Damasko, kontrolpean

Siriako Gobernuak Polizia hedatu du Estatu Islamikoaren menpe zeuden hiriburuko barrutietan. NBEk dio «zaila» dela Yarmukeko biztanleak itzultzea

Damasko, kontrolpean.
mikel rodriguez
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuak Polizia hedatu zuen atzo Damasko hegoaldeko Tadamon eta Hajar al-Aswad barrutietan, eta errefuxiatu palestinarren Yarmuk esparruan. Sei urteren ondoren, estatuak hiriburua guztiz kontrolpean du, EI Estatu Islamikoa hiru eremu horietatik bidali ondoren. Hiru hilabete iraun du Damasko segurtatzeko kanpainak, eta hiru erasoaldi nagusi izan ditu: Ghuta ekialdean lehenik —hiriburuaren ekialdean—, Qalamun ekialdean ondoren —hiriburuaren iparraldean—, eta hegoaldeko barrutietan azkenik. 2016an Alepo berreskuratu ondoren izan duen helburu nagusietako bat bete du Baxar al-Assad presidenteak. Talde armatu islamista sunitek bi eremu nagusi dituzte orain kontrolpean: bata, ipar-mendebaldean, Idlib probintzia ia osoa; bertzea, hego-mendebaldean, Jordaniako mugako probintzietan. Gobernuaren aldeko ildo editoriala duen Al-Masdar News egunkari digitalaren arabera, armada hasi da tropak hegoalderantz eramaten, «gerraren zazpi urteotan egon den erasoaldirik handiena egiteko».

Talde armatuen menpe zeuden Damasko inguruko auzoak guztiz suntsituta gelditu dira borroken ondoren. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Yarmukeko biztanleek zail izanen dute esparrura itzultzea. «Garai batean, Yarmuk 160.000 palestinarren etxe oparoa zen. Orain, hondatuta dago, eta zaila da gatazkak eragin ez dion etxe bakar bat eretopatzea», adierazi zion atzoAFP agentziari Chris Gunness UNRWA errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziako bozeramaileak. Gunnessen arabera, 100-200 zibil baino ez dira gelditzen Yarmuken, ia biztanle guztiek azken urteotan alde egin dutelako. «Osasun sistema publikoa, ura, argindarra eta bizitzeko behar diren oinarrizko zerbitzuak larriki hondatuta daude. Gupidarik gabeko gatazka honen hondakinak edonon daude. Giro horretan, zaila da imajinatzea jendea nola itzul daitekeen». Gunnessek erran du UNRWA 2015az geroztik ez dela sartu ahal izan Yarmuken, eta Siriako Gobernuari eskatu dio «berehala» uzteko giza laguntza helarazten.

Palestinarren etxea 1957tik

Anwar Abdel-Hadi Palestina Askatzeko Erakundeko ordezkariak adierazi du UNRWArekin elkarrizketak hasi dituztela. «Askapenaren ondoren eman beharreko lehen pausoa da hondakinak kentzea, eta kaltea aztertzea berreraikuntza hasi eta zibilak itzultzeko azpiegiturak sortzeko».

Yarmuk 1957an sortu zuten, Israel sortu ondoren (1948) ihes egin zuten palestinarrak hartzeko. PAHF-BN Palestina Askatzeko Herri Frontea-Buruzagitza Nagusia alderdiaren kontrolpean zegoen —PAHFen zatiketa bat—. 2012an, FSA Siriako Armada Askea Yarmuk hartzen saiatu zen, eta PAHF-BNk aurre egin zion. 2013ko udan, armadak setioa ezarri zion, eta, 2015ean, EIk eremu gehiena hartu zuen. Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak dioenez, azken erasoaldian 1.700 lagun hil dituzte, soldaduak, EIko kideak eta zibilak kontatuta.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.