Egonean itsas zabalean

MSFk dio hiru egun behar direla 'Aquarius' Valentziaraino eramateko eta ez dela segurua. Italiak porturatzea debekatu dio 629 errefuxiatu daramatzan ontziari

Egonean itsas zabalean.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Mok, Zeestian, Azizou, Shibar, Dyibou, Adam, Sewd, Rebecca, Miral, Hakim, Nasser, Ibrahim... Aquarius ontzian doazen lagunak dira eta, egonean daude, itsas zabalean. Lerro hauek idazteko garaian, oraindik ez zegoen argi non lehorreratuko zen 629 errefuxiatu daramatzan barkua, eta tartean 112 adingabe, 11 haurtxo, eta zazpi emakume haurdun daude. SOS Mediterranee eta MSF Mugarik Gabeko Medikuek erakundeek atzo iluntzean ohartarazi zuten ontzia mukuru betea zegoela, janaria eta ura eskasa zela, bidaiarietako batzuk etsita zeudela, eta hiru edo lau eguneko ibilaldia egitea ez zela segurua. Ontzia Valentzian lehorreratuko den, beraz, ez dago argi. Maltako Itsas Armadak, bien bitartean, 950 botila ur eta 800 janari pakete gerturatu zien atzo, artean ez baitago argi zenbat egun jarraituko duten iheslariak itsas zabalean egonean.

Cataniatik, Italiatik, abiatu zen ontzia, joan den ostiralean, errefuxiatuak erreskatatzera. Mediterraneoan, larunbat gauean bederatzi orduan bi erreskate egin ostean, ontzia noraezean zebilenigande gauean. Ordurako, 629 pertsona zeramatzan. Libiako kostaldean bi txalupatan erreskatatutako 229 lagunak, eta beste ontziek erreskatatu eta barkuan jasotako beste 400.

Latzak izan ziren bi gauak. Aurrenekoan, plastikozko txalupa bat ikusi eta gerturatzean, abortza apurtu eta 40 lagun uretara erori zirelako. Denak daude onik, baina, amesgaiztoa ez zen orduan amaitu. Libiatik 50 miliatara zegoen ontzia, eta itsasoratu zen portura abiatu zen, Cataniara. Kostaldetik 35 miliara zegoenean, baina, espero ez zen jakinarazpena iritsi zen. Matteo Salvini Barne ministroak jakinarazi zuen Italiako portuak itxi zituela, herrialdea «gizakien trafikoari» ezetz esaten hasi zela zehaztuz.

Maltari mezua

Maltari bidalitako mezua zen Salvinirena. Aquarius hartzea hari zegokiola helarazi zuten gobernuko iturriek, uharte horretatik 27 miliatara baitzegoen. Maltak, ordea, ukatu egin zuen erantzukizuna berea izatea. Libiako eremuan egin zelako erreskatea, eta Erromako erreskate koordinazio zentroak gidatu zuelako. «Malta ez da autoritate koordinatzailea, eta ez du eskumenik auzi honetan».

Elkarri mezuak trukatzen ari zirela, zabaldu zen itxaropenerako zirrikitu bat. Italiako hainbat alkatek jakinarazi zuten prest zeudela ontzia hartzeko. Italian dena ez da Lega Nord. Napoli, Livorno, Palermo eta Crotoneko udalek barkuari harrera egiteko eskaintza egin zuten, ministroari «bihozgabea» izatea leporatuz.

Portuen eskumena, baina, gobernuena da, eta tokiko agintarien eskaintza sinbolikoa izan zen. Azkenean, beste herrialde batetik etorri zen argia.

Ximo Puig Valentziako Generalitateko presidenteak eskaini zuen ontzia hirian porturatzea, «kai seguru» batean.Valentzia (Herrialde Katalanak), hala ere, ontzia dagoen lekutik 700 itsas miliara dago, eta, ondo bidean, ostiralean iritsiko litzateke ontzia hara, hiruzpalau eguneko itsas zeharkaldiaren ostean. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak oniritzia eman zion atzo arratsaldean proposamenari, «giza hondamendi bat saihesteko» eta «nazioarteko legedia betetzeko» neurria zela adieraziz.

Valentziarena, baina, ez zen eskaintza bakarra izan. Ada Colau Bartzelonako alkateak ere ontzia hirian porturatzeko aukera eman zuen, haren hitzetan ezin baita giza eskubideen urraketen aurrean «beste albo batera begiratu».

Urkulluren eskaintza

Euskal Herriak ere erantzun bat eman nahi izan zien ataka zailean zeuden iheslariei. Iñigo Urkullu lehendakaria ontzian doazen immigranteen %10ri harrera egiteko prest agertu zen «giza eskubideen eta duintasunaren» izenean: «Herrialde txikia gara, baliabide mugatuekin, baina gure ekarpena egiteko erabakitasuna daukagu». Mediterraneoan aurten 715 lagun hil direla gogoratu zuen Urkulluk. Nafarroako Gobernuak, berriz, «lankidetza» eskaini dio Madrili.

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, berriz, errefuxiatuak babesteko eta nazioarteko legedia errespetatzeko eskatu zien gobernuei. Giza Eskubideen Europako Itunaren 2. eta 3. artikuluek diote babesa eman behar zaiela premiazko laguntza medikua edo janaria, ura edo botikak behar dituztenei. Gobernuak, bada, itsasoan dauden iheslariak artatzeari uko egiten dietenean itun hori urratzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.