Rohingya herriaren drama

Abuztu amaieratik 164.000 rohingyak egin dute ihes Myanmartik Bangladeshera. Nazio Batuen Erakundearen arabera, «munduan gehien jazarritako» etnia da

Rohingya herriaren drama.
Kristina Berasain Tristan.
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Nur Hakimek bizkarrean hartuta eraman du amona Unchiprangeraino. Achia Rahmanek 80 urte ditu, eta itsu dago. Bangladeshera joateko ilusioa izan zuen betidanik, baina egun hori iritsi denerako, bilobak dioenez, ilusioa erabat galduta dauka: «Iritsi iritsi da, baina jada ez du ezer ikusten, eta samina baino ez dauka». Myanmartik Bangladeshera ihes egin behar izan duten milaka eta milaka rohingyen artean daude Hakim eta Rahman. Abuztuaren amaieratik 164.000 lagunek zeharkatu dute muga, itsasotik, ibaitik edo lurretik, babes bila, azken urteetako exodorik handienean. Bangladeshera iristen direnak «sarraskia» gertatzen ari dela diote.

Myanmarko Rakhine eskualdetik ari dira ihes egiten. Abuztuaren 25ean gaiztotu zen egoera,talde armatu batek polizien eta militarren etxola bati eraso, eta 12 militar hil baitzituen. Armadaren erantzuna berehalakoa izan zen; 59 herrietan sartu, 7.000 etxe erre, eta 400 lagun hil zituzten. Myanmarko Giza Eskubideen Sareak erakunde independenteak jazarpena itzela dela salatu du; zibilen kontrako tiroketak daudela, herri osoak erre dituztela, eta giza eskubideen urraketak etengabeak direla.

HRW Human Rights Watchek zabaldutako sateliteko irudietan ikusten da nola herrixka osoak erre dituzten, 700 etxeko herrixkak, montzoiaren garaia bada ere.

Genozidioa

Nazio Batuen Erakundearen arabera, munduan gehien jazarritako etnia da rohingya. Behin baino gehiagotan hitz egin da urteotan genozidioaz eta progromoez, eta horren ondorio dira herrialdean dauden 140.000 desplazatuak,ghettoetan bizi direnak, eta inguruko herrialdeetan erbesteratu diren 1.230.000 errefuxiatuak.

Leonard Doyle OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeko bozeramaileak ohartarazi du egoera benetan dramatikoa dela, baliabideak agortuta daudela, eta, oso premiazkoa dela giza laguntza: «Arazoaren tamainaz irudi bat egin dezazuen, urritik 83.000 pertsona iritsi dira, eta azken hamahiru egunetan, berriz, beste 164.000».

Bangladeshko Kutupalong eta Nayapara errefuxiatu guneek gainezka egin dute, eskoletan eta bestelako azpiegitura publikoetan jasotzen ari dira rohingyak, baina asko eta asko bide bazterretan eta arroiletan daude. Jada 300.000 eta 500.000 rohingya artean daude Bangladeshen. Mugan minak ere ezarri dituztela salatu dute hainbat erakundek. Horrekin ere kezkatuta agertu da NBE. Ibai batek zehazten du muga, eta inguruetan militarrak zabaldu dituztela, eta indarkeria areagotzen ari dela ohartarazi du erakundeak; 11 lagun hil dituzte azken egunotan, eta beste asko bidean hiltzen dira, ibaian edo itsasoan itota.

Rakhine eskualdean 1,1 milioi rohingya bizi dira, populazioaren heren bat, eta musulmanak izanik baztertuta daude gehiengo budistaren aurrean. Jazarpena, baina, ez da oraingoa, eta ez da eskualde horretara mugatzen.

Myanmarko 55 milioi herritarretik %89 budistak dira, eta gehienak birmaniar etniakoak badira (%68), badaude bestelako herriak ere: shan (%9), karen (%7), rakhine (%4), txinatar (%3), indiar (%2), mon (%2), moken, kachin edo jingpo, chin... rohingya etniakoak, ordea, ez daude gobernuak aitortzen dituen 134 gutxiengoen barruan. Ghettoetan bizi dira, gune horietatik irteteko aukerarik gabe, nortasun agiria egiteko zailtasunak dituzte, urratuak dituzte eskubideak, baita erlijio eskubideak ere; meskitak debekatu egiten dizkiete eta islamaren egun sakratuetan ospakizunak egitea. Myanmarko 21 herritan duela bost urte hartutako erabakia da bazterketa horren erakusle: «musulmanik gabeko herri» izendatu dituzte, hartara, rohingyei sarrera ukatzeko.

Suu Kyiri kritikak

Rakhineek, bada, ez dute onartzen rohingya hitza bera ere, bengalarrak direla argudiatzen baitute. Gatazkaren mamian dagoen auzia da jatorriarena. Ekialdeko Indietako indiarrek, kolonia britainiarren garaian, enplegatu gisa herrialdera eraman zituztela diote, eta jaioterrira itzuli behar dutela, Bangladeshera. Bada, ordea, beste kontakizuna, tokiko bertako etnia dela diona, sustrai sakonak dituena, eta hori frogatzen duten dokumentuak badira.

Rakhinen estatu islamiar bat ezarri nahi duten integristatzat ere jotzen dituzte. Monje budistek, esaterako, islamaren beldurra zabaldu dute, rohingyak musulmanak direlako, eta, askoren ustez, hori da gatazkaren muina; izan ere, aspalditik dator bazterketa. 1962tik 2010era herrialdea gobernatu zuen junta militarrak guztiz jazarriak zituen, baina gobernu aldakerarekin ere euren egoerak ez du hobera egin. NLD Demokraziarako Liga Nazionala, oposizioan zegoenean gobernua kritikatu arren, agintera iritsitakoan ez du gutxiengo etnikoekiko jarrera aldatu; paradoxikoki, 2012an abiatu ziren rohingyen aurkako pogromoak, junta militarra amaitu eta alderdi politikoak legeztatu zituztenean.

Aung San Suu Kyi presidentearekiko nazioarteko kritikak areagotzea eragin du horrek. Bakearen Nobel sariduna izanik ulertezina baita askorentzat haren jokaera. Egun hauetako isiltasunaren ostean, aste honetan mintzatu da buruzagia, rohingyak «terroristak» direla esanez.

Gobernuak ARSA Arakango Askapen Armada Rohingyari leporatu dio abuztuko erasoa. International Crisis Group think thank-aren txosten baten arabera, indarra hartzen ari da taldea kideak atzerrian trebatzen dituztelako; Saudi Arabiarekiko lotura aipatzen dute, han hezi zelako ere taldeko buruzagia, Ata Ullah. Estatu Islamikoarekin loturaren bat izan dezaketen susmoa zabalduta dago, baina taldeko bozeramaileak ukatu egin du hori, eta zehaztu rohingyak aitortzeko dela euren borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.