Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua Prozesuaren aurkako kausa judizialak bateratzeko pausoa eman du Gorenak

Publizitatea

Mundua

Katalunia

Prozesuaren aurkako kausa judizialak bateratzeko pausoa eman du Gorenak

Kontseilarien eta elkarte independentistetako buruen kontrako prozeduren xehetasunak eskatu dizkio Llarena epaileak Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileari
Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea, joan den azaroaren 2an, Auzitegi Nazionalera iristen.
Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea, joan den azaroaren 2an, Auzitegi Nazionalera iristen. FERNANDO ALVARADO / EFE

2017-11-15 / Igor Susaeta

Bai Kataluniako Gobernuko kontseilariei, bai elkarte independentistetako buruei, baita Parlamentuko Mahaiko kideei ere delitu bera egozten die Espainiako Fiskaltza Nagusiak: sedizioa —matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra ere leporatzen die kontseilariei eta mahaikoei—. Lehen eta bigarren multzokoen aurkako kausa Auzitegi Nazionalak hartu du bere gain, eta den-denak baldintzarik gabe espetxeratu ditu. Hirugarrenekoek Auzitegi Gorenean deklaratu zuten joan den astean, eta, kautela neurri gisa ezarritako bermeak ordaindu ondoren, aske daude.

Baina iturri judizialak aipatuz lehengo astean hainbat komunikabidek kaleratutakoaren arabera, kontseilarien eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearen eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoaren kontrako kausen kontrola hartzeko asmoa du Gorenak. Eta eman du Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzi judizialak bateratzeko lehen pausoa. Pablo Llarena epaileak eskatu dio Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileari helarazteko bi kasu horietan erabilitako prozeduren xehetasunak. Bost egun dauzka horretarako. Tarte horretan, gainera, abokatuak eta fiskaltza deitu beharko ditu Lamelak, haiek ere Llarenari azal diezaioten zer iritzi duten balizko bateratzeari buruz.

Oriol Junquerasen eta Carme Forcadellen abokatua da Andreu Van den Eynde. Kataluniako presidenteordea kartzelan dagoen bitartean, Kataluniako Parlamentuko presidentea kalean dago, 150.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Lehengo ostiralean, Forcadell kartzelatik atera zenean, kausak bateratzeko eskatu zion abokatuak Gorenari, «irizpideen desberdintasun onartezin bat» saiheste aldera.

Lehen urratsa da atzo egindakoa, baina Llarenak Kataluniako Auzitegi Nagusiari eskatu zion, joan den ostegunean, bidal ziezaiola 2016ko urritik mahaiko kideak ikertzen dituen kausaren nondik norakoak. Horretan desobedientzia eta prebarikazioa leporatzen diete.

Espainiako zenbait hedabidek aipatutako iturri judizialek diotenez, matxinada delitua kolektiboa da, eta, hortaz, ezin dira bereizi ikertuen ekintzak. Baina oraingoz bereizita ari dira ikertzen. Eta ikusi ahal izan da badaudela aldeak Gorenaren eta Auzitegi Nazionalaren jokabideen artean kausa horiek tratatzerakoan. Esaterako, mahaiko kideak, kontseilarien moduan, azaroaren 2an ziren deklaratzekoak, baina defentsak prestatzeko atzerapena onartu zien Llarenak mahaikoen abokatuei; Lamelak ez, ordea, kontseilarienei. Bigarren aldea da batzuk espetxean daudela eta besteak kalean, nahiz eta bermeak ordaindu behar izan dituzten. Joan Josep Nuet izan zen bermerik gabe libre geratu zen seietako bakarra, eta hark adierazi du Llarenak ondokoa esan ziela galdeketan: «Lasai, hau ez da-eta Auzitegi Nazionala».

Zazpi kontseilarien eta Junquerasen defentsak bihar arteko epea du Auzitegi Nazionalean apelazio helegitea jartzeko horien askatasuna eskatuz —Cuixart eta Sanchezen abokatuena atzera bota zuen Lamelak—. Llarenak hartutako erabakiaren ondoren, dena den, ikusteko dago helegite horiek aurkeztuko dituzten ala ez.

Berme guztiak ordainduta

Anna Simo, Ramona Barrufet, Lluis Gino eta Lluis Corominas mahaiko kideak aske utzi zituen Llarenak, baina bakoitzari 25.000 euroko bermea jarrita. ANCk adierazi zuen kopuru horiek ordainduko zituela elkartearen erresistentzia kutxako dirua erabiliz, eta, Forcadellen kasuan bezala, hala egin du.

Horiei ere, urriaren 1eko erreferendumeko gastuen erantzukizun zibil moduan, 6,2 milioi euroko bermea ezarri nahi zien fiskaltzak. Llarenarentzat, ordea, ez dago ikerketapean daudenen erantzukizun ekonomikoari kopuru bat ezartzeko daturik. Lamelak neurri hori ezarri zien kontseilariei joan den azaroaren 2an, eta atzo baieztatu zuen, auto batean.

Publizitatea

Sortu kontua
Igor Susaeta Igor Susaeta

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak