Mayk harremanak eten ditu Moskurekin, eta Errusiako 23 diplomazialari kanporatu

Errusia jo du erruduntzat Sergei Skripal espioi ohiaren eta haren alaba Juliaren pozoitzearen kasuan. Lavrovek Londresen «konfrontazio» estrategia salatu du

Sergei Skripal eta haren alaba Julia pozoitu zituzten tokia, Salisburyn. Estalirik dagoen bankuan aurkitu zituzten, botata, martxoaren 4an. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
ander perez zala
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak Errusiako Gobernuari ohartarazi zion neurriak hartuko zituela, Moskuk azalpen «sinesgarririk» eman ezean Sergei Skripal Errusiako espioi ohiaren eta haren alabaren kasuari buruz, zeinak Salisburyn (Ingalaterra) pozoitu zituzten. Atzo gauerdian bukatu zen Mayk emandako 36 orduko epea, eta, eskaturiko azalpenik jaso ez duela argudiatuta, lehen ministroak atzo eguerdian iragarri zituen lehen neurriak, Komunen Ganberan: Errusiako 23 diplomazialari kanporatu, eta Londresek harremanak eten ditu Moskurekin. «Deklaratu gabeko inteligentzia agenteek» astebeteko epea dute herrialdetik joateko: «[Errusiak] Ez du azalpen sinesgarririk eman pozoiaren erabileraren inguruan. Ez dago beste ondorio posiblerik: Errusia dago Skripal eta haren alaba hiltzeko saiakeraren atzean», argudiatu zuen Erresuma Batuko lehen ministroak. Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak ere badaude Mayren mahai gainean, baina oraindik ez du argitu erabaki hori hartuko duen.

Skripal eta haren alaba Julia konorterik gabe aurkitu zituzten martxoaren 4an, Salisburyko merkataritza zentro baten aurrean, banku batean botata; ikerketaren eta Erresuma Batuko lehen ministroaren arabera, pozoitu egin zituzten, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan Sobietar Batasunean garaturiko agente nerbioso bat erabiliz. Skripalen alaba egun bat lehenago iritsi zen Londresera Moskutik, aita bisitatzeko.

30 urtean izandako kanporatzerik masiboena da Mayk iragarritakoa, eta uste du erabaki horrek «ahuldu» egingo duela Errusiaren datozen urteotako espioitza sarea. Erresuma Batuko lehen ministroa, ordea, ez da erabaki horretan geratu: aldebiko harremanak eteteaz gain, Mayk bertan behera utzi zuen atzo Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Londresera egitekoa zuen bidaia, eta gaineratu du kontrolak areagotuko dituztela bi herrialdeen arteko hegaldi pribatuetan, aduanetan eta kargetan. Horrez gain, gobernuko ministroek eta errege etxeak boikota egingo diote udan Errusianjokatuko den futboleko Munduko Kopari.

Erresuma Batua, Alemania, Frantzia, Europako Batasuna, Nazio Batuen Erakundea, NATO Ipar Atlantikoko ItunarenErakundea: luzea da Errusia erruduntzat jo duten estatu eta erakundeen zerrenda, eta atzo denek berretsi zuten herenegun Mayri eta herritarrei eman zieten babesa. Erresuma Batuarenaliatuek argi utzi zuten espioi ohia eta haren alaba pozoitzeak nazioarteko lege eta akordioak «urratzen» dituela, eta atzo bilera egitekoak ziren NBEren Segurtasun Kontseiluan, egoera aztertzeko eta Londresek emango zizkien azalpenen berri jasotzeko. Dena den, aliatuetako askok zuhurtziaz jardun nahi dute oraingoz, uste baitute oraindik ez dagoela Errusiaren aurkako froga sendorik.

Beste aldearen erantzuna berehala iritsi zen, bai Londrestik, bai Moskutik. Batetik, Aleksander Yakovenko Errusiaren Erresuma Batuko enbaxadoreak «probokaziotzat» jo zituen Mayk harturiko neurriak: «Bilera bat izan dut oraintxe Atzerri Ministerioarekin, eta adierazi diet pauso horiek onartezinak direla. Ez dugu ultimatumen diskurtsoa onartzen».

«Erantzungo dugu»

Bestalde, Moskuri dagokionez, Lavrovek argudiatu zuen ez dutela arrazoirik Skripal aita-alabak pozoitzeko. «Kasu honen inguruan, Errusiak erantzuna emango du soilik Londresek eskari ofizial bat egitean, hamar eguneko epean», gogorarazi zuen Lavrovek. Gaineratu zuen informazio eskaria —azalpen «sinesgarriak»— Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen bitartez egin behar duela, hala zehazten baitu legeak, ustez arma kimikoak tartean daudenez. Mayk iragarritako neurriei buruz, Errusiako Atzerri ministroak salatu egin zuen Londresen «konfrontazio» estrategia: «Erantzun egingo dugu».

Oraingoz, Mosku eskari bat egitera mugatu da. Skripalek britainiar herritartasuna du, alabak ez bezala, hark errusiarra baitu; hori jakinda, Errusiako enbaxadak baimena eskatuko du Skripal alaba ospitalean bisitatzeko.

Ez da lehen aldia Moskuren eta Londresen arteko harreman diplomatikoa gaiztotzen dela Erresuma Batuan izandako pozoitze kasu batengatik: 2006an, Aleksander Litvinenko KGB Sobietar Batasuneko zerbitzu sekretuetako espioi ohia polonioz pozoituta hil zen Londresko ospitale batean; 2014an abiatu zuten ikerketa, eta, epaile batek bi urteren ostean ebatzi zuenez, «ziur aski» Vladimir Putin Errusiako presidenteakonetsi zuen hilketa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.