeko asmoarekin. Eslovakia eta Hungaria ez zeuden ados deliberatutakoarekin, eta helegitea jarri zioten erabakiari. Baina EBko Justizia Auzitegiak baztertu egin du, eta, bide batez, Bruselak hauspotutako iheslarien banaketa sistema babestu du, nahiz eta ez dituen bete hasieran jarritako helburuak. Izan ere, 2015eko irailaren 26a eta 2017ko irailaren 26a bitartean 160.000 etorkin birkokatzeko bultzatu zuten egitasmoa, baina, epea ia betetzear dagoela, 28.000 bat birkokatu ditu; %17, alegia. Dimitris Avramapulos EBko Immigrazio komisarioarentzat, baina, «aurrerapauso handiak» eman ditu EBk.

Eslovakiak, Hungariak, Errumaniak eta Txekiak Bruselak onartutako planaren kontra bozkatu zuten duela bi urte. Europako Batzordearen datuen arabera, Eslovakiari 1.500 bat errefuxiatu hartzea zegokion, baina dozena bat baino ez ditu hartu; Hungariari ia 1.300, baina eskema horren barruan ia bakar bat ere ez du birkokatu; Txekiak ia 3.000 hartu behar zituen, baina, hamabi birkokatu ondoren, programatik ateratzea erabaki zuen, joan den ekainaren hasieran; eta Poloniak, orduan kontra bozkatu ez zuen arren, zegozkion 7.000tatik bakar bati ere ez dio tokia egin.Kuota horiek kalkulatzerakoan, Bruselak kontuan hartu zituen herrialde bakoitzaren BPG barne produktu gordina, biztanleria, langabezia tasa eta gaiari dagokionez aurrez egindako ahaleginak.

Helegitea jartzerakoan, Eslovakiak eta Hungariak arrazoitu zutena izan zen, besteak beste, lege prozedura ez zela arrunta izan, aho batez ez baizik gehiengo kualifikatuz onartua izan zela, etaez zutela bat egiten kuoten proportzionaltasunarekin. Baina justizia auzitegiak bere ebazpenean dioena da ezin zitezkeela «neurri murriztaileagoak» hartu Grezia eta Italiako egoera arintze aldera, eta hitzarmen komunitarioek ahalbidetzen dutela «beharrezkobehin-behineko neurriak hartzea», modu eraginkor batean «emergentziazko egoera bati» aurre egiteko.

Belgikak, Greziak, Frantziak, Italiak, Luxenburgok eta Suediak Bruselaren erabakia defendatu dute; baita Alemaniak ere. Horregatik, hango Atzerri Ministeritzak zera adierazi zuen atzo, ohar bidez: «Europar Kontseiluak hitzartutako elkartasunak ez du soilik bat egiten gure printzipioekin, baizik eta baita Europako zuzenbidearenekin ere, bere osotasunean».

Hungariari, aldiz, «amorragarria eta arduragabea» iruditzen zaio auzitegiaren epaia. «Ez gaude prest migratzaile bakar bat bera ere hartzeko», jakinarazi zuen atzo Peter Szijjerto Atzerri ministroak. Eslovakiak, Robert Fico hango lehen ministroaren esanetan, «guztiz» errespetatzen du ebazpena. «Baina kuotekiko gure jarrera ez du aldatuko».

Asilo kuotak direla eta, Bruselak zigor prozedura ezarri zien Txekia, Polonia eta Hungariari, iragan ekainaren erdialdean. Beraz, aurrenekoak erabakiaren kontra egin du. «Ezin diegu utzi mehatxa gaitzaten. Gauzak zail jartzen badira, iheslariei sartzen uztea baino hobea da Europako funtsei muzin egitea», nabarmendu zuen Milos Zeman presidenteak atzo. Beata Szydlo Poloniako lehen ministroak, bestalde, adierazi zuen epaiak ez duela aldatuko Varsoviaren migrazio politika.

Bruselak atzo kaleratutako ebazpenak aitortzen du ez dela behar bezala aplikatu duela bi urte EBko kideek hartutako neurria. Halere, programak ez ditu eman esperotako emaitzak, auzitegiaren esanetan, «zenbait estatu kideren lankidetza faltarengatik».

Europako Batzordearen datuak, ordea, hor daude. Banaketa sisteman 24 herrialde kidek eta Islandiak, Liechtensteinek, Suitzak eta Norvegiak parte hartzen dute, baina batzordeak jakinarazi du oraingoz Maltak eta Finlandiak soilik egin dituztela etxeko lanak kuotei dagokienez; eta Finlandia, Lituania, Luxenburgo eta Suedia «egitear» daude. Avramopulosek, hortaz, haien «legezko eginbeharrak» betetzeko eskatu die herrialdeei, «eta horiek ez dira hilabete honetan bukatzen».

Testuinguru diferentea

Batzordearen iritziz, gainera, testuingurua diferentea da duela bi urtekoarekin alderatuta. Greziara heldutako iheslari uholdea arintzeko intentzioarekin Turkiaren eta Bruselaren akordioa sinatzeke zegoen. Izenpetu zuten iazko martxoan —3.000 milioi euro eman zizkion Bruselak Ankarari, trukean—, eta, orduz geroztik, %97 jaitsi da Greziara ailegatutako etorkin kopurua. Horren harira, bulartsu mintzatu zen EBko Immigrazio komisarioa: «Azkeneko bi urteotan aurreko 20etan lortu genezakeena baino gehiago lortu dugu».

Une honetan, 10.000-12.000 errefuxiatu daude Italian eta Grezian, EBk asilo eskaera egiteko onartutzat ematen dituenak. Paparra ateratzeko moduko kopurua da hori Bruselarentzat, duela bi urte martxan jarritako programa bete ez eta horren fokua herrialde bakan batzuetan jartzen duen arren.

Bien bitartean, nahiz eta Bruselak neurriak hartzen segitzen duen Mediterraneoko sarbideak blokeatzeko, errefuxiatuek Europara heltzeko ahaleginean jarraitzen dute. IOM Migrazioen Mundu Erakundeak abuztu bukaeran emandako datuen arabera, 120.137 iritsi dira aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.